Iruñeko auzo jendetsuena, Arrotxapea, festan murgilduko da bihartik aurrera. Arrotxapeakoak, jai alaiak eta giro onekoak direla uste du Eneko Burusko auzoko jai batzordeko ordezkariak. Auzoko jendea ez eze, Iruñerrikoa eta Euskal Herria osokoa festara gonbidatu du Buruskok. Bihar hasi, eta, hiru egunez, igandera arte, zer egin eta gozatu izanen da auzoan.
Festak hasi aurreko astean kultur astea antolatu duzue. Motorrak ongi berotzeko egin duzue, ala?
Aurreko urteetan bezala, txupinazoa baino lehen auzoan festa giroa sortu nahi izaten dugu. Horregatik antolatu dugu kultur astea. Auzokoek festak gogo gehiagorekin hartzeko modu bat da. Horrela, jendea errazago murgiltzen da festan.
Festarako giroa sumatzen da auzoan?
Bai. Eguraldi txarrarekin hasi dugu kultur astea baina, hala ere, jendea gogoz dago, eta parte hartzen ari da kultur asteko ekitaldietan. Gaur, jai eremuan, Maiteminduen pasealekuan,kontzertuak daude. Auzoko hiru taldek joko dute: Alta traizion, Tinko eta Ramsayk, 20:30etan.
Biharko txupinazoa berriz, 'Batean' taldeak botako du. Zergatik aukera hori?
Talde horrek hamar urte bete ditu Arrotxapean lanean. Haurren aisialdian aritzen dira, eta auzoarengatik egiten duten lana eskertzeko modu bat da. Udako kanpaldiak antolatzen dituzte, eta haurrentzat hainbat ekitaldi egiten dituzte urtean zehar. Txupinazoa beraiek botako badute ere, azken suziria jai batzordeko lagun batek, Xabier Beorlegik,botako du.
Hainbat ekitaldi antolatu duzue jaietan. Jaiegitaraua aurrekoen segida da edo bada berrikuntza aipagarririk?
Aurreko urteetako jaien jarraipen bat da aurtengo egitaraua. Dena dela. gauza berriak ere gehitu ditugu. Adibidez, auzoko taldeen artean herri kirol jokoak antolatu ditugu. Oso harrera ona izan du deialdiak. Hainbat taldek eman dute parte hartzeko izena, eta, larunbatean, 18:00etan, ariko dira jai eremuan nor baino nor. Joan den urtean egin genuen Larrain dantza erraldoia ere aipatu nahi nuke. Guiness errekorra lortzeko saiakera egin genuen, lortu ez arren. Aurten ere, berriro egingo dugu ahalegina eta, oraingoan, lortuko dugulakoan gaude. Larunbatean izanen da saiakera, 21:00etan, jai eremuan.
Nola finantzatzen duzue hain egitarau mardula?
Festak, eta urtean zehar jai batzordeak antolatzen dituen ekitaldiak: Olentzero, adibidez, auzoko merkatariek eta bizilagunek emandako diru-laguntzei esker egiten dira.
Iruñeko Udalak ez du diru-laguntzarik ematen?
Udalarekin ez dugu inolako harremanik. Urteak dira harremana eten genuela, diru-laguntzen truke baldintzak jartzen aritzen zelako beti. Beraz, jaiak auzotik eta auzoarentzat antolatzea erabaki genuen. Aurtengo baimenak jaso ditugu eta arazorik ez dela egonen pentsatzen dut.
Eguraldi txarra iragarri dute biharko txupinazorako. Euriak jaiak zapuztuko dizkizue?
Arrotxapean beti izan gara alaiak eta jakingo dugu ongi pasatzen. Ekitaldi asko daude eta giro bikaina izaten da. Auzokoak ez ezik, Iruñerriko jendea eta Euskal Herrikoa ere anima dadila festara etortzen. Horrela, zeinen jai onak diren ikusiko dute. Jai herrikoi, parte hartzaileak, parekideak eta euskaldunak dira gureak.
Eneko Burusko. Arrotxapeako jai batzordea
«Jai herrikoiak eta parte hartzaileak dira gureak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu