Jainko-jainkosak, Akropolitik Bilbora

Bilboko Berreginen Museoan Akropoliko hainbat irudi jarri dituzte ikusgai, han zeuden jainkoen mitoak ezagutarazteko'Akropolis. Mito biziak' erakusketa Aste Santura arte egongo da zabalik

Atenasko Partenoia inguratzen duen Akropolia ezagutzera eman nahi du erakusketarekin Bilboko Berreginen Museoak. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Askok uste dute Grezian ikusteko dagoen bakarra Partenoia dela, baina hori baino askoz gehiago dago». Partenoia inguratzen duen Akropolia ezagutzera eman nahi du Bilboko Berreginen Museoak. Halaxe adierazi du Sorkunde Aiarzamuseoko zuzendari koordinatzaileak. Atenasko Akropoliko hainbat eskulturaren erreprodukzioak jarri dituzte Akropolis. Mito biziak izenburuko erakusketan. «Mitoak ere aditzera eman nahi ditugu, ez bakarrik artelanak», esan du Itziar Martijak, erakusketaren komisarioak. Atzoz geroztik dago zabalik, eta Aste Santura arte egongo da ikusgai. Bitarte horretan, hainbat eskolaren zain egongo da San Frantzisko kaleko museoa, izaera pedagogikoa baitu erakusketak. Lehenengo ikasleak datorren astean joango dira.

Erakusketa hori aurretik egin direnekin bateragarria da, gainera. Izan ere, Partenoiaren inguruko erakusketa bat jarri zuten aurreko ikasturtean Bilboko Ondare aretoan, eta udan Atenea jainkosa aztertzen zuen beste bat jarri zuten museoan bertan. Horiekin guztiekin, Atenasko Akropolia eta Partenoia hobeto ezagutzeko modua bada.

Erakusketa horiek egiteko bilduma Berreginen Museoak daukan biltegian gordetzen dute. Kasu honetan, ikusgai dauden eskulturak 1930eko hamarkadan Londresko British Museumi erositako erreprodukzioak dira. «Erakusketan jarrita dauzkagun eskultura batzuk orijinalak baino egoera hobean daude», Martijaren esanetan. Izan ere, Partenoitik eskultura ugari duela hogei urte kendu ziren, eta denborarekin gero eta gehiago hondatu dira.

Atenea eta beste

Sarritan, Atenasko Akropolia Atenea jainkosaren irudiarekin eta Partenoiarekin lotzen da. Baina hiri gaineko mendixkak hori baino gehiago ezkutatzen du. «Hiriko gune erlijiosoa zen, eta hainbat santutegi zeuden bertan», azaldu du Martijak. Mendixka horretan Atenea Poliasen antzinako tenplua zegoen, ondoren Erekteion izenez ezagutu zena. Hori zen Atenasko biztanleentzat eraikin garrantzitsuena, Atenearen aldarea han baitzegoen eta hura gurtzeko lekua baitzen. Hantxe amaitzen zen, gainera, jainkosaren jaioteguna ospatzeko egiten zen ospakizun nagusia: Panateneen jaia. Eraikin horretan zutabe gisa erabiltzen diren emakume —emakume apaiz bat izan daiteke— irudi bat jarri dute erakusketan, tenplu horren ordezkari modura.

Berreginen Museoko erakusketaren lehen atala Panateneen jai horiei eskainita dago. Hainbat friso joniko ikus daitezke, Partenoiaren barruko aldea apaintzeko erabiltzen zirenak. Atenasko gizon eta emakumeak ikus daitezke friso horietan, denak prozesioan, jainkosa omentzera doazela. Frisoan, era sinbolikoan, garai hartako hiria osatzen zuten gizarte talde nagusiak irudikatzen dira, eta antolamendu politikoari egiten zaio erreferentzia.

Akropolian atenastarrek K.a. 480. urtean persiarren kontra lortutako garaipena behin baino gehiagotan aldarrikatu zuten mundu osoaren aurrean. Tenplu eta eraikin askotan agertzen ziren borroka haren irudikapenak, «Atenasek garaipena Atenearen babesari esker lortu zuela aldarrikatzeko», dio Martijak. Horretarako, hiru metopa daude erakusketan, hirurak ere bereziak. IV. metopa originalean buruak ebakita daude, 1688. urtean danimarkar arkeologo batek kendu zizkion. «Hemen osorik ikus daiteke». XXVII. eta XXXI. metopak elkarren ondoan jarri dituzte, bien arteko aurrerapauso tekniko eta artistikoak ikusteko. Izan ere, lehenengoa estilo arkaikoan eginda dago; bigarrena, teknika aldetik, «metopen artean onena» da.

Atenasko muinoan zegoen hirixkan edonon zeuden Atenearen omenezko eskulturak. Partenoiko bi frontoiak ere berari eskainita zeuden, eta erakusketan horietako batean agertzen ziren bost irudi jarri dituzte. Baita Akropolian zeuden beste jainko-jainkosenak ere. «Ez zen ohikoena beste jainko-jainkosen irudiak ikustea bertan». Horien isla ere badago Berreginen Museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.