Iruñeko sanferminak

Herri jaien aldeko apustua sanferminetan

Herri Sanferminak plataformak bere bazkaria antolatu du gaur, herri jaiak sustatzeko asmoz.

Herri Sanferminak plataformak antolatutako bazkaria, gaur, Iruñeko Baratxurien plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
Herri Sanferminak plataformak antolatutako bazkaria, gaur, Iruñeko Baratxurien plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2025eko uztailaren 10a
17:40
Entzun 00:00:0000:00:00

«Bat, bi, hiru, lau. Entzuten da?». Soinu probak egiten ari dira Iruñeko O-ko Andre Maria plazan. Txosnak irekitzeko prest daude Herri Sanferminetako gunean, baina oraingoz bakarra ireki dute. Aurreko gauaren aztarnak ageri dira oraindik: gau luzea izan duen baten bat egurrezko eserlekuan botata dago. Bestondoari aurre egiteko, hiru bertsolari aritu dira plazan, agertokiaren ondoan; horietako batek eguzkitako betaurrekoak aurpegian itsatsiak ditu, eta zuhaitzen itzala izan du babesleku.

Bertsolari bakoitza, bere edalontzia lurrean utzita, hasi da bertsotan. Herri jaiak izan dituzte mintzagai: «Espazio bat behar baitugu gurea eta guretzat», esan du batek, txaloen artean. Despistaturen bat hurbildu da hiru bertsolariengana bozgorailuetatik haien ahotsak entzuterakoan. «Zer diote?», galdetu du Amaia Bienzobasek. Atzo Irunyard Sound Sistem ikustera joan zela adierazi du Bienzobasek, eta txosnetan egon dela astean zehar: «Garrantzitsua da niretzat festa herrikoiak babestea».

Erdigunetik kanpo

Bien bitartean, bertsolariak jolasean hasi dira, hurrengo urtean txosnak jartzeko leku berriak proposatuz: Labrit eta Iruñeko zezen plaza izan dira aipatutako bi, aurpegi bihurriarekin, eta Nafarroa Arenan egitea ere baztertu dute. Aurten, iaz bezala, txosnak Iruñeko erdigunean jartzea zen asmoa, baina ez dute lortu. 

Plataformako kideek festa egitaraua aurkeztu zutenean adierazi zuten Iruñeko Udalarekin hitz egin zutela bi txosnagune jartzeko: bata O-ko Andre Maria plazan, eta bestea Baratxurien plazan. Ezezkoa jaso zuten, osasun zerbitzuen gunea kokatu behar dutelako bertan. «Herri Sanferminetakook aldarrikatu nahi duguna da ezinbestekoa dela erdigunean egotea eta herri mugimenduak aukera izatea bere espazioa handitzeko», esan zuten aurkezpenean.

Momentuz txosnagune bakarra dute, baina Herri Sanferminen bazkaria Baratxurien plazara zabaltzea lortu dute. Plataformako kideak bertsolarien atzetik igaro dira supermerkatuko gurdiekin, aulki tolesgarri urdinak garraiatzen. Horiek guztiak Baratxurien plazara eraman dituzte: berrehun aulki inguru izan dira osotara. Batzuek mahaia muntatzen zuten bitartean, besteek bazkaria prestatzen zuten. Bi lapiko handi jarri dituzte txosnen atzean, eta barraren beste aldean dauden horiei iritsi zaie barazki egosien usaina. Entsalada, arroza barazkiekin eta sorbetea da aurtengo menua.

Kozinatzen ari direnek ez dute eguzkiaren izpietatik ihes egitea lortu; izerdia irristatzen da haien kopetetatik. Plaza batetik bestera elementuak eramaten dituztenak, berriz, edozein itzaletan babesten dira. Bertsolariek emanaldiarekin jarraitzen duten bitartean, gero eta ozenago entzuten den musika antzeman da. Txaranga bat-batean sartu da plazan, bertsolarien ahotsak guztiz estaliz. Hala ere, berehala konturatu dira oztopatzen ari zirela, eta, instrumentuak alde batera utzi, txosnen barretan finkatu, eta bertsolariek esan beharrekoa entzun dute. «Horrelakorik ez da sekula ere pasa, ze pasada. Gu entzuteko isildu diren lehenengo aldia da», adierazi du, harrituta, bertsolarietako batek. Hortik aurrera, txandak errespetatu dituzte: bertso bat eta txarangaren abesti bat. 

Bazkaria prest

Bazkaria prestatzen aritu da Beñat Astiz Herri Sanferminetako kidea, altzairuak alde batetik bestera eramaten. Gunean sanferminak «oso ongi» bizi izan dituztela aipatu du Astizek: «Harrera oso ona izan da, eta momentuz giro lasaia egon da. Astean zehar sumatzen da hemengo jendea bakarrik dagoela, eta igandean etorri zen kanpoko jende gehiago. Ea nola doan asteburua».

Herri Sanferminen plataforman hainbat eragile elkartzen dira, baina irizpide batzuk zehaztu dituzte denen artean; arratsalde antitaurinoa horietako bat da, Astizen esanetan: «Azken urteetan finkatuz joan da. Arratsaldean, zezenak hiltzen dituzten momentu horretan, Iruñeko peñak bertara doaz eta jendetza elkartzen da. Uste genuen interesgarria zela horren kontra zegoen espazio bat antolatzea».

Oinarrietan herri palestinarrari elkartasuna adieraztea ere dago. Horregatik, 18:00etan antolatu duten manifestazioan parte hartuko dute. «Gaur egun palestinar herriak bizi duen genozidioaren aurrean zerbait egin behar dugu. Erabaki genuen plataforma gisa jarduerak gelditzea eta jende guztia bertara bideratzea, Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelen genozidioa seinalatzeko», adierazi du plataformako kideak.

Gurdi batean pilatu dituzte erositako ogi barra guztiak. «Uste dut gutxi direla», esan du batek; «Lasai, bestela gehiago erosiko ditugu», erantzun dio besteak. Bazkaria 14:00etan hasten zen berez, baina beranduago hasi da azkenean. Banku batean eserita dago gazte bat, bere lagunen esperoan: «Azkenean, itzaletako aulkiak kenduko dizkigute», esaten die lagunei, telefonoz. Azkenean agertu dira lagunak, aurpegi gorrituarekin, eta zuhaitzen azpian dagoen txokoa hartu dute, bazkariaz gozatzeko prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.