Jaietan petardoek ordezkatu ohi dituzte kanpai hotsak. Gaur behintzat, halaxe jo dituzte 12:00ak Gasteizen: danba! ozen batekin. Leherketaren ostean entzun diren San Migel elizako erlojuaren dandak ia oharkabean igaro dira, baina fededunek duela ordu erdi izan dute protagonismoa, Urrezko Zeledon agurtu dutenean. Elizpeko balkoian nabari da hori, lorez apaindu baitute sarrera. Gasteizko jaietan guztiek daukate lekua, elkarbizitza onaren seinale.
Andre Maria Zuriaren plazatik ikus daitezke loreak, bai eta ezkerreko aldapako iskanbila entzun ere. Alde Zaharreko muinotik jaisten den San Bizente aldapa jendez lepo dago, goitibeheren jaitsiera hasi berria girotzeko gogoz. 29 talde abiatuko dira maldan behera, hiru aldiz bakoitza. Gehienak gasteiztarrak dira: erraz antzeman daiteke animatzen dabilen jende multzoari erreparatuz gero. Bero itzela egiten du, baina ehunka lagun bildu dira aldats inguruan jaietako pilotuei indarra emateko. Termometroan 25 gradu, eta, segur aski, txapin eta blusen azpian are bero handiagoa dute.

Jantzi tradizionalak bezainbeste mozorro ikusten dira goitibeheretan. Arropa eta kasko artetik antzematen da askotariko parte hartzaileak daudela: zahar zein gazte, neska zein mutil... Denetarik dago, goitibeheretan bezala: zinemazaleenak, tradizionalak, motorzaleenak... Zenbat kasko, hainbat auto.
12:30ean bukatu da lehen jaitsiera, lekuz aldatzeko unerik egokiena. Aldapa goitik behera eginda, giroa ere aldatuz doa. Goiko aldean, Aihotz plazaren inguruan, soinu probetan dabilen erromeriako trikitia erdi entzuten da. Kontrastean, ikusle gehien biltzen duen bihurgunean, bozgorailuetatik gazteleraz dabil aurkezlea. Beherago, helmuga Ogasunaren eraikinaren parean dago, erizainez eta ertzainez inguratuta.Â
Ikusi gehiago
Gasteiz eta kuadrillak
Arabako hiriburuko festetan ohikoa denez, blusa eta nesken kuadrilla bat arduratu da goitibehera jaitsiera antolatzeaz. Bederatzigarren aldia da Los Alegrios kuadrillak jaietako egitarauari abiadura ematen diona, eskarmentu handiz eman ere: aurten 25 urte bete ditu Andre Maria Zuriaren jaiak girotzen.
Hiru sari banatu dituzte, baina hiruretatik bat etxean geratu da. Tranpa eginda? Akaso, antolatzaileek eskuratu baitute kuadrila onenaren saria. Txantxak txantxa, diseinu onenarena exorzismo bat simulatzen zuen autoak irabazi du, eta azkarrena —iaz legez— 14 urteko Arturo Barrasa izan da, TNT1 taldekoa.