Jaietan petardoek ordezkatu ohi dituzte kanpai hotsak. Hala iragarri dituzte gaur behintzat 12:00ak Gasteizen: danba! ozen batekin. Leherketaren ostean entzun diren San Migel elizako erlojuaren dandak ia oharkabean igaro dira, baina fededunek duela ordu erdi izan dute protagonismo unea, Urrezko Zeledon agurtu dutenean. Elizpeko balkoian nabari da hori, lorez apaindu baitute sarrera. Gasteizko jaietan guztiek daukate lekua, elkarbizitza onaren seinale.
Andre Maria Zuriaren plazatik ikus daitezke loreak, bai eta ezkerreko aldapako iskanbila entzun ere. Alde Zaharreko muinotik jaisten den San Bizente aldapa jendez lepo dago, goitibeheren jaitsiera hasiberria girotzeko gogoz. 29 talde abiatuko dira maldan behera, hiru aldiz bakoitza. Gehienak gasteiztarrak dira, erraz antzeman daiteke animatzen dabilen jende multzoari erreparatuz gero. Bero itzela egiten du, baina ehunka lagun bildu dira aldats inguruan jaietako pilotuei indarra emateko. Termometroak 25 gradu markatzen ditu, eta seguraski txapin eta blusen azpian are gehiago markatuko lituzke.

Jantzi tradizionalak bezainbeste mozorro ikusten dira goitibeheren barruan. Arropa eta kasko artetik antzematen da askotariko parte hartzaileak daudela: zahar zein gazte, neska zein mutil... Denetarik dago, goitibeherak bezala: zinemazaleenak, tradizionalagoak, motorzaleenak... Zenbat kasko, hainbat auto.
12:30ean bukatu da lehen jaitsiera, lekuz aldatzeko unerik egokiena. Aldapa goitik behera jaitsita, giroa ere aldatuz doa. Goiko aldean, Aihotz plazaren inguruan, soinu probetan dabilen erromeriko trikitia erdi-entzuten da. Kontrastean, ikusle gehien biltzen dituen bihurgunean, bozgorailuetatik gazteleraz dabil ekimeneko aurkezlea. Beherago, helmuga Ogasunaren eraikinaren parean dago, erizainez eta ertzainez inguratuta.Â
Ikusi gehiago
Gasteiz eta kuadrillak
Arabako hiriburuko festetan ohikoa denez, blusa eta nesken kuadrilla bat arduratu da goitibehera jaitsiera antolatzeaz. Bederatzigarren aldia da Los Alegrios kuadrillak jaietako egitarauari abiadura ematen diona, bai eskarmentu handiz eman ere: aurten 25 urte bete ditu Andre Maria Zuriaren jaiak girotzen.
Hiru sari banatu dituzte, baina hiruretatik bat etxean geratu da. Tongoa? Akaso, antolatzaileek eskuratu baitute kuadrila onenaren saria. Txantxak txantxa, diseinu onenarena exorsizmo bat simulatzen zuen autoak irabazi du, eta azkarrena —iazko legez— 14 urteko Arturo Barrasa izan da, TNT1 taldekoa.