Hiru gepardo gazela bat harrapatzen, burdina oxidatze prozesuan eta dortoka bat sare artean kateatuta. Natura mugimenduan dago, eta bata ikustera joanez gero, bestea begien atzetik pasa daiteke. Donostiako Kutxa Boulevard aretoan zabaldu duten erakusketari esker, bost kontinenteetan gertatutakoak ikus daitezke, lau paretaren artetik atera gabe. Pause botoia sakatuz, momentu bitxiak izoztu dituzte mundu osoko argazkilariek, eta, orain, edonork ikusteko moduan daude. Otsailaren 13ra bitarte bisitatu ahalko da Naturaren Argazkilariak 2011 erakusketa, eta, nahi izanez gero, doako bisita gidatuak eskaintzen dituzte.
31.152 argazkiren artetik hautatu dituzte erakusketako 97 irudiak. Wildlife Photographer of the Year nazioarteko lehiaketan parte hartu dute argazkiok, eta Donostiara ekarri dituztenak txapelketako finalistak, irabazleak, aipamen bereziak eta ohorezko aipamenak dira. Aretoaren erdiko solairuan arlo ezberdinen arabera sailkatuta daude; atetik sartu eta parez pare, lehiaketako bi irabazle nagusien lanak ikus daitezke. Bata Hungariako Bence Materena da, lehiaketa nagusiko irabazlearena; bestea, berriz, 15 eta 17 urte arteko irabazlearena, Ingalaterrako Fergus Gill argazkilariaren Une izoztua. Inurriek lehiaketaren lehen postua eman diote Materi; Itzalen antzerkia izenburupean, argazkiaren sinpletasuna eta inurrien portaeraren konplexutasuna uztartzea lortu du. Costa Ricako oihan tropikalean girotutako argazkia da, inurri hosto-ebakitzaileak lanean erakusten dituena. Argazkilari onenaren saria lortzeaz gain, gazteen argazkilaritza lana saritzen duen Eric Hosking saria ere Materentzat izan da.
Argazkiak sailka antolatuta dauden arren, nahastuta daude mundu osoko gertakariak. Brasilgo zentral termikoak Finlandiako pinguinoetatik gertu; Kroaziako ur-jauziak Australiako olatuak bustitzeko zorian. Paretetan zintzilikatutako argazki eta azalpenez gain, lehiaketako argazkiak telebistan ikusteko aukera dago erdiko solairuan bertan.
Bigarren solairuak bigarren mailako sari batzuk erakusten ditu. Langur ñatu urre kolorea eta Kurriloa lanak ikus daitezke, Haijun Pei eta Martin Gregus Jr. argazkilariek ateratako irudiak, hain zuzen. 10 urtez azpiko irabazlea eta 11-14 urte bitarteko txapelduna izan dira, hurrenez hurren. Sari nagusiez eta adinka zein sailka banatutako sariez gain, lehiaketak atal bereziak eskaini dizkie argazki batzuei: Lur planeta saria, espezie mehatxuenen arteko onena, landareen gorazarrearen saria eta naturaren berriemailearena.
Erakusketa ibiltaria
Wildlife Photographer of the Year lehiaketa 37. aldira heldu da aurten. Londresko British Museumek eta BBC Wildlife magazineak antolatzen dute, eta 80 herrialdetako argazkilariek parte hartu dute aurten. 1964an jarri zuten martxan txapelketa; urte hartan, 600 argazki lehiatu ziren lehenengo postura heltzeko bidean. Donostiatik igaro ondoren, Gasteiz eta Bilbora eramango dute erakusketa, baita Europako beste zenbait hiritara ere.
Ezarian. Argazkilaritza
Izoztuta dago natura
'Naturaren Argazkilariak 2011' erakusketa zabalik dago Donostiako Kutxa Boulevard aretoan. Naturak utzitako ehun bat irudi ikusteko aukera egongo da otsailaren 13ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu