Aretora sartu, eskaileren beheko aldean ilararen zenbakia bilatu, eta, azkenean, besaulki gorri bigunetako batean eseri. Ikusleen ahots ahulek gela betetzen dute emanaldia hasi aurretik, eta, krispetak ahoan dituzten bitartean, argia itzaltzen da. Zinema aretoa isilik geratzen da argi izpi batek pantaila koloreztatzen duenean, eta aktoreen ahotsek aretoa betetzen dute. Begien aurrean dituen irudi eta istorioek hipnotizaturik, ikuslea askotan ez da jabetzen pantaila argitzen duen izpi horren jatorriaz, baina aretoko azken besaulki ilararen atzean kristalezko leiho txiki bat dago, eta, horren atzean, proiektatzaileak daude, itzaletatik pelikulei bizia emateaz arduratzen diren langileak.
Proiektatzaile izena hartu aurretik, beste deitura bat zuten: linternistak. Hitzaren jatorria 1640an aurki daiteke; Athanasius Kircher zientzialari alemaniarrak linterna magikoa izeneko asmakizuna aurkeztu zuen, gaur egungo proiektorearen aitzindaria. Irudiak sortzeko linterna magikoaren barruan, oliozko lanpara bat zegoen, eta tximinia txiki batetik ateratzen zen kea. Langileak beirazko plaka jartzen zuen kutxaren irekigune baten aurrean; plakak irudi bat izaten zuen margotua, eta leiar konbergenteei esker lortzen zen handitutako irudia pantaila edo horma baten gainean proiektatzea. Hala ere, tresnak ez zuen gizartearen onarpena lortu, eta linterna beldurgarria goitizena jarri zioten.
Alde batetik bestera
Bazterketa horrek ez zituen geldiarazi linternistak, eta, XVII. mendetik aurrera, herriak eta hiriak zeharkatu zituzten, plazetan proiekzioak antolatuz. Aparatua bizkarrean zeramaten, eta, laguntzaile batekin batera, bizilagunen arreta erakartzen saiatzen ziren danbor batekin.
Enrique de las Heras proiektatzaileak nahiago du danborra etxean utzi, baina, linternista horien espirituari eutsiz, herriz herri ibiltzen da filmak bizkarrean eramanez. Orain, Nafarroako Filmotekan ari da lanean, baina, esan duenez, 1989an beste proiektatzaileekin batera sortu zuen Movilcine enpresari esker, denetarik egiten du: proiekzio ekipamendua instalatu; zinema jaialdietan, kalean eta kultur etxeetan pelikulak proiektatu...Ohituta dago langile nomada izatera, eta bere proiektorea ekitaldi guztietara eramaten du.
Proiektatzaileak esan duenez, txikitatik datorkio zinemarekiko lilura: «Eskolan filmak jartzen zizkiguten, proiektorearekin eta bobinekin, eta, guztiek filmari begiratzen zioten bitartean, ni tresnari begira nengoen. Hortik irudi bat sortzen dela? Niretzat, magia zen». Cinema Paradiso (1988) filmeko Toto txikia bezala, zinema aretoaren kristal horren beste aldean zer gertatzen zen jakin nahi zuen De las Herasek, eta gela horretan lan egiten zuten magoengandik ikasi.
Jakin-min berarekin hasi zen Lizarran (Nafarroa) jaiotako Mari Paz Miguel proiektatzailea, baina, herriko zinema aretoa itxi zutenean, proiekzio gelan lan egiteko ametsa urruti ikusi zuen. Hala ere, Lizarrako beste gazte batzuekin batera, Cinefilos Anonimos (Zinemazale anonimoak) taldea sortu zuen, astero zinema emanaldi bat antolatzeko asmoz.
Zinemazale gazte horiek salbatzera joan zen De las Heras; bere proiektorearekin batera, noski. Bertan ikusi zuen Miguelek 35 milimetroko proiektore bat lehendabiziko aldiz, eta, Movilcineko beste langileekin batera, pantaila, bozgorailuak eta proiektorea muntatu zituen. Ordutik bere egunerokoa bihurtu da: «Gure lana da pelikulak jartzea zinema aretorik ez dagoen lekuetan: zinema kalera ateratzea eta zabaltzea».
Bi langileek nahiago dute zinema modu analogikoan zabaldu, 35 milimetroko formatuko pelikulak erakutsi, alegia. Hori da zineman eta argazkigintzan gehien erabili izan den formatua. William Dicksonek eta Thomas Edisonek asmatu zuten, 1892an, eta, nahiz eta mende bat baino gehiago igaro den sorreratik, formatua gutxi aldatu da. Pelikula 35 milimetroko zabalera duten zerrendatan mozten da, eta fotograma bakoitzak lau zulo izan behar ditu, filma 24 segundoko fotogramatan erreproduzitu dadin.
Baina nomada izatea eta 35 milimetroko formatuarekin lan egitea ez da erraza, bobina bakoitzak 35 kilo inguru pisatzen baitu, eta horietako zazpi behar baitira pelikula bat erakusteko. Lehenik eta behin, proiektatzailea banaketa enpresarekin harremanetan jartzen da, eta, orduan, enpresak zazpi edo zortzi film bobina bidaliko ditu, filmaren iraupenaren arabera.
Langileak irudia zentratu behar du, pelikulan jauzirik egon ez dadin, eta film zatiak ordenatu. Baina, filmaren kopiak ez egiteko, banaketa enpresek trikimailu bat dutela azaldu du De las Herasek: «Film bobina guztiak bidaltzen dituzte, bat izan ezik; lehendabizikoa edo azkenekoa, gehienetan». Beraz, proiektatzailea bere gela ilunean esperoan dago, beste zatiak muntatu eta gero, ikuskizuna hasi baino minutu batzuk lehenago iritsiko den mezulariaren zain.
Mezulariari itxaroteaz gain, beste arazo batzuk sor daitezke proiekzio gela batean. Nagore Portugal Donostiako Tabakalerako proiektatzailea ohituta dago formatu analogikoa erabiltzera, eta esan du arazo larriak gutxitan egoten direla: «Pelikula gaizki ordenatzea, edo enpresa banatzaileak beste pelikula baten zatia bidaltzea: horiek dira ohikoenak. Baina probak egiterakoan konturatzen zara». Nahiz eta 35 milimetroko filma izan gehien erabili den formatua, azken urteetan metodo berri bat agertu da, zinema areto komertzialetan nagusitzen dena: digitala.
Formatu digitalean, bobinak eta mezulariak desagertu, eta disko gogorrak eta Internet agertzen dira. «Egia da zinema komertzialetan ez dutela 35 milimetroko pelikularik proiektatzen, edo oso gutxitan egiten dutela. Baina ez dut uste formatu analogikoa galduko denik; filmoteketan eta leku alternatiboetan erabiltzen da oraindik».
Digitalizazioa dela eta, lanbidearen inguruan «okerreko ideia» zabaldu da, Miguelek adierazi duenez; pelikula bat proiektatzeko botoi bat sakatu besterik ez dela egin behar: «Formatu digitalean ere, filma prestatu behar da: ez da bakarrik botoi bati ematea eta listo. Noski, hori edonork egin dezake, baina proiektatzaileek aurretik irudia eta soinua kontrolatu behar dituzte, fotogramak zentratu, eta pelikularen tonua moldatu». Begiak ezin dira pantailatik aldendu, beraz.
Gutxitan joaten da De las Heras zinema areto komertzialetara, baina, butaka horietan esertzerakoan, pazientziaz jokatu behar du Jean-Pierre Leauden pertsonaiak Masculin Féminin (1966) pelikulan egiten duena ez egiteko; altxatu eta proiekzio gelara joan, filma proiektatu duen langilearekin hitz egitera: «Filma Cinemaskopekoa bada, beste formatu batean erakusten dute, eta, batzuetan, irudia moketaraino ateratzen da».
Zinema zuzendariek eta aktoreek txalo guztiak jasotzen dituzten bitartean, proiektatzailearen lanbidea errekonozimendurik gabekoa da, Miguelen hitzetan: itzaletatik egiten da. Gizartearen«ezjakintasuna» dago horren atzean, Miguelen arabera, publikoa ez baita jabetzen pantaila argitzen duen izpi horren atzean langileak daudela. Are gehiago: ikusleek proiektatzailearen presentzia sumatzen dute baldin eta filmaren proiekzioan akatsen bat baldin badago. «Ondo ateratzen den zerbait ez da txalotzen», esan du Portugalek.
Beraz, proiektatzailea laudorioetatik urrun esertzen da, soilik bere ekipamenduaz inguratuta. Edo hori da, Portugalen arabera, ikus-entzunezko lanetan ofizioari buruz transmititu den itxura: gela ilun batean ezkutatzen den gizon misteriotsua, bobinaz inguratuta: «Galdetzen didatenean ea zenbat emakume ezagutzen ditudan nire lanbidean, oso gutxi okurritzen zaizkit. Oso maskulinizatuta dago ofizioa, baina poliki-poliki apur daiteke hori». Portugalek isiltasunean murgiltzen den estereotipo horren aurka egiten du ahal duenean, eta, filma amaitu bezain pronto, bere gelako ateak ireki, eta publikoaren iritziak eskatzen eta eskertzen ditu.
Hala ere, Portugalek onartzen du nolabaiteko magia sortzen dela lau horma horien barruan, eta filmak irauten duen bi ordu horietan «maitagarri» bat balitz bezala sentitzen dela, batez ere 35 milimetroko filmak erabiltzerakoan. Formatu analogikoaren nostalgian murgilduta, Portugalek esan du txalorik eta errekonozimendurik gabe bizi daitekeela, bi orduz publikoa beste errealitate batera eramateko gai baita: «Jendea esertzen denean eta zerbait ikusi behar duenean, zuk bide ematen diozu horri; pertsonak pelikuletan murgiltzea nire esku dagoela ikusten dut, eta zuk bizi behar duzun momentu hori nire esku egotea izugarria iruditzen zait».
Proiektatzailearen esentzia
Nafarroako Filmotekaren proiekzio gela egurrezko ate baten atzean ezkutatuta dago. Hor ari dira lanean De las Heras eta Miguel, oraingoz behintzat, beste nonbaitetik deitu eta proiektorea beste nonbaitera eraman behar duten arte. Bitartean, proiektoreen zarata da ganbara txikian entzuten den gauza bakarra, eta leiho bakarretik ateratzen da zinemari bizia ematen dion argi izpia. «Kanpora begira daukagun leiho bakarra filmak dira; pelikulak baino ez ditugu ikusten gure gela ilunetik», adierazi du Miguelek.
Proiekzio gela zinema klasikoko hainbat afixaz apainduta dago, baina horien artean Cinema Paradiso (1988) filmaren kartela gailentzen da. Haren aurrean eseri da Enrique de las Heras, eta azaldu du pelikula hori ezinbestekoa dela zinemaren magia ulertzeko. Horregatik, esan du hurrengo belaunaldietako proiektatzaileek pelikula horren esentzia berenganatu behar dutela: «Zinema maitatzea ezinbestekoa da; horrela, irudia ondo egoteaz eta soinua zuzena izateaz arduratuko zara. Zinema gustatzen bazaizu, zure lanean islatuko da».
Itzalean murgildutako magoak
Zinema aretoen atzeko aldean lan egiten dute proiektatzaileek, eta gela ilun batetik pelikulak publikoarengana hurbiltzen dituzte. Ikusleen txaloetatik eta errekonozimendutik urrun, maitasunez egiten dute beren lana. Azken urteetan digitalizazio prozesuak ofizioa aldatu badu ere, molde analogikoa ez da desagertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu