Euskal Herriko Itzuliaren ETB1eko emankizunek oso ikusle datu onak bereganatu dituzte aurten; izan ere, 2013tik hona ez dituzte hain marka onak lortu. Joan den astean, Itzuliak %8,8ko batez besteko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —euskaldunen artean, %12,5ekoa—. ETB1 katearen batez besteko kuota %2koa izan zen martxoan.
Etapen artean, bereziki nabarmentzekoa izan zen azkeneko etapak, larunbatekoak, utzitako datua: %12,7ko ikus-entzule kuota —euskaldunen artean, %20,2koa—. Ondarroatik (Bizkaia) abiatu eta Eibarren (Gipuzkoa) amaitu zen etapa 308.000 herritarrek ikusi zuten uneren batean Euskal Telebistan.
Iazko datuekin alderatuz, aurten 3,6 puntu handitu da txirrindularitza probaren kuota.
'Historias a bocados', lider
ETB2ko Historias a bocados programak, bestalde, datu apartak lortu zituen igandean: Joseba Argiñanok Dimako Oba auzoan (Bizkaia) grabatutako saioak %13ko ikusle kuota lortu zuen, eta liderra izan zen bere ordutegian. 231.000 herritarrek ikusi zuten uneren batean programa. Orain arteko daturik onenak Bermeoko Artika auzoko (Bizkaia) atalarenak izan dira: %14,5eko kuota.
Itzuliak azken zortzi urteetako ikusle daturik onenak lortu ditu aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak