ATZEKOZ AURRERA. Idoia Zabaleta. Argazkilaria

«Jai izango banu, Iruñean geratuko nintzateke kamerarekin nire gauzak egiten»

30 urte baino gehiago daramatza Idoia Zabaletak sanferminetan lanean: «Uste dut bi urte hauen ostean entrenamendua falta zaidala».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela 33 urte inguru hasi zen Idoia Zabaleta argazkilaria (Leitza, Nafarroa, 1966) Iruñeko sanferminetan lanean. Hasieran, entzierroko argazkiak egiten zituen, eta azkeneko 11 urteetan, egun osoz argazkiak egiten ditu. Gelditzeko tarte gutxi izaten du; horren adibide, hamaiketakoa. Argazkilariz eta lankidez inguratuta tarte bat hartu du lanaz mintzatzeko.

Geldialdiaren ostean behar izan duzu sanferminetarako prestatu?

Ez, baina, egia esan, nahiko urduri nengoen. Gainera, hilaren 6a eta 7a tentsio handikoak izaten dira. 6a, hasiera delako, eta 7a, prozesioa delako eta jende eta mugimendu asko dagoelako. Horiek pasata, lasaiago egoten naiz, okerrena egina baitut. Uste dut bi urte hauen ostean entrenamendua falta zaidala.

Nola igaro dituzu aurten lehenengo bi egunak?

Zortea izan nuen txupinazoan balkoi batean nengoelako. Jagoba [Manterola], adibidez, plazan zegoen. Hainbeste jende eta mugimendu dagoenean, alde batetik bestera eramaten naute; gainera, txikitxoa naiz. Prozesioa nahiko mugitua izan zen.

Momentu horietan bizkor egin behar da lan?

Argazkiak azkar bidaltzea nahi dute, eta, jendeak argazkiak bidaltzen dituenez, etengabe wifia kolapsatzen da. Bulegora iristea ere kostatzen zaigu jendea dagoen moduan dagoelako. Lasterka ibiltzea gogorra egiten zait. Bihar [atzo] ziurrenik besta izanen dut.

Beti saiatzen zarete egunen batean jai hartzen?

Bai, bestela hamar egun oso luze egiten dira. 05:00etan esnatzen naiz: altxatu, dutxatu, gosaldu eta lekua hartzen dut goizean goiz. Igual amaitzen dut gaueko kontzertu batekin edo su bestekin. Azkenean, gerta liteke 01:00etan amaitzea. Eguna oso luzea izaten da.

Gozatzeko tarterik izaten duzu?

Denbora dudanean, jai egunean, edo lana amaitzean, gustuko dut garagardo bat hartzea eta giroa ikustea. Sanferminetan, batez ere, kalean dago giroa. Iruñean polita da jendea irribarretsu dagoelako, dantzatzeko gogoz; gustuko dut momentu horiek aprobetxatzea. Hamaiketakoa ere gustuko dut, nire gosaria, bazkaria eta afaria delako.

Egunero geratzen zarete?

Entzierroaren ondoren argazkiak pasatzen ditugu, eta hamaiketakoa egiten dugu. Gaur nahiko berandu beste leku batera joan naizelako, baina egin dugu.

Zein egunetan gozatzen duzu gehien?

Dianak ikaragarri gustuko ditut; 7an lanean aritu nintzen. Ikusten da 80 urtetik gorako jendea altxatu berria, izugarrizko martxarekin, dantzatzeko gogoz, eta leku berean oso jende gaztetxoa, gaupasaz dagoena. Elkarrekin disfrutatzen dute. Dianak hunkigarriak dira.

Sanferminetan lanik egingo ez bazenu, Iruñean geratuko zinateke?

Jai izango banu, hemen geratuko nintzateke kamerarekin nire gauzak egiten, inongo ordutegirik gabe, eta estresik gabe.

Hortaz, oso sanferminzalea zara?

Bai. Igual azkeneko sei edo zazpiurteetan aldatu da, baina jendeari gustatzen zaio kanpoko jendea etortzen denean harrera egitea, hamaiketakora gonbidatzea, etxera eramatea. Iruñea herri handi bat da, eta nabaritzen da.

Hainbeste urteren ostean, istorio asko dituzu?

Nire lehenengo entzierroan, lanean Mercadereseko bihurgunera joan nintzen. Jendea txunda-txundarekin zegoen oraindik, eta ni han geldirik. Ailegatzen zen lehenak hartzen zuen lekua. Gogoratzen dut hamar gutxitan etorri zela argazkilari ospetsu bat, eta bat-batean nire lekua hartu zuela. Esan egin nion. Berria nintzen, gaztetxoa, eta besteak esan zidan: «I don't understand» [ez dut ulertzen], eta berriz erantzun nion.

Jendeak zer egiten du argazki kamera ikustean?

Batzuek esaten dute: «Foto, foto, foto». Jendeari normalean ez zaio gaizki iruditzen. Gertutik ateratakoa bada edo umeak badira, galdetzen diet. Zerbait kuriosoa edo graziosoa ikusten badut, urrutitik egiten dut, eta ez dut galdetzen, momentuko gauza galtzen delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.