2024ko uztailaren 18a garrantzitsua izan zen Gasteizko kultur mapan. Egun horretan ireki zituen ateak IAK Izaskun Arrue kulturguneak, urte eta erdiko lanen ostean berritutako Ruiz de Bergara jauregian. Atzerapenak atzerapen, zentroak arnasa berria ekarri zuen: euskaratik eta euskaraz sortutako kultur proiektu integrala izateko asmoa iragarri zuten hasiera-hasieratik. Gidaritza Lazarraga kultur elkarteak hartu zuen, eta ordutik hona etengabeko mugimendua izan du guneak.
Uxue Ruiz de Arkaute eta Raul Urkiza dira programazioaren arduradunak. Biek ala biek, ilusioz eta exijentziaz, urtebete honetan izandako ibilbidearen lehen balantzea egin dute. «Urte ona izan da; datuek hala erakusten dute, baina kopuruetatik harago dago garrantzitsuena. Proiektuaren funtsa komunitatearekin konektatzea da, eta bide horretan urrats sendoak egin ditugu», azaldu dute.
Lehen urteak utzi duen argazkia esanguratsua da: «5.000 lagunetik gora igaro dira kulturgunetik, eta 140 jarduera antolatu dituzte guztira», eman du datua Ruiz de Arkautek. Kontzertuak izan dira arrakastatsuenak, baina ez dira bakarrak izan. Tailerrak, erakusketak, antzezlanak eta hitzaldiak ere programazioaren ardatz izan dira.
Euskal Herriko izarrak izan dira oholtzan: Urkizak gogoratu du Janus Lesterren kontzertuan berrehun lagun bildu zirela. Baina Kantalab abesbatza tailerrak ere 30 parte hartzaile izan zituen hainbat larunbatetan. «Ez dira soilik datuak, baizik eta komunitatea erakartzeko eta fidelizatzeko moduak», gaineratu du. Halaber, Gernikak. Begiradak erakusketak eta haren inguruko jarduerek jende ugari erakarri zuten; hala, agerian geratu zen kultur proposamenak baduela gaitasuna publiko desberdinak uztartzeko.
Hainbat gune eta gela ditu kulturguneak: areto nagusia, eszenatoki zabala, ostalaritza zerbitzua eta lanerako guneak. Horrek modua eman du agenda plurala garatzeko eta publiko mota oso desberdinak erakartzeko. «Ez da soilik kontzertuetarako gunea; ezta kafe antzoki bat ere. Euskarazko kulturaren plaza bizia da», esan du Ruiz de Arkautek.
Bi norabide uztartu nahi dituzte horretarako: alde batetik, publiko zabal eta heterogeneoa erakarriko duten proposamen erakargarriak —kontzertu ezagunak, gau giroko ekitaldiak...—; bestetik, euskaratik eta euskaraz sortutako esperimentazio eta sorkuntza eremu berriak. Kideen hitzetan, bi plano horiek uztartzea da etorkizuneko gakoa.
«Ez da soilik kontzertuetarako gunea; ezta kafe antzoki bat ere. Euskarazko kulturaren plaza bizia da»
UXUE RUIZ DE ARKAUTEProgramazioaren arduraduna
Gau giroa, jai kutsua eta aisialdirako eskaintza garrantzitsuak dira haientzat, eta publiko zabal bat erakartzeko ezinbestekoak ere bai. Hala ere, horretan dihardutela onartu dute kudeatzaileek, oreka bilatzen ari dira eta. «Jai giroa sustatzen duten ekintzak gustatuko litzaiguke gehiago lantzea; gau eta jai giroari lotutako programazioak ere badu bere garrantzia. Baina oraindik hori bideratzen ari gara», azaldu du Urkizak.
Baina kudeatzaileek nabarmendu dute kulturgunearen potentziala ez dela aisialdiaren arlokoa soilik. «Espazio honek baditu beste gauza batzuk ere. Talde ezagun eta komertzialak beharrezkoak dira, horiek ere beharrezko erreferenteak baitira. Baina guk uste dugu espazio honek gehiagorako ematen duela, eta hori landu nahi dugu», gaineratu du Ruiz de Arkautek.
Ikaskuntza prozesuan daude. «Hitzaldi arruntek ez dute beti funtzionatu, adibidez», baina bestelako jarduerekin uztartuta arrakasta handiagoa izan dute. «Ikusi dugu erakusketa baten osagarri edo proiekzio baten aurretik hitzaldia eskaintzeak interes handiagoa pizten duela», azaldu du Ruiz de Arkautek. Formatu berriekin esperimentatzeko prest daudela gaineratu dute.
Erreleboa eta segi
Oihaneder Euskararen Etxeak utzitako hutsunea betetzea eta haren ildoari jarraipena ematea da IAKren misioetako bat. Euskararen eta kulturaren arteko uztarketa bultzatzea funtsezkoa da, eta, horretarako, sare sendo bat osatzen ari dira. Bertan sortutako harremanak berreskuratu eta indartu dituzte, eta beste hainbat ekinaldirekin ari dira elkarlanean: Aitzina Folk, Komedialdia, Magialdia, Poetak Maiatzean eta Zurrunbilo jaialdiak izan dira bertan. Aurki, gainera, Bernaola jaialdia eta Afrikaldia ere kulturgunearen agendan izango dira. Urkizak aurreratu duenez, etorkizuneko laguntzaile berrien artean Gaztefilm jaialdia, Afrikaldia bera eta Beñat Etxepare kultur etxea daude.
Datozen hilabeteak ere erakargarriak izango dira. Programazioan izen handiak daude: Anari, Mursego, Ekiza, Xabi Solano eta Izaki Gardenak izango dira musika eskaintzaren protagonistak, eta aurreratu dute Kokein taldearen kontzertua izango dela egitarauko «ekitaldi nagusia». Ikastaroen artean, poesia idazteko lantegia eta euskaldunentzako jabetze eskola dira nabarmentzekoak. Erakusketen atalean, Markos Gimenoren Karteletrak egongo da ikusgai, eta Joseba Sarrionandiaren bisita gidatua izango da ekitaldi berezienetako bat. Antzerkian, berriz, Ane Gebararen La Descarada eta Karkarkar Probalekua zikloa programatuko dituzte. Familientzako eskaintza berezia ere prestatu dute, bai udazkenean, bai neguko oporretan, belaunaldi berriei euskarazko kultur esperientziak eskaintzeko helburuz.
Horrekin, erronka nagusietako bat da kulturgunea hirian erreferente bilakatzea. Ez soilik euskaldunentzat; euskaraz ez dakitenak ere erakarri nahi dituzte. «Euskaraz bizi, partekatu eta sortzeko plaza izan nahi dugu. Gure helburua ez da soilik publiko euskalduna, baizik eta hiri osoa konektatzea», esan du Urkizak.
IAK-k hasieratik argi izan du bere nortasunaren oinarria komunitatearekin lotura estua izatea dela. Ez du izan nahi ekitaldi puntualak eskaintzen dituen agertoki bat soilik: hiriaren kultur egunerokotasunean errotutako topagune iraunkor bilakatu nahi du.

Urkizaren esanetan, lanerako guneak eta ostalaritza zerbitzua jende askorentzat eguneroko topaleku bihurtu dira dagoeneko. «Espazio hau egunero bizirik egon dadin nahi dugu. Ekintza kultural batzuk ere errutinaren parte bihurtu nahi ditugu».
Proiektuak, gainera, ez dio kultur kontsumo hutsaren logikari jarraitu nahi; kontrara, sorkuntzarako plataforma ere izan nahi du. Horren adibide dira martxan jarri dituzten egitasmo berritzaileak, hala nola Bagare ikerketa beka eta bideoklip lehiaketa. Lehenak euskarazko kulturari eta literaturari buruzko ikerketa bultzatzea du helburu; eta bigarrenak, gazte sortzaileei euren lehen pausoak emateko aukera ematea. Bi kasuetan, sormenari bide emateko konpromisoa nabarmentzen da, eta belaunaldi berriei protagonismoa emateko apustua.
Egitasmo horiek erakusten dute IAKren egitasmoa ez dela soilik ekitaldiak antolatzea, baizik eta sortzaile berrien haztegi bilakatzea. Gazte askorentzat lehenengo plaza izan daiteke, eta komunitatearentzat, berriz, euskaraz sortzeko eta partekatzeko eremu segurua. Gainera, kulturgunea tokiko eragileekin elkarlanean esperimentatzeko aukerak ere zabaltzen ari da, ideia berriak probatzeko eta «euskarazko kulturaren eskaintza aniztasuna handitzeko», zehaztu du Ruiz de Arkautek. Horrek sendotu egiten du errotzea, eta, aldi berean, etorkizuneko jarraipena bermatzen du.
Jarraitzeko asmoa
Kulturgunea ez da soilik jauregi zahar baten zaharberritze proiektua, ezta kontzertuak eta antzerkiak hartzen dituen areto soil bat ere. Kudeatzaileen hitzetan, «euskarazko kulturaren plaza bizia» da, eta hala izaten jarraitzeko lanean segituko dute etengabe.
Lehen urtean «asko ikasi eta egin» dutela adierazi dute, baina bidea «luzea eta erronka handiz betea» dela ere bai. «Lehen urtean, hemen egoten ikasi dugu; hemendik aurrera kalitatea irabaztea eta hiri mailako saretzean sakontzea da gure helburua», azaldu du Ruiz de Arkautek. Eta gaineratu du: «Kanpora begiratu bai, baina gure erreferentzialtasuna hemen irabazi behar dugu, Gasteizen bertan».
«Espazio hau egunero bizirik egon dadin nahi dugu. Ekintza kultural batzuk ere errutinaren parte bihurtu nahi ditugu»
RAUL URKIZA Programazioaren arduraduna
Orain arteko ibilbidea esanguratsua eta bizia izan da, eta etorkizuna aukera berriz beterik dago. Oinarriak sendoak dira: komunitatearekiko konexioa, euskararekiko konpromisoa eta berrikuntzaren aldeko apustua. «Gustatuko litzaiguke kalitatezko kartel batekin jarraitzea, betiere aurrekontuek uzten badigute. Eta, batez ere, Gasteizen garena sendotu eta egonkortzea. Programazioan baditugu oso sendoak diren hanka batzuk, eta horiek zaintzen eta indartzen jarraitu behar dugu».
Kulturguneak lehen urteko ilusioari eutsi eta fase berri batean sartu nahi du. Bide horretan, kultur ekosistema osoarekin konektatuz, Gasteizen euskarazko kulturaren bihotz bilakatzeko helburua du.