Donostiako Aste Nagusia

Jai poliedrikoak bai, baina euskaraz

Gaur hasiko da Donostiako Aste Nagusia. Donostiako zortzi euskal dantza taldek botako dute kanoikada, 19:00etan. Piraten txupinazoa, berriz, Bagera elkarteak botako du, 19:30ean.

Aste Nagusiko omenduak, Mikel Irazusta Irazusta, Maialen Rubio Iztueta, Amets Ibero Alustiza eta Ane Lamarka Etxeberria, Donostiako Plaza Berrian. ANDONI CANELLADA / FOCU
Aste Nagusiko omenduak, Mikel Irazusta Irazusta, Maialen Rubio Iztueta, Amets Ibero Alustiza eta Ane Lamarka Etxeberria, Donostiako Plaza Berrian. ANDONI CANELLADA / FOCU
Donostia
2026ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko, Mauleko, Baionako eta Gasteizko festen ostean, Gipuzkoako hiriburuaren txanda iritsi da. Hain zuzen ere, inoizko udarik lehorrenak bide erdia egina duela hasiko da Donostiako Aste Nagusia aurten. Galtzada harriek kiskali egiten dute, eta haren gainean izozki bolak urtu ez ezik, Donostiarren festarako egarria are gehiago piztu da. Gogoa agerikoa da Ane Lamarka Etxeberria Goizaldi dantza taldeko kidearen, Maialen Rubio Iztueta Antiguotarrak dantza taldeko kidearen, eta Amets Ibero Alustiza eta Mikel Irazusta Irazusta Bagerako kideen artean. Hain zuzen ere, lehenengo biak udaleko kanoikadaz arduratuko dira, Donostiako beste sei dantza talderekin batera: Arkaitz Añorga, Eskola, Gero Axular, Trebeska, Herridantza eta Kresala; piraten Matti, bestalde, Bagera elkartea izango da.

Euskal kulturaren eta ondarearen sugarra zaintzen duten horiek arduratuko dira festaren inarra pizteaz. Lan horretan diharduten bi talde dira Goizaldi eta Antiguotarrak. Lehenak ibilbide luzea dauka, 78 urte baitaramatza martxan. Euskal Herriko dantza bere horretan eta bizirik iraunarazten saiatzen direla azaldu du Lamarkak: «Tradizioz, jaso ditugun moduan». Inguruan eta hiriaren luze-zabalean eragiten saiatzen dira; nolanahi ere, euskal dantza taldeek dituzten baldintzak «geroz eta prekarioagoak» direla azpimarratu du. 

Antiguotarrak, berriz, euskal kulturan eta euskararen suspertzean aritzen direla adierazi du Rubiok. Euskal dantzetan ez eze, beste hainbat kultura egitasmotan aritzen dira urtean zehar: Olentzero eta Mari Domingi, Gau Beltza eta Inudeak eta Artzainak, esate baterako. Auzoan errotutako taldea dira, eta beraien helburu nagusia euskal dantzak ahalik eta auzokide gehienengana gerturatzea da, «edonork dantza ditzakeela erakustea».

«Euskal dantzak irakastea ez da gure funtzio bakarra, auzoko beste eragile batzuekin batera kulturan eta hizkuntza transmisioan ere aritzen baikara»

MAIALEN RUBIO IZTUETA Antiguotarrak dantza taldeko kidea

Aurten euskalgintza omendu nahi izan dute Donostiako Piratek. Bageraren helburu nagusia hirian euskararen normalizazioa bultzatzea da. Hori lortzeko, hirian euskaraz bizi ahal izateko baldintzak eta lekuak sortzen eta babesten egiten dute lan. Euskalgintzari hainbat ildotatik heltzen diotela argitu du Iberok. Hainbat lanetan aritzen dira, hizkuntza eskubideak bermatzen, gazteentzako egitasmoak antolatzen eta mintzapraktikak egiten. Irazustak, aipatutako ildoei gehitu die «aniztasunarena». Bide horretatik jarraitu du Iberok: «Euskal Herrira iritsi berri direnen harreraren parte gisa ulertzen dugu euskara ere».

Dantza, euskalgintza, kultura, Donostia eta auzoa aipatu dituzte guztiek; hala ere, laurek argi adierazi dute euskara dela hori guztia lotzen duen giltza. Mehatxupean ikusi dute, ordea, giltzaren iraupena, «euskararen normalizazioa». Maiz, euskararen aurkako oldarraldi betea dagoela baieztatzen dute aditu askok. Adituen kezka bera azaldu dute Bagerako kideek eta Donostiako dantzariek ere.

«Hiruzpalau izan dira euskaren aurkako erasoak Donostian». Mikel Irazustak Donostiako Poliziaren kasua jarri du adibide, lanpostu publiko horretarako ez baita euskarazko B2 maila ere eskatzen. Udalak errekurtsoa aurkeztu arren, auzitegiek atzera bota zuten. Hori aski ez, eta Iberok «espero gabekoen partetik ere» erasoak egon direla adierazi du, «ezkerraldetik ere bai». 

«Piraten eskaintza arnasgune bat da, eta gero eta zailagoa da halakoak sortzea»

AMETS IBERO ALUSTIZA Bagerako kidea

Dantza taldeek dinamika euskaltzale eta euskaldun aktiboa dutela baieztatu dute. Ane Lamarkak hala azaldu du: «Dantza taldeak burbuila modukoak dira; izan ere, euskal dantzetara gerturatzen denak militantziarekin eta euskal munduarekin gertutasun handia izan ohi du». Beraz, dantza taldean ez da «dinamika erdalduna» ageri. Hala ere, beraien funtzioa Donostiatik eta auzotik haratago ulertzen dute Goizaldikoek. «Gure funtzioa, akaso, Euskal Herri osoari euskal dantzak ere euskaraz irakatsi eta ikas daitezkeela erakustea da». 

Antiguan «geroz eta espainiera gehiago entzuten dela» argitu du Rubiok. Hala ere, Lamarkaren bide beretik, dantza taldean dabiltzan familia eta kideek euskara aktiboki erabiltzen dutela azaldu du. Lana ez dute euskal dantzetara soilik mugatzen. «Euskal dantzak irakastea ez da gure funtzio bakarra, auzoko beste eragile batzuekin batera kulturan eta hizkuntza transmisioan ere aritzen baikara», Antiguako euskara batzordean, kasurako.

Ertz eta ardatz artean, jaiaren gerizpea

Ez da erraza izan Aste Nagusiko lehen egitekoa zehaztea. Hain zuzen, jaiaren hamaika formez, betebeharrez eta plangintzaz mintzo dira lau elkarrizketatuak; jaien forma poliedrikoaz, alegia. Bagerakoak enbaxadore lanetan arituko dira, bat edo beste txosnako lanetan, baina guzti-guztiak izango dira festan.

Kanoikadaren eta txupinazoaren ostean egingo duten lehen gauzaren inguruan pentsatzen jarri bezain laster denak barrezka hasi dira, eta batek edo bestek «txupito bat hartzea» iradoki du.

«Udaleko egitarauan parte hartzen dutenak ere euskaraz egitera animatzen ditut»

MIKEL IRAZUSTA IRAZUSTA Bagerako kidea

Lamarkak eta Rubiok Aste Nagusia Piraten gunean igaroko dutela adierazi dute. Lehenak aurreneko tragoa Flamenkan hartzeko asmoa du; bigarrena tragoa barraren beste aldetik aterako diolakoan dago, Piratetako txosnan zerbitzari lanetan arituko baita Rubio. Bagerako Irazustak eta Iberok, bestalde, lantaldean ospatuko dute, elkartean tokia hartua baitute afaltzeko. Hala ere, ospakizunak ospakizun, Iberok hala aurreikusi du gaurko arratsaldea: «Tentsio handiko unea izango da txupinazo aurrekoa». Adierazpenak emango dituztenez gero, nahiko urduri daudela aitortu dute, «horrek dakarren erantzukizun» dela eta. Piraten inguruan ibiltzekoak dira lauak; hala ere, mezu argi bat bidali nahi izan du Irazustak: «Udaleko egitarauan parte hartzen dutenak ere euskaraz egitera animatzen ditut».

Urduritasuna ez da Bagerakoen artean soilik zabaldu, Goizaldiko dantzariek urteko emanaldirik garrantzitsuena egingo baitute astelehenean. Aste Nagusiko astelehen guztietan, Plaza Berriko emanaldia egin eta denak batera afaltzera joaten dira. «Udara osoa pasatzen dugu emanaldi horretarako saioak egiten». 

«Piratek ereduari eusten diote, baina haien gunea Alde zaharrean dago, eta turistifikazioa oso handia da»

ANE LAMARKA ETXEBERRIA Goizaldi dantza taldeko kidea

'Basque cheesecake'

Turista samaldak. Piratak. Bankuko kreditu txartelak. Txosnak. Ane Lamarka Etxeberria Goizaldiko kideak barre ironiko artean azaldu du Donostiako festa eredua «asko» aldatu dela: «Piratek ereduari eusten diote, baina haien gunea Alde Zaharrean dagoenez eta turistifikazioa hain denez handia, turisten masak ohiko bilakatu dira, baita Flamenkan ere». Lamarkaren hausnarketarekin bat egin dute besteek ere. 

Festa ereduaren eta giroaren aldaketa hiri ereduaren ondorio zuzena dela dio Iberok. Festan ikus daitekeen hori egunerokoan ere agerikoa dela uste du: «Lehen udako kontua zena orain urte osokoa bihurtu da». Eraikitzen ari diren hiri motaren egunerokoan nola, halaxe da festan ere. Antza, eredu turistikoa asko handitu da azken urteotan, eta Bagerako kideak uste du horren ondorio zuzenak direla hirian pairatzen ari diren zenbait transformazio: «Komertzio aldaketa, prezioen gorakada eta etxebizitzaren funtzioa», esaterako. «Horrek guztiak donostiarrok kanpora joan behar izatea bultzatzen du». 

Jai ereduan zentratuz gero, «zorionez», Donostiako Piratak jai eredu euskaldun eta euskaltzalea eraikitzen ari direla goratu du Maialen Rubiok. Euskal dantza taldeek bezala, Piratek ere burbuila moduan funtzionatzen dutela adierazi du Iberok: «Piraten eskaintza arnasgune bat da, eta gero eta zailagoa da halakoak sortzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA