Naiara Egozkue

«Izugarria da lortu duguna»

Itxako eskubaloi taldearekin gozamenaren eta garaipenaren olatuan dabil Naiara Egozkue azken urteotan. Saiatua eta langilea. Etxetik datorkio zaletasuna eta babesa.

Amaia Agirre Arrastoa.
2011ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Lorpen izugarria da txapeldunen ligako finalera iristea. Lehen aldiz jokatuko du Lizarrako taldeak Europako txapelketa nagusiko finala, eta hara begira jarriak ditu Naiara Egozkuek bere begi, ilusio eta indar guztiak.

Zein ziren txikitan zure zaletasunak eskolaz kanpo?

7 urterekin gimnasia erritmikoa egin nuen urtebetez, baina irakaslea oso gogorra iruditzen zitzaidan, eta pintura ikastaro bat egitera pasa nintzen. 10 urterekin Atarrabia eskubaloi taldean hasi nintzen. 15 nituenean antzerkian hasi nintzen, eta Bartzelonara joatekotan nintzenean, Itxakotik dei bat jaso nuen.

Itxakora 20 urte zenituela iritsi zinen. Nork eman zizun albistea?

Ni mutilen igoera faseko partida bat ikusten ari nintzen Logroñon, eta Fernando Ederrak hots egin zidan. Kanarietako talde batekin hitz eginda nengoen hurrengo denboraldirako, baina Itxakoko entrenamendura joan eta proba egitera animatu ninduen, eta gaur arte. Lehenengo entrenamenduan sudurretik odoletan amaitu nuen. Aste hartan Saguntoren aurkako partida zuten, eta gogor ari ziren entrenatzen. Giroa ikaragarri gustatu zitzaidan, eta nonbait eurei ni ere bai.

Zure ametsak gauzatzen ari al dira? Nora iritsi nahiko zenuke?

Bai, noski! Taldea oso azkar hazi da. Hiru urtetan Espainiako onenak izatera heldu gara, eta aurten Championseko finalean gaude! Urtetik urtera taldea aldatzen ari da, baina oraingo loraldia orain arteko jokalariekin ere erdibanatu eta gozatu nahi nuke. Haiek gabe ezinezkoa litzateke! Nire ametsa Championsa irabaztea eta noizbait Olinpiar Jokoetan jokatzea litzateke.

Emakumezkoen kirolak behar duen prestigioa duela iruditzen al zaizu?

Ez! Eta oraindik ez dut sinesten! Duela gutxi Nafarroako saskibaloi talde batek Euroliga irabazi zuen, eta nik behintzat ez nuen jakin prentsan irakurri arte! Gurekin ere antzekoa gertatzen da. Nafarroan dagoen talderik onena gurea da, eta Telenavarran albiste bat ateratzeko guk bidali behar diegu bideoa muntatuta! Teledeporten hori ere ez. Finala ere ez dute emango!

Lactural zuen babeslearen aldeko iragarkian parrez agertzen zarete YouTuben. Umoreak zer-nolako eragina du Itxakon?

Oso giro ona daukagu taldean. Oso lagungarria da bidaia luzeetarako, eta jokoan ere antzeman egiten da hori. Hamasei emakume hainbeste orduz ondo konpontzea ezinezkoa litzateke lagunarte on bat ez balego!

Aldageletan euskara asko entzuten al da?

Aurten gehiago, baina ez euskaldun gehiago daudelako. Euskaraz dakigunak Patri eta ni soilik gara, baina Macarenak, Carmenek eta Amaiak [fisioterapeuta] euskara oso gustukoa dute, eta barregarria da haien azentuarekin euskaraz zer-nola egiten duten entzutea. Niri poza ematen dit.

Partidaren aurretik aldageletan elkar nola animatzen duzue?

Nik beti «¡Vamos tíaaaas!» oihukatzen dut. Beti txantxetan eta imitazioak egiten ari naiz. Nahiko pailazoa naiz horretarako.

Defentsan animoa eta poza zabaltzen omen duzu, eta atakean ez omen zara kikiltzen.

Gure aitak beti dio: gogor egiten eta eusten duenak beti irabazten du. Eta egia da. Une txarrenetan esaldi horrekin oroitzen naiz. Burugogorra naiz, eta nire ametsen alde borrokatzen naiz.

Familia al da zure zale amorratuena?

Bai, noski. Aita automobilismoan gidari profesionala izan zen, eta betidanik irakatsi dizkigu kirol balioak. Ama ez da goi mailako kirolaria izan, baina gertutik jarraitu izan du, eta erori ahala jaikitzen jakin behar dela helarazi digute. Nire anaia, berriz, eredugarria da, begiratu beharreko ispilua, oso eskubaloi jokalari ona izandakoa.

Zuntzak behin baino gehiagotan hautsi izan dituzu. Aurten badirudi lesioek errespetatu egin zaituztela.

Bai, urte honetan denboraldi-aurre berezia egin dut fisio medikuei esker, eta ikusten den bezala izugarri ongi doakit.

Nolakoa da zure eguneroko egun bat?

Iaz irakasle eskolan hasi nintzen, eta nahiko ongi daramat. Goizetan entrenamendua izaten dugu, eta arratsaldez, ahal dudanean, unibertsitatera joaten naiz. Irakasleak pixkanaka ari dira Itxako eta eskubaloia zer den ikasten! Egunean bi entrenamendu izaten ditugunean oso lanpetuta ibiltzen naiz, baina gustura!

Zein da Ambros Martinen esaldi tipikoetako bat?

Bada, ez dakit; agian partida garrantzitsu baten aurrean; «¡chicas, cabeza fría y corazon caliente!».

Supercopa, Erreginaren kopa eta liga irabazi dituzue aurten ere. Zer da bakoitza zuretzat?

Superkopa: partida batean titulu bat irabazteko ahalmena. Erreginaren kopa: lau eguneko lehia izugarri bizia. Espeziala. Liga: erregulartasunaren saria.

Zer esango zenioke eskubaloian hasi den neskatila bati?

Jolas moduan har dezala, eta ondo pasatzera joan dadila. Gaztetxotako nire oroitzapenak halakoak dira. Larunbatetan herri galdu batera jokatzera joaten ginenean oso ongi igarotzen genuen elkarri txantxetan. Ikasketak oso garrantzitsuak direla esango nioke. Ez gara Messi edo Ronaldo; ez dugu bizitza osorako dirua irabazten, eta garai hau bukatzean lanean hasi beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.