Orain dela hamazazpi urteko Egunkaria-ko Ase etaGose 23. artikulua hartu eta garaiko joerak aski zehatzak, finko samarrak zirela irakurriko genuen. Gezurra dirudi dozena eta erdi urte eskas honetan nola aldatu den elikagaien munduko errealitatea, orduan hipermerkatuak, fast food, eta gainerako asko sortu berriak ez ziren arren. Hona gaurko Euskal Herrikoak, jeneralizatu eta laburbildurik:
• Jan-edanak erostean denbora gutxiago ematen dugu: denda txikia ia erabat utzia dugu, erosketa gehien-gehienak azalera handian egiten ditugulako; bertara, zerrenda eginik daramagu, baina ez itxita. Geure burua saritzen dugu alferrikako objektu eta litxarreriekin, aurrezkia egin dugulakoan.
• Gutxi kuzinatu behar diren janariak nahiago ditugu: prestatzeari dagokionez, elikagaiak gaur bost gamatan sailkatuak daude (izoztuak, latan kontserbatuak, barazkiak garbitu eta ebakita, etab.) fabrikatzaileak gure nahiak bete dituztelako; dendan ez ezik, sukaldean ere denbora gutxiago ematen dugu. Mikrouhin labean, adibidez, sartzeko moduko ontzia duten jaki aurrekuzinatuak nahienak ditu biztanleriaren parte handi batek. Edo plater moduko ontzian datorren entsalada, katiluko zopa prestatua, etab.
• Orain arteko janariak hiru (Hegoaldeko Euskal Herrian) edo lau platerek (Iparraldean) osatzen zuten baina jaki bakarreko janaria egiteko joera geroz eta hedatuagoa dago: xerra, pasta eta entsaladarekin, adibidez.
• Janaria telefonoz eskatzea geroz eta kontu ohikoagoa bihurtzen ari da.
• Osagai naturalak dituzten elikagai eta produktuak sekula baino hobetsiagoak ditugu, osasuna kezka bizia omen dugulako, aspektu batzuetan. Joera hori obsesio bihurturik, eko, bio, dietetikako jan-edari aberastuak, etab. biderkatu egin dira hipermerkatuko elikagaien alderdian.
• Elikagaien eskaintza ugaldu egin da, etorkinen presentzia areagotu ahala: kus-kus egiteko ontziak eta semola bera, hallal produktuak, udaberriko bilduki txinatarrak, Latinoamerikako fruta exotikoak… nonahi ikusten dira.
Eta horiek, orain dela hamazazpi urte, aurreikusteko modukoak agian bai, baina ez ziren errealitate.
Hazkurri kontuak
Jan-edanen merkatuaren egungo joerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu