Aittitta Makurra eta Txirrist txarangaren doinuak iratzartzen ditu festak Lekeition (Bizkaia), eta gaur arte horien zain egon dira herritar asko eta asko, egutegiari begira. Mozorrotutako kuadrillak 19:15 inguruan hasiko dira jai gosea asetzen, Sabino Arana kaleko 31.etik abiatuta. Izan ere, urteak dira Lekeition jaiak kuadrillen jaitsierarekin abiatzen dituztela —39.a da aurtengoa, zehazki—, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Jaitsieraren ondoren, jaien hasierako angelusa egingo dute 20:00etan: kanpai jotzea, txupinazoa eta Anteroren jaitsiera. Albina Stardust eta Divina Comedia drag artistek girotuko dute plaza, eta, harrezkeroztik, festak ez du etenik izango astebetez, irailaren 8ra arte ospatuko baitituzte sanantolinak.Â
Lekeitiarrek denbora gutxi izango dute aspertzeko. Kontzertuak, gastronomia lehiaketak, kirol txapelketak, balkoitik balkoirako bertso saioak, kantujirak, buruhandiak eta erraldoiak... Denetarik egiteko eta ikusteko aukera izango da. Halaber, aldarrikapenek eta memoria historikoak ere lekua izango dute. Mugimendu feministak eraso matxisten aurkako manifestazioa egin zuen atzo, eta, bihar, berriz, 1972. urtean Guardia Zibilak hildako Jose Benito Mujika Xenki eta Mikel Martinez de Murgia Murgi oroitzeko ekitaldia egingo dute.
Gainerakoan, jaietan ohikoak bihurtzen hasiak diren ekitaldiak ere izango dira. Txapel jaurtiketa, esate baterako. Bihar egingo dute hamaseigarren aldiz, 18:00etan hasita. Parte hartzaile bakoitzak bina jaurtiketa egiteko aukera izango du, eta antolatzaileek banatutako txapelak ahalik eta urrunen jaurtitzea izango da helburua. Urrutien botatzen duenak irabaziko du, hain zuzen.Â
Antzara protagonista
Baina Lekeition egun batek sona baldin badu, irailaren 5ak du: Antzara Egunak. Jendez gainezka egoten da herria egun horretan, antzara joko propioa baitute, eta ez da taularik behar hartan jokatzeko. Txalupa bat, antzarari indarrez eusteko besoak, eta gorputz osoa hartatik zintzilik izanda portuko begiradekin ahalik eta gutxien urduritzea, besterik ez. Antzararen buruari heldu eta altxaldi gehien egitea lortzen duena izango da probaren irabazlea. Dena den, beste hainbat sari ere emango dituzte: dotoreziaren saria, esaterako. Janzkera eta txaluparen leloa hartzen dituzte kontuan, besteak beste.
Hirurehun urte atzera egin behar da egun horretako ohitura sortu zen garaira jotzeko, eta, oraindik ere, izen emateak gora eta gora ari dira urtez urte. Tradizio gaurkotua baita antzararena: 2014. urtean, benetako antzara baten ordez plastikozkoa erabiltzeko aukera ematen hasi ziren, eta, 2022az geroztik, plastikozkoa baino ez dute erabiltzen. Aurten, gainera, berritasun gisa, Tinglau gainean gune bat ipiniko dute, adineko jendearentzat eta elbarritasunen bat dutenentzat, errazagoa izan dadin proba ikustea.