Uztailean blues doinuak entzuten ziren lehen Hondarribian (Gipuzkoa). Gero, jazzak hartu zituen kaleak, eta, orain, kultur eskaintza osatuagoa aurkeztu dute. Auzoa kultura da egitasmoa hasiko da bihar Hondarribian, Alde Zaharrean zehazki. Musika, antzerkia eta zinema izango dira protagonistak, eta ikuskizun txikiak eta «kalitate handia» uztartuko dituzte. Lehenago herrian egiten ziren jaialdien kontzeptuekin haustea du helburu egitasmoak, Ortzi Alonso Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotziak esan duenez. Bihar 18:00etan hasiko da, eta larunbat gauean amaitu.
2023. urtean egin zen azkeneko aldiz Hondarribian Jazz jaialdia, urte askoz egindako blues jaialdiak utzitako arrastoa berriro pizteko helburuarekin. Iaz, berriz, beste buelta bat eman zieten uztail hasierako jaialdiei, eta Hondarribia Kultura egitasmoa aurkeztu zuten. Bi egunez hainbat kontzertu antolatu zituzten, eta aurten berriz egitea erabaki dute. «Iaz oso ondo joan zen dena, jende asko bildu zen, eta aurten beste egun bat gehitzea pentsatu dugu. Jaialdiaren kontzeptuarekin hautsi nahi dugu, dena formatu txikian eginez. Horrek giro berezia sortzen du, eta horri eutsi nahi diogu», esan du Alonsok.
Bihar 18:00etan Leinu kale ikuskizuna izango da Kasino Zaharraren ondoan: amatasunak sortzen dituen dudak oinarri hartuta, zirku ikuskizun bat plazaratuko dute Irati Gonzalezek eta Koldo Arakistainek. Alde Zaharreko hainbat txokotan izango dira kultur eskaintzak. «Alde Zaharrean ditugun plaza eta askotariko lekuetan, lortzen dugu kultura ondarearekin uztartzea, leku horiek balio historikoa dute eta». Iaz, Polborineko kanpoaldea erabili zuten, eta aurten ere, bihar, kale zinema egingo dute bertan, 20:00etan. «Askotariko kultur eskaintza edukitzeaz gain, garrantzitsua iruditu zaigu herriko artistei lekua ematea. Lehen egunean Naica taldea izango dugu Baluartean, eta larunbatean, Arma plaza bereganatuko dute Amaiyuu dantza estudioko kideek, 12:00etan».
«Alde Zaharrean ditugun plaza eta askotariko lekuetan, lortzen dugu kultura ondarearekin uztartzea, leku horiek balio historikoa dute eta»
ORTZI ALONSOHondarribiko Kultur zinegotzia
Kulturaren deszentralizazioa
Oholtza txikiak izango dira asteburuan. «Batzuetan badirudi zerbait duina egiteko handia izan behar duela, baina guk ez dugu hala uste. Formatu txikiaren alde egin dugun arren, kalitate handiko eskaintza izango dugu. Gauza batek ez du bestea kentzen, eta hori argi geratu zen iaz», azaldu du zinegotziak. Ostiralean Verde Prato izango da, 21:00etan, Baluartean, eta 23:00etan Izaki Gardenak taldeak emango du kontzertua, Gipuzkoa plazan. Larunbatean, 13:00etan, Ostomila txotxongilo taldeak Baleazaleak ikuskizuna egingo du Olazabal parkean, eta, 17:00etan, Tio Teronen Semeak dantza taldea Arma plazan izango da.
Larunbateko azken hiru kontzertuak Eñaut Elorrietak, Olaia Inziartek eta Tatxers taldeak emango dituzte. Elorrieta Baluartean izango da, 19:00etan, Inziarte Gipuzkoa plazan, 21:00etan, eta, azkenik, Tatxers taldea Kasino Zaharrean izango da, 23:00etan. «Hondarribiko Udaleko Kultura Sailak urte osoan egiten duenaren laburpen bat da Auzoa kultura da ekinaldia», adierazi du Alonsok.
Alonsok adierazi du udal gobernuaren xedea dela kultura herriko auzo guztietan sustatzea: «Kulturaren ikuspegitik, Portua auzoari eta Alde Zaharrari eman zaie garrantzia Hondarribian, eta dinamika hori aldatzea da gure helburua, hau da, kultura deszentralizatzea. Aurten kultura eskaintzak izan ditugu Muliaten eta Puntalean, baina, halere, Alde Zaharra erdigunea izatea nahi dugu».