Udako seriea. Opor ereduak (II)

Jakin-mina kolkoan, eta ibili munduan

Munduan barrena bidaiatzea aukeratzen dute askok oporretarako. Hori erraztea ofizio izan du Josu Iztuetak, eta turista gutxiko lekuetan ibiltzea izan da Miriam Urkiaren pasioa. Oskia Petrizanek ere bizi izan ditu abentura batzuk.

Miriam Urkia 2006an, Madagaskarreko baobab zuhaitzen aurrean, bi lagunekin. MIRIAM URKIA
Miriam Urkia 2006an, Madagaskarreko baobab zuhaitzen aurrean, bi lagunekin. MIRIAM URKIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko uztailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Jakin-minak bultzatuta egin ohi dira bizitzako jarduera asko, eta hura gabe zaila da munduan barrena egiten diren bidaiak ulertzea. Oporrak dira, baina hori baino gehiago: beste hizkuntza bat, beste kultura bat eta bizitzeko beste modu bat bertatik bertara ezagutzeko parada da. Beste jende batekin harremanetan jartzeko era bat. Haietara eta haiengana gerturatzeko moduak, baina, hamaika dira.

Miriam Urkia, adibidez, leku izenek eta turista gutxiko eremuek erakarrita ibili da munduan batetik bestera, bere jakin-mina asetzen. Josu Iztuetaren bizimodua, berriz, bidaiatzea izan da; Nairobitarra autobusean, jendearen oporrak ofizio egin ditu. Oskia Petrizanek ere maite du munduan barrena ibiltzea; azkenekoz Kolonbian izan da.

Miriam Urkia: «Inoiz ez zait gustatu turista asko dagoen lekuetara joatea»

«Beti gustatu izan zait beste herrialde batzuk ezagutzea, beste jende bat... Beti iruditu zait oso erakargarria. Behin atera nintzen, eta kito. Ibilgona janzten duzu, eta gero ezin da kendu». Miriam Urkia hizkuntzalari eta euskaltzainak hitzen munduan murgilduta pasatu ohi du irailetik ekainerako aldia, baina udan mundu zabalera irteten da. Gazte garaian Egipton eta Jordanian lagun batekin egin zuen bidaia batean sartu zitzaion munduan barrena bidaiatzeko «harra», eta ez du atera.

Uda haren ostean Indiara joan zen, eta gero Yemenera, Kubara, Jamaikara... Lagunekin egin zituen bidaia horiek. Behin, ordea, bere bidaideari lana eskaini zioten, eta buruan zuten bidaia bat bertan behera geratu zen. «Barruan zerbaitek esaten zidan hori zela momentua, eta jauzi hori egin behar nuela, baina ez nintzen ausartzen. Beste lagun batek esan zidan bi aukera nituela: ‘Bakarrik joaten bazara eta ez bazaizu ondo ateratzen, hiru aste pasatuko dituzu, leku berri bat ezagutuko duzu, eta hor bukatuko da; etxean geratzen bazara, beti egongo zara pentsatzen zer izango zen eta ez zarela ausartu’. Eta Iranera joan nintzen».

Bere «ametsetako bidaia» zen Iranera joatea. «Isfahan izenak asko esaten zidan. Katmandu, Isfahan, Samarkanda, Timbuktu... Izen horiek niretzat oso bereziak ziren, eta asko funtzionatu izan dut beti izenekin. Niretzat Isfahan izena oso polita zen, baina nik ez nekien fisikoki hain leku polita zenik. Ez nuen imajinatzen izango zituen zubi haiek egongo zirenik, jendea zer atsegina izango zen... Pixka bat horrela izan da beti», azaldu du.

«Niretzat oso garrantzitsua izan da nik bezala bidaiatu nahi duen jendearekin topo egitea. Hemen oso zaila zen»

MIRIAM URKIABidaiaria

Leku izen batzuek erakarrita joan da munduko leku askotara, baina ez horregatik bakarrik: «Inoiz ez zait gustatu turista asko dagoen lekuetara joatea. Hori oso garbi eduki izan dut: beti herria nolakoa den ikusi, merkatura joan, taberna batean sartu... Jendea nola bizi den ikusi». Horren adibide bat da Iran: «Gogoan daukat Iranen neska gazteak hurbiltzen zitzaizkigula ikaragarri, ingelesez hitz egitera. Bazekiten, baina ez zeukaten norekin hitz egin».

Madagaskarren egindako bidaia batean bidaide on batzuk egin zituen lagun, eta haiekin segitu du mundua esploratzen. «Niretzat oso garrantzitsua izan da nik bezala bidaiatu nahi duen jendearekin topo egitea. Hemen oso zaila zen. Hemen inori esan Papuara joan nahi dudala, eta pentsatuko dute zoratuta nagoela. Jende honekin posible izan da». 2008an, esaterako, neurrira egin zuten bidaia bat: «Batek Borneora joan nahi zuen, hango orangutanak ikusi nahi zituelako. Ados, ba. Beste batek Balira joan nahi zuen, eta beste batek Komodora, dragoiak ikustera. Nik Papuara joan nahi nuen, izenagatik. Eta horixe egin genuen».

Herrialde horiek denak, eta Pazko uhartea, Laos, Kanbodia, Senegal, Kamerun, Guatemala, Belize... Horiek denak bisitatu ditu Urkiak. «Niri bizipoza eman dit. Nik beti esaten nuen: urtero-urtero behar dut nire txutea. Behar dut hemendik atera, hemengo jendea ahaztu, hemengo arazoak ahaztu... Beste bizimodu bat». Azken bost urteotan ezin izan du hala egin, ama zaintzen aritu delako. Dena dela, «garbi daukat berrekingo diodala».

Josu Iztueta: «Niretzat bidaiatzearen motor nagusia jakin-mina da, baikorra izatea eta umorea izatea»

NAIROBITARRA- IZTUETA- ORTIZ
Josu Iztueta eta Angel Ortiz, duela bi hamarkada, Nairobitarrarekin. JOSU IZTUETA

Autobus gutxik ezagutuko zuten mundua Nairobitarrak baino hobeto. Josu Iztuetak eta Angel Ortizek 1982an autobus zahar bat hartu zuten, egokitu eta munduan barrena ibiltzeari ekin zioten. «Besteen oporrak gure lan egin genituen, eta 23 urterekin ardura handiak hartzen genituen. Baina ikasi genuen taldeak kudeatzen, eta horrekin bizitzen. Horixe izan zen. Nazkatu izan bagina, lehenago utziko genuen; dudarik ez dago», azaldu du Iztuetak. Izan ere, 2002ra arte aritu ziren Nairobitarrarekin, eta handik aurrera furgoneta txiki bat izan dute garraio eta etxe, pandemia ostera arte.

«Guretzat, oporrak baino gehiago, bizimodu bat zen. Bidaia bat prestatu, egin, ondo ateratzen zen, eta sos batzuk geratzen bazitzaizkigun hurrengo bidaia prestatu eta hurrengo bidaia egin... Horrela bizi ginen. Bizitza ez oso erosoa, baina bai gustukoa», nabarmendu du Iztuetak. Leku asko-askotan egona da Nairobitarrarekin: Saharako basamortura joan eta etorri egin izan dute, esaterako, eta Laponiaraino joan eta handik itzuli ere bai.

Amerikara joan zirenean, ordea, beste era batera antolatu zuten bidaia, Iztuetak gogoratu duenez: «Ameriketara barkuz bidali genuen [autobusa], eta gu hegazkinez joan ginen haraino. Ipar Amerikan, Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan ibili ginen. Orduan, San Frantziskotik New Yorkera bidaia osoa egiten bagenuen, han uzten genuen, itzultzen ginen eta hurrengo urtean autobusa zegoen lekura joaten ginen. Pixkanaka joan ginen Ushuaiaraino jaisten».

«Bidaiariak, nagusikeriaz ibiltzen baldin bada, Bolivian kalte handiagoa egingo du turista errespetutsu batek Kordobako meskitan baino»

JOSU IZTUETABidaiaria

Bidaia horiek denek gizakia eta gizartea ulertzeko balio izan diote Iztuetari: «Guk garbi ikusi genuen gutxirekin bizitzea hobe izango zela askorekin konformatu ezinik ibiltzea baino. Hori eta esker oneko izatea niretzat izan da bizitza honetan giltza. Nik uste dut badagoela pixka bat turista negatibotzat hartzeko joera, eta bidaiaria jatortzat. Eta ja motxileroa bazara, pentsa! Baina jarrera kontua dela uste dut. Bidaiariak, nagusikeriaz ibiltzen baldin bada, Bolivian kalte handiagoa egingo du turista errespetutsu batek Kordobako [Espainia] meskitan baino. Jarrera kontua da, eta berdin da maleta gurpildunarekin edo motxilarekin joatea».

Horren aurrean, baikortasunaren apologia egiten du Iztuetak: «Niretzat bidaiatzearen motor nagusia jakin-mina da, baikorra izatea eta umorea izatea. Umorea galdu ere egiten da. Optimista ez bazara, ez zara hogei lagunekin pista batean sartzen, ez zara Groenlandiara joaten. Jarrera baikorra behar duzu pentsatzeko egingarria eta posible dela. Umoreak tentsioak erlaxatzen ditu, eta elkarbizitza errazten du».

Hogei bat lagun eramaten zituen Nairobitarrak, eta hura ordezkatu zuen furgonetak, berriz, zortzi inguru. Harekin ibiltzen zen Iztueta COVID-19aren pandemia sortu zen arte, eta egokitu egin behar izan zuten. Kanpoko planak bertan behera utzi behar izan zituen, eta mendi bueltak antolatzen aritu zen. Baina mugarria izan zen garai hura: «Ikusi nuen 65 urte neuzkala: gustukoa izan duzu, baina 42 daramatzazu, eta agian erritmoa jaisteko garaia da». Hori egin zuen duela hiru bat urte. Orain, zer? Esaterako, ipar lurmuturretik etxerainoko bidea egiten ari da orain, bizikletan.

Oskia Petrizan: «Gustatzen zait bidaiatzea, baina ekonomikoki batzuetan ezin da hainbeste bidaiatu»

OSKIA PETRIZAN
Oskia Petrizan, aurtengo Aste Santuan, Bogotan. OSKIA PETRIZAN

Iruñeko irakasle bat da Oskia Petrizan, eta ez daki bidaiaria den edo ez. Hori bai: «Gustatzen zait bidaiatzea». Bai Euskal Herrian, bai munduan barrena. Adibidez, Grezian, Eskozian, Alemanian, Kroazian, Kuban, Kolonbian, Marokon eta beste hainbat herrialdetan egona da. «Baina ekonomikoki batzuetan ezin da hainbeste bidaiatu».

Euskal Herritik kanpora egin zuen «lehen bidaia handia» Parisera egin zuen, familiarekin. «Autoan joan ginen, eta nire gurasoek etxe aldaketa egin zuten. Gaur egun asko egiten da, baina orduan ez zen oso ohikoa. Gurasoek karabana bat dute Hendaian [Lapurdi], eta hau duela hogei urte izan zen. Parisko emakume baten pisura joan ginen, eta hura etorri zen karabanara. Orain ikusita, ez zen oso orekatua izan!», aitortu du, barrez.

Bere kasa egin zuen nabarmentzeko moduko lehen bidaia Kubara egin zuen, bi lagunekin. «Jakin-mina egon behar da, baina gehienetan niri berdin zait nora bidaiatu. Hau da, Kubara beste bi lagunekin joan nintzen; haietako bat dantzaria da, eta saltsa pila bat gustatzen zaio. Kubara joan nahi zuen, saltsa dantzatzera. Ados, ba, goazen! Ni nahiko malgua naiz alde horretatik».

Orain egin ohi ez duen bezala, bidaia hartan inprobisatzearen alde egin zuten: «Aste bat egin genuen Kuban, eta ez genuen pentsatu nola. Interneten ikusi genuen, adibidez, zer leku ikusi behar diren gutxi gorabehera. Lo egiteko lekuak, adibidez, ez genituen hartu. Halakoak. Oroitzen naiz aireportura iritsi ginela, eta autoa hartu genuela. Hegaldian bertan pentsatu genuen Matanzas herrira joatea. Hara heldu ginen, eta ez genuen lekurik lo egiteko. Hasi ginen jendeari galdetzen, eta horrela egin genuen. Abentura puntu batekin».

«Hemen leku harrigarri asko daude, e! Joera handia dugu kanpora joateko, eta hemen leku asko ditugu ikusteko. Beraz, oreka bilatu behar da»

OSKIA PETRIZANBidaiaria

A aldea dibertigarria da, baina horrek badu B aldea ere: «Ondo dago, espero ez dituzun esperientzia batzuk bizi izaten dituzulako eta espero gabeko pertsona batzuekin hitz egiten duzulako, baina nahi dituzun gauza batzuk ere galtzen dituzu agian. Ederki ibili ginen Kuban, baina bueltatu ginenean galdetzen ziguten ea batean edo bestean egon ginen. A, ez. Pixka bat inkontzientea izan zen alde horretatik».

Askoz antolatuagoa izan da, adibidez, Kolonbiara bikotekidearekin egin berri duen bidaia: «Oso hondartza zalea da. Klima berokoa da, eta ni mendizaleagoa naiz. Kolonbiak bi gauza horiek zituen, eta hegaldia merkea zen. Bera nahiko laukia da, eta gauza guztiak hartu zituen. Hasieran Eje Cafetero, Bogota eta Medellin ikusi genituen, eta Tisquizoqueko ur jauzian egon ginen; ez dira, gainera, oso turistikoak. Hortik Karibera joan ginen. Hiru egun lasaiago egin genituen hondartzan, Cartagena de Indiasen».

Jakin-mina ez zaio eten, eta buruan ditu beste hainbat helmuga: Suedia, Islandia, Letonia, Irlanda... Ametsak bai, eta ohartarazpen hau ere bai: «Hemen leku harrigarri asko daude, e! Joera handia dugu kanpora joateko, eta hemen leku asko ditugu ikusteko. Beraz, oreka bilatu behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.