Festa egunak bakarrik kontuan hartuta, nahikoa luzea da Bilboko Aste Nagusia: gaur arratsaldean hasi eta hurrengo igande gauera arte iraungo du; bederatzi jardunaldi, guztira, goizetik gauera arte ekintzaz lepo egongo direnak. Baina abuztua ailegatu aurretik ere sumatzen hasten da festa giroa, konpartsakideek uztailerako soineratzen dituztelako kamisetak, eta atzera kontaketa baten antza duelako hortik aurrera egiten den aurkezpen eta prentsaurreko multzoak: pregoilariaren eta txupineraren aukeraketa, lehiaketa gastronomikoen egutegia, kontzertuen zerrenda, erasoen kontrako protokoloa gogorarazteko agerraldia... Eta txosnen muntaketa. Hala, Aste Nagusia hasteko dagoen arren, Aste Nagusian murgilduta dago hiriko Areatza, mekanotubo mardulen, toldo erraldoien eta askotariko dekorazio deigarrien abaroan.
Baina are atzerago jo beharra dago hasierako hauspoa topatzeko. Algarakoentzat, martxo-apiriletan izaten da mugarria. «Urtero, eguneko programazio bera izaten dugu, eta garai horretan hasten gara kontzertuak lotzen, urteroko kontaktuekin hitz egiten, ardurak banatzen...», aletu du Ane Gomez Llavori konpartsakideak. «Baina azken larunbatera arte beti dago zer edo zer egiteko», ñabartu du Kerman Diez de Diegok. Txori Barrote konpartsako kideak irailean biltzen dira igaro diren jaien balorazioa egiteko —muntaketa, egitaraua, sukaldeko eskaintza, konpartsako giroa...—, eta abagunea aprobetxatzen dute hurrengoez hausnartzeari ekiteko, Garazi Pizarro kideak azaldu duenez. Otsailean hasten dira dekorazioa prestatzen, baina irailerako jada ezarriak dituzte hurrengo urteari begirako erronketako batzuk.

Oraingoan aparteko erronka dute, gainera. Izan ere, Txori Barrotekoa da txupinera, Olatz Agirre Sagarna. Aurtengo jaiak «oso bereziak» egiten ditu horrek, Pizarrok balioetsi duenez. «Ilusio handia dago, ohore bat da, eta zoragarria izango da Olatz bezalako txupinera bat egotea». Badu garrantzi sinbolikoa, baina baita praktikoa ere: jende bat inplikatuagoa egotea eragin du, Pizarroren arabera. Eskertuko dituzte aparteko esku horiek, egitekoak ere gehitu zaizkie eta. «Txupinera gure konpartsakoa izateak lana ere badakar: harekin eta pregoilariarekin egoteko txandak antolatu behar ditugu, adibidez».
Prezioak ere kezka
Gauzak ondo doaz, edonola ere. «Abuztu hasiera da, eta jende askok oraindik oporrak ditu, baina nahiko agertzen ari dira». Alabaina, beroaz kexu da Pizarro: erritmoa mantsotu behar izan dute, eta atseden gehiago hartu. Ez dira kaltetu bakarrak, dena den, beste konpartsa batzuetako kideek ere ahotan izan baitute aste honetako bero bolada. «Zaila da lan egitea», nabarmendu du Mekauen konpartsa internazionalistako Vania San Martinek. Datari ere erreparatu dio, hala ere. «Aurten Aste Nagusia oso goiz izango da, eta hori nabaritu da muntaketan agertu den jende kopuruan. Joan den astean zazpi-hamar pertsona batu ginen, asko oporretan edo lanean zeudelako. Jaiak zenbat eta beranduago hasi, orduan eta hobeto muntaketarako, nahiz eta desmuntaketan arazoak eduki». Iaz baino hiru egun lehenago ekin diote txosna apailatzeari, ordukoan «estu» ibili baitziren, eta oraingoan aldamioak kokatu baitituzte estreinakoz.
San Nikolas elizaren parean aldamioak atontzen ari dira, hain justu, Piztiak konpartsa animalistako kideak. Egiturak sortzen dizkie buruhausterik handienak, Aitor Fernandez kideak esplikatu duenez: hutsetik abiatzea, mekanotuboa nibelatzea, muntatzea, toldoak eta panelak ipintzea... Behar horiek izaten dira gaitzenak, baina Fernandezek aitortu du, hala ere, beti izaten dituztela azken orduko sorpresak. «Batzuetan, hornitzaileek eskatu ez dituzun gauzak ekartzen dizkizute, edo ez dizkizute ekartzen eskatu dituzunak». Mekanotuboekin ere beste horrenbeste gertatzen da maiz, eta ohikoa da lanek aurrera egin ahala ezarritako egitura doitu behar izatea. «Tutu batzuk atera behar izan ditugu parte batetik, beste batean sartzeko».
«Ilusio handia dago: ohore bat da eta zoragarria izango da Olatz [Agirre Sagarna] bezalako txupinera bat egotea»
GARAZI PIZARRO Txori Barrote konpartsako kidea
Materialen prezioa ere bada harri koxkorra. Batik bat pandemiaz geroztik, guztia nabarmen garestitu dela deitoratu izan dute sarri konpartsakideek —mekanotuboen alokairua, janaria eta edaria, baimenak, elektrizitatea, ura...—, eta badirudi joera ez dela oraindik egonkortu. «Iaztik hona prezioak asko igo dira», Fernandezen esanetan, eta penaz adierazi du txosnek ere garestiago kobratu beharko dutela, ondorioz. Baina ez horniduraren kausaz soilik. «Ticket Bai-rako ere prestatzen ari gara: ipintzen badute, txosna guztiek igo beharko ditugu prezioak». Hor Dago Abante euskarazko hedabideen aldeko konpartsako Jose Antonio Azpitarte Luxie-ren berbetan, prezio batzuk egonkortu dira, baina ez denak. «Apirilean edo martxoan aurreikusten dugu, ikusten dugu nola dagoen merkatua, zer hartuko dugun, iazkoarekin alderatuta zenbat igo den... Aurretik kalkuluak egiten ditugu, gero eskuak ez harrapatzeko».