Udako proposamenak

Jaiaraldia: algara eta antzerkia

Igandera bitartean egingo dute Jaiaraldia, Araian. 11 lan taularatuko dituzte.

Curolles konpainiaren 'Tot Be!' ikuskizuna. Ziba ardatz hartuta, arrakastaz eta porrotaz ariko dira. BERRIA
Curolles konpainiaren 'Tot Be!' ikuskizuna. Ziba ardatz hartuta, arrakastaz eta porrotaz ariko dira. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
2025eko abuztuaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yasmina Rezaren Artea antzezlana mundu osoko oholtzetan taularatu da. Idazleak ederki islatu zituen bere liburuan giza arimaren labirintoak, hiru lagunen arteko harremanaren bidez bidaia miresgarria eginez. Elkarrizketa hutsalak diruditenak hausnarketarako materiala dira. Aurtengo Jaiaraldia antzezlan horrekin amaituko da. Ramon Agirre, Asier Hormaza eta Joseba Apaolaza igandean igoko dira oholtzara, berriz ere taularatzen ari baitira duela hogei urte antzeztutako obra. 22:30ean hasiko da emanaldia. Araia-Asparreneko (Araba) Umorezko Antzerki Jaialdia, baina, bihar bertan hasiko da. Igandera bitartean, 11 emanaldi izango dira denera.

Araba algaraz eta antzerkiz beteko da berriz ere udaran. Araba, Araia eta jaia hitzen batuketa izan liteke Jaiaraldia. Araia izango da aurten ere jaialdiaren epizentroa. Abuztuaren 14tik 17ra, 11 ikuskizun taularatuko dira herri honetan. Jaialdia, dena den, zabalagoa da; izan ere, aurtengo aldiak hamasei konpainia bilduko ditu; abuztuaren 2tik 31ra, beste 27 emanaldi egingo dituzte, 25 udalerritan.

Jaialdiaren 32. aldia, beraz, oparoa izango da, eta kaleko antzerki emanaldi ugari bilduko ditu. Bihar, La Kermes del Vermú obra antzeztuko dute, 20:00etan, Araian. Gorakada konpainiaren lanak gaztelera eta euskara uztartzen ditu.

Jarraian, Espejismo, metamorfosis de una cucharilla komedia absurdoa taularatuko du Koilara Teatroak. Biharamunean, ostiralarekin, hiru obra ikusteko aukera egongo da: Tot be!, ziba jolasa ardatz duen ikuskizuna (Curolles konpainia), La mujer que mató a todo kabareta (Nia Corcor konpainia), eta US (Midnight konpainia). Azken ikuskizun horrek zirkua eta magia ditu oinarri.

Larunbata berritasun batekin hasiko da, ziba tailerra egingo baita lehen aldiz. Curolles konpainia 10:30etik aurrera ariko da hala haurrei nola helduei zibak nola birarazi erakusten. 13:00etan, berriz, Eraitsi S.L. obra taularatuko du Goitibera konpainiak. Obrak espazio publikoaren erabileraren inguruan pentsarazten du. Galdera honi erantzutea du helburu: «Pentsatu al duzu inoiz nola sortzen den plaza bat?». Iluntzean beste bi emanaldi izango dira: B.O.B.A.S. (Jimena Cavalletti konpainia) eta Farra (Lucas Escobedoren konpainia). Antzezlan horrek Max saria eskuratu du aurten.

Adiskidetasuna kolokan

Igandean hiru ikuskizun egongo dira: Gota (Txema Muñozen konpainia), Meraki (Edu Manazasen konpainia) eta Artea (Txalo Produkzioak). Sergio, Marcos eta Iban arte modernoaren inguruan eztabaidan hasiko dira, eta horrek kolokan jarriko du hiruren arteko adiskidetasuna.

Araia-Asparreneko Umorezko Antzerki Jaialdia 1994. urtean egin zuten lehenengoz. Porpol antzerki taldeak sortu zuen jaialdia, ametsa zena egia bihurtuta. Harrezkeroztik, hamarkadaz hamarkada, ez dute huts egin. Araiako Antzerki Taldeak bultzatu du jaialdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.