ATZEKOZ AURRERA. Alatzne Etxaburua. Segalaria

«Itsu-itsuan aritzen naiz segan»

Eguerdian ez bada, arratsaldean entrenatzen da Etxaburua, lanetik atera ostean, astean lau edo bost aldiz. Emakumezkoen arteko lehenengo apustu mistoa irabazi zuen duela bi aste.

Maialen Unanue Irureta.
Aduna
2015eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Eguraldi txarra eginda ere, berdin entrenatzen da Alatzne Etxaburua segalaria (Tolosa, Gipuzkoa, 1978). Azkartasunaren Gipuzkoako Txapelketa du asteburuan, Zizurkilen, eta Adunako belaze batean egin du hitzordua, entrenatu aurretik. Baserritar batek utzitako lurretan egiten ditu saioak; beharren arabera, lursail batean edo bestean.

Erabaki duzu zertan gastatu duela bi aste irabazitako saria?

[Barreak] Hori lortzerako gastatuta zegoen: egurrak, materialak...

Segan aritzen zara orain, baina hainbat kiroletan aritua zara: txirrindularitzan, sokatiran...

Haurra nintzela, igerian aritzen nintzen; gero, txirrindularitzan hasi nintzen. Herri kirolekin hasi, eta mundu horretan gelditu naiz.

Nola hasi zinen?

Zizurkilgo festetan segan aritzeko eskatu ziguten. Gustatu egin zitzaidan, eta aurrera egin nuen. Jende bera ibiltzen gara normalean, eta gauza desberdinak probatzen ditugu. Saltsan beti.

Kalekume batentzat, 1.496 kilo belar asko izan daiteke. Gustura gelditu zinen emaitzarekin?

Bai, oso. Pisuarena erlatiboa da, azkenean. Izan ere, batzuetan eremu bera pasatu, eta pisu gehiago edo gutxiago izan dezake belarrak. Batez ere, gauean euria edo ihintza egiten badu, sekulako aldea egoten da.

Nola egiten zaizu zuri errazago, bustita ala lehor dagoenean?

Berez, uste zabaldua da bustita dagoenean errazagoa dela, nahiz indar gehiago egin behar den.

Eta bizkarra?

Ondo! Horrekin ez daukat aitzakiarik. Aizkoran gehiago sufritzen du gerriak, esaterako.

Apusturako ikasi zenuen aizkoran.

Ahal izan dudana egin dut: bost hilabetean ikasi dut, urtarrilean hasita.

Konta al daiteke zeintzuk diren halako apustu bat irabazteko gakoak?

Nire ustez, garrantzitsuena inguruan duzun sostengua da. Hori ezinbestekoa da. Eta, horrez gain, gogor entrenatzea. Hortik kanpo, ez dago misterio handirik.

Emakumeen arteko lehenengo desafioa izan zen aurrekoa. Zama gehigarria izan zen?

Horixe esaten dute denek, nobedadea delako edo. Baina ni apustuan zentratuta nengoen, gogoa entrenamenduetan nuela. Askok esaten dute apustuek beste xarma bat dutela, eta, agian, hala izango da, baina apusturako izan edo txapelketetarako izan, berdin saiatzen naiz. Aizkoran ikasteaz gain, prestakuntzan ez dut aldaketa handirik egin.

Eta urduritasuna?

Oso gaizki eramaten ditut nerbioak. Airean izaten ditut. Saio baten aurretik, aste osoan egoten naiz urduri, eta, eguna iristean, etxetik ez ateratzeko gogoa izaten dut, desagertzekoa.

Astondoa lagun ona duzu; lehian ari zaretenean ere bai?

Ez, lehian ari garenean ez. Tarte hori bukatu artean... Niregatik diot, baina nik uste berak ere gauza bera pentsatzen duela.

Belarra mozten ari zarenean, zertan pentsatzen duzu?

Normalean, itsu-itsu aritzen naiz segan, belarra ez den ezer ikusi gabe... Laguntzaileari bakarrik entzuten diot.

Baserritar batek uzten dizkizu lurrak belarra mozteko. Belarrik gabe geratu zara inoiz?

Egia esan, ez! [Barreak] Baserritar batek, Juantxok, beti bilatzen digu zerbait. Egia esan, sekulako zortea dugu; ezagutzen dut horretarako aukerarik ez duenik.

Zuenaren pareko saio gehiago etorriko direla uste duzu?

Baietz esango nuke. Nafarroa aldean ere badira herri kiroletan oso ondo aritzen diren neskak, bai trontzan, bai aizkoran, bai txingan... Onak dira, benetan, Egia da, ordea, ez dela asko ikusten, eta jarraipena izatea zailtzen du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.