Juan Gorostidi. Idazlea eta dokumentalgilea

«Itxuraz ametitu arren, Laboaren 'Lekeitioak' ez dira benetan onartu oraindik»

'Itsas oholak bezala' dokumentala erakutsiko du Gorostidik gaur, iaz argitaratu zuen 'Lau kantari' liburuaren osagarri, eta dantzari italiar batek Laboaren 'Orreaga'-rekin eginiko bideoa estreinatuko du.

Edu Lartzanguren.
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Juan Gorostidik (Altza, Donostia, 1956) Beñat Axiari, Mikel Laboa, Imanol Lartzabal eta Ruper Ordorikaren inguruko Itsas oholak bezala dokumentala erakutsiko du, gaur, 19:30ean, Kaxilda liburu dendan (Donostia).

Iaz argitaratu zenuen Lau kantari liburuak ikus-entzunezko osagarria behar zuelako egin duzu dokumental hau?

Bai. Interesgarria iruditu zitzaidan, material asko zegoelako aspalditik grabatua, eta irudiok oso ondo uztartzen direlako testuarekin. Lau kantarion inguruko material dezente zegoen; irudi berri gutxi grabatu behar izan dut. ETBko fitxategietara jotzearekin aski izan da Laboa, Ordorika eta Imanolen inguruko materiala lortzeko. Ama lur film aitzindarian ere topatu ditut irudi batzuk, gaur ikusita oso esanguratsuak direnak. Adiskide batzuek argitaratu gabeko lanak ere erabili ditut. Oso testu gutxi sartu dut, eta irudiari eman diot lehentasuna.

Liburuak egitura berezia zuen, hiru zirkulutan banatuta. Dokumentalak ere halako egitura du?

Beste egitura bat du. Bere logika du. Badu antza, baina bestela antolatu dut. Gaika antolatu dut: aspaldiko kantuak, abeslariok maitasunaren gaia nola tratatzen duten... Liburuan lauren artean dagoen oreka gorde izan nahi dut dokumentalean ere. Laurak erruleta batean bezala doaz, orain honen kanta eta irudia, orain bestearena. Horrek erliebea ematen dio ikuskizunari, eta kontraste horrek ematen du zer pentsa eta zer ikusi.

Zailago izan duzu Axiariren inguruko materiala lortzea. Zergatik?

Diskografia bezala, oso sakabanatuta daukalako materiala. Gainera, ez du ezer egiten hori ordenatu eta errazago jartzeko. Neuk hartu behar izan ditut irudiak. Muga ere arazoa da. Orain dela gutxi, muga gero eta latzagoadela esan zidan Mixel Etxekoparek, eta han eta hemen asko dabil hura. Iparraldekoek bereziki sentitzen dute euren lana Hegoaldean itxuraz estimatzen dela baina gero praktikan oso zaila dela muga puskatzea. Horrez gain, egiten den musika motaren kontua dago: esperimentazioak berez duen zailtasuna dago, alde batetik, baina, bestalde, badago komertzialtasunik eza. Baztertu egiten ditugu esparru komertzialean mugitzen ez direnak. Hori sekulako zama da artean eta sorkuntzan.

Bitxia da egoera, kontuan hartuta lau kantarien artean Laboaren Lekeitio ildoarekin lotura argia soilik Axiarik duela .

Dudarik gabe. Baina Lekeitioak bazterrean geratu dira. Laboaren figura onartu eta ondratu egin da, baina horrek ez du esan nahi haren lan esperimentala kontuan hartzen denik. Zentzu formal batean onartzen da, baina ez benetan. Laboak arazo larriak izan zituen bere garaian, eta tematu zelako: bestela, bazterrean legoke. Lekeitioak hor daude oraindik, gure zain.

Euskal Herritik at lan hori onartzen dutela frogatzeko erakutsiko duzu Manuela Carretta Italiako dantzariaren Orreaga bideoa?

Bideoa ez da oraindik estreinatu Euskal Herrian jendaurrean. Carrettak erakutsi du Laboaren lanak baduela sakontasuna, eta sorkuntzarako iturria dela gurekin zerikusirik ez duten artistentzat. Guk hurbiletik ikusita ikusten ez duguna ikusten dute. Esanguratsua da hau gertatzea: urte luzeetan oraindik funtzionatuko du Laboaren lanak, inspirazio iturri gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.