Gelditzeko denborarik gabe dabil aste honetan Nati Ovelleiro (Bilbo, 1965), Aste Nagusiko aurtengo pregoilaria. Atzo eguerdian lehiaketa gastronomikoko sari banaketan egon zen, egunero bezala, eta oholtzatik jaitsi bezain pronto, han zituen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak —bera ere taldeko kide da— zain, Marijaiarekin argazkia ateratzeko. «Boza, boza!» ari ziren oihukatzen argazkiak ateratzen ari ziren bitartean. «Askatasun oihu bat da, jendeak muga pasatu ondoren abesten duena; aurten Melillara [Espainia] joan ginenean eta gure elkartasuna ikusten zutenean, oihuka hasten ziren; oso hunkigarria izan zen». Ordutik Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideentzat berezia da oihu hori. Hala aritu ziren argazkia ateratzen, «Boza, boza!» oihu artean, eta joan den astean jaiei hasiera emateko pregoian Ovelleirok kantatu zuen kopla errepikatzen.
Pregoiko bertsoa ezagun bihurtzen ari al da?
Bai, nahiz eta gaizki intonatu nuen. Polita izan zen, eta hunkigarria. Uste dut lehen aldia izan zela plazako jendeari eskatu zitzaiola pregoian parte hartzeko. Goitik kantuan entzuten nuen jendea, eta polita izan zen.
Hor piztu zen festa. Nola doa Aste Nagusia?
Egia esateko, primeran dena. Oraingoz, badirudi erasorik gabeko aste bat izango dela, edo behintzat ez oso nabarmenak. Festa baketsua izaten ari da, eta kaletik goazenean hori sumatzen dugu.
Nola bizitzen ari zara?
Izugarri bizia da. Batzuetan, beldurra ematen dizu dena oso azkar pasatzen delako, eta, beste batzuetan, astea amaitu eta atseden hartzeko gogoa sartzen zaizu. Baina dagoeneko pena nabaritzen dut biharko [gaurko] egunari begira.
Zein ekitaldi edo momentu nabarmenduko zenuke?
Txupinazoa itzela da, baina bi momentu azpimarratuko nituzke. Batetik, une oro dagoena, jendearen harrera. Zelako maitasuna erakusten dizun jendeak, eta nola hurbiltzen den animoak ematera; hori benetan eskertzekoa da. Bestalde, gaur [atzo] ezagutzen ez nuen pertsona baten omenaldia egin dugu. Egia da aste honetan jai batzordearen bitartez, eta Aneren [Ortiz, txupinera] bitartez ezagutu dudala Olaia izeneko Askapeñako kidea. Maiatzean hil zen, eta omenaldia egin diote. Ezagutu ez arren, hunkigarria izan da.
Ekitaldi ofizialak ezagutzeko aukera ere izango zenuen...
Bai, batzuetan joan naiz existitzen zirela ere ez nekien ekitaldietara. Esaterako, poesia lehiaketa batera joan gara. Ez nuen pentsatu ere egingo egiten zenik ere. Eta hori oso interesgarria da, ikustea nola dagoen denentzako aukera, eta badagoela mota guztietako jendearentzat parte hartzeko aukera. Hainbeste gauza daude, ez bazara oso zalea ez dakizu existitzen direla ere, eta orain ezagutu ahal izan ditugu. Denetara heldu nahi duzu, baina ez da posible.
Pregoilari izanda, Aste Nagusia beste modu batean ikusiko duzu aurrerantzean?
Bai, erabat. Mugarri bat izan dela esango nuke. Urte asko neramatzan parte hartzen, baina orain ezberdin ikusten ditut jaiak.
Patxo Telleria iazko pregoilariak zein aholku eman zizun?
Esan zidan hauek izango direla nire jai bakarrak horrela biziko nituenak, eta ez galtzeko momentu bat bera ere. Saiatzen ari naiz aholkua betetzen.
Polemikak ere izan dira txosnetako dekorazioen kontura. Hor dago, esaterako, Hontzak konpartsari dekorazioaren zati bat kendu izana, eta presoen argazkiak txosnan jartzeagatik Txori Barrote konpartsa salatuko dutela adierazi izana. Horrek akaso ilundu du aurtengo Aste Nagusia?
Nik esango nuke urteroko kontua dela hori, eta horren gainetik egon behar dugu. Jarraitu behar dugu jaiaz gozatzen, eta astelehenean ikusiko dugu zer gertatzen den. Urtero saiatzen dira modu batean edo bestean izorratzen, baina ez dute lortuko. Guk horretan jarraituko dugu.
Jai eredua indartsu dagoela iruditzen zaizu?
Nik esango nuke baietz, eta, zorionez, jarraitzen dugu jai herrikoiak izaten, eta hori azpimarratu behar da. Jai eredu hau gutxitan lortzen da tamaina honetako hirietan, jendeak sentitzea hor dagoela eta bertako partaide dela. Lehiaketa gastronomikoetatik hasita, eta txosnaguneko ekitaldietatik igarota, bestelako esparruak ere badaude.
Prest al zaude Marijaiari su eman eta jaiak amaitzen direnerako? Beste pregoi bat izango duzu bertan...
Horretan nabil, bai. Hitzaldia erdi prest daukat, Ongi Etorri Errefuxiatuak-eko partaideen laguntzarekin. Nik uste dut badaukadala. Gaur [atzo] egon naiz apur bat prestatzen, eta une gogorra pasatu dut. Espero dut une horretaz ere disfrutatzea, zaila izango dela badakidan arren.
Errefuxiatuen gaia presente egon da aurten Aste Nagusian. Zure pregoitik hasi, eta zu pregoilari izendatzetik hasita.
Bai, urte osoan etengabe egon gara lanean. Iaz ere bandera asko egon ziren presente Aste Nagusian, eta aurten halako izendapena emateak bi gauza adierazi nahi ditu: nola plataforma gazte bati ematen zaion halako aitortza, eta aldi berean baita abiapuntu bat ere. Bilbok honekin adierazi duen jarrera ezinbestekoa da, plataforma ez delako ezer Bilboko jendeak ez badu ezer egiten. Kaletik jaso dugun hartu-emana oso positiboa izan da. Babestuak sentitu gara, eta bizitzen ari garen hau guztia arazoa konpontzeko aprobetxatu behar dela iruditzen zaigu.
Nati Ovelleiro. Pregoilaria
«Jai eredu hau gutxitan lortzen da tamaina honetako hirietan»
Joan den astean bere pregoia irakurrita atera zen Marijaia Arriagako balkoira, eta gaur ere beste pregoi bat irakurriko du. Horren ostean, Marijaia erre, eta hurrengo urtera arte agurtuko da jaietako pertsonaia maitatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu