Itsua, pozoia, arratoi ehiztaria eta gizon kirtenak

Wes Andersonek pantailara eraman ditu Roald Dahlen lau kontakizun labur. Horietako bat, The Wonderful Story of Henry Sugar, Veneziako Zinemaldian estreinatu zuen, eta beste hirurak ere ikusgai daude Netflixen, joan den astetik

NETFLIX.
Mikel Yarza Artola.
Herria
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Ez da telesail bat, baina tankera horretan ikus liteke. Wes Anderson (The Grand Budapest Hotel, Moonrise Kingdom) zinemagile estatubatuar paregabeak The Wonderful Story of Henry Sugar film ertaina plazaratu zuen joan den astean, Netflixen. Biharamunean heldu zen The Swan, hurrengo egunean The Ratcatcher, eta hirugarrenean Poison. Lau egunetan, lau nobedade. Film ertain bat eta hiru labur, denak Roald Dahl nobelagile britainiar mitikoaren obran inspiratuta.

Dahlen unibertsoa omendu du Andersonek lau piezako bilduma honekin, baina ez da haren lan bat pantailara eraman duen lehen aldia. 2009an, haurtzarotik miretsitako Fantastic Mr. Fox egokitu zuen, stop motion animaziozko teknikaren bitartez. Dahlek utzitako arrastoa erraldoia da, eta horren erakusle Alfred Hitchcockek ere haren lau lan moldatu zituela. Dena den, Tim Burtonen 2005eko Charlie and the Chocolate Factory da guztien artean ezaguna.

Andersonek eta Dahlek badute ezaugarri komun bat. Fantasia, heroikotasuna eta abentura entretenigarriak dira bien sormenaren ardatza. Biek ala biek haurren edota maleziarik gabeko helduen ikuspuntutik jorratu izan dituzte sarri kontakizunak, eta umore beltzarekin konbinatu, ipuin maitagarriak ereargi-ilunez beteta baitaude beti.

The French Dispatch eta Asteroid City azken bi filmetan, Andersonek inoiz baino gehiago findu du bere estilo bisuala, eta, gaur-gaurkoz, pantailari begiratzen dion edonork identifika lezake. Plano orok koadro eder bat dirudi, eta aktore bakoitza zehaztasun osoz dago kokatuta irudian, konposizioa eta laukiratzea perfektuak izan daitezen. Aktoreak aipatuta, amaigabea da azken urteetan zinemagile estatubatuarrarekin lankidetzan aritu diren Hollywoodeko izarren zerrenda: Benedict Cumberbatch, Ralph Fiennes, Dev Patel, Ben Kingsley... Roald Dahli eskainitako lau lan berri hauetan parte hartu dutenak besterik ez dira.

Henry Sugar gizon aberats baten inguruko istorioa da, begiak erabili gabe ikus dezakeen guru baten urratsei jarraituz apustuetan iruzur egin ahal izateko gaitasun hori menderatu nahi duen gizonarena; The Swan-ek, berriz, bi gizon zapaltzaile eta kirten ditu ardatz, mutiko txiki eta argitsu baten atzetik jazarpen gupidagabean dabiltzanak; The Ratcatcher-en, berriemaile bat eta mekanikari bat arratoi ehiztari baten plan maltzurraren lekuko dira Ingalaterrako herrixka batean; eta Poison salbazio istorio bat da, suge pozoitsu bat sabelean barneratu zaion gizon ingeles bat salbatzeko bi lagunek Indian egindako ahaleginaren ingurukoa.

Andersonen estetika ikusgarriak eta Dahlen narratiba umoretsuak antzerkigintzaren lurraldean egin dute bat. Film sorta hau osatzen duten lau piezetan narratzaile orojakile bat dago, eta istorioa garatzeko agertokiak etengabe eraldatuz doaz, denbora errealean, antzezleen atzean dekoratuak modu nekaezinean lekualdatu eta ikuslea unibertso batetik bestera garraiatzen duen lantalde bat egongo balitz bezala.

Piezak modu indibidualean hartuta, batek pentsa lezake ez dutela aparteko zentzurik; baina lau filmak atalka, telesail moduan ikusiz gero, Andersonen eta Dahlen sinbiosi bereziaren lekuko izango dira jarraitzaileak.

'THE WONDERFUL STORYOF HENRY SUGAR'
Sortzailea: Wes Anderson.
Aktoreak: Benedict Cumberbatch, Ralph Fiennes, Dev Patel, Ben Kingsley, Rupert Friend.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 92 minutu.
Generoa: Drama. Komedia..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.