Jangela, aldaketa lekua

Haur eskola eta ikastetxeetako jangeletan elikagai ekologikoak erabiltzeko egitasmoa da Ekolapiko. Zazpi herritako eskoletan, egunero 800 otordu ematen dituzte.

Haur batzuk, Ekolapiko egitasmoko jangela batean. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamarkada bat igaro da Donostiako hiru haur eskola inguruko baserritarrei elikagai ekologikoak erosi eta horien bidez jantokiko otorduak eskaintzen hasi zirenetik. Ez ziren hiru haur eskola solte izan, eta ez zuten ausaz egin eredu horren aldeko apustua. Atzetik zituzten Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), nekazaritza ekologikoa sustatzeko Biolur elkartea eta Cristina Enea fundazioa. Hiru elkarteen ekimenez abiatu zen Ekolapiko proiektua, eta hasierako hiru haur eskola horietatik zazpi herritako eskoletako jantokietara zabaldu da. Egunero, 800 otordu inguru hornitzen dituzte lekuan lekuko ekoizle ekologikoen produktuekin. Hamar urte igaro dira lehen urratsak egiten hasi zirenetik, eta, aste honetan, Ekolapiko gida aurkeztu dute.

Gida horrekin egitasmoa sustatu eta ikastetxe gehiagotara zabaldu nahi izan dutela aitortu du Txema Hernandez Cristina Enea fundazioko zuzendariak. «Azken boladan, jende asko etortzen ari zitzaigun informazio eske, eta eskaera horri erantzuteko da batez ere». Izan ere, Ekolapiko egitasmoarekin, jangeletan elikagai ekologikoak erabiltzea sustatzen dute, baina bultzatzaileen asmoa ez da aukera hori euren bidez egitea. Haiek bitartekari lanak egiten dituzte, inguruko ekoizle ekologikoa bilatuz, baina hori euren bitartekaritzarik gabe egin daitekeela dio. «Gure helburu nagusia janari ekologikoak zabaltzea da, eta, horretarako, aholkularitza doan eskaintzen dugu», dio. Beraz, jangelaren batek elikagai ekologikoak eskaintzen hasteko erabakia eurekin egin ala ez «gustura» leudekeela dio.

Ikastetxe eta haur eskoletara bidali dute dagoeneko gida hori, egitasmoa zabaltze aldera. Baina Ekolapiko proiektuarekin bat egiteko baldintza bat bete behar dute ikastetxeek: sukalde propioa izatea. Izan ere, sukaldariak lekuan lekuko baserritarrekin harremana izatea lortu nahi dute, Hernandezek azaldu duenez. «Hasieran, jangeletan elikagai ekologikoak egotea lortu nahi genuen, baina denborarekin jabetu ginen sukaldariei ere prestakuntza eman behar geniela». Hain zuzen, garai bakoitzean nekazariek zein barazki ekoizten duten. Era horretan, ekoizleak sukaldariarekin harreman zuzena izatea ere lortzen dute.

Hori da, beraz, sukalde propioa izatearen arrazoietako bat, baina ez bakarra. Elikagaiak jangelan bertan kozinatzea lortu nahi baitu Ekolapiko egitasmoak, eta jangela askok erabiltzen duten catering zerbitzua saihestu. Ikastetxe askok ez daukate sukalderik, eta zerbitzu horiek erabiltzen dituzte, baina ikastetxe publikoetan bestelakoa da eredua. Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoetan catering eredua diruz laguntzen du, eta hortik kanpo ez dago beste eredurik. Horregatik, trabak dauzkate eskola publikoetara iristeko garaian, eta Ekolapiko ikastetxe pribatu eta itunpekoetara iritsi da ondorioz.

Oraingoz, Gipuzkoako zazpi udalerritan dago martxan egitasmoa, baina ez dute baztertzen gida honekin Euskal Herri osora ere ateratzea. Larrabetzun eta Urduñan (Bizkaia) antzeko egitasmoak dauzkate martxan, eta haiekin harremana daukate Ekolapikoko kideek.

Pixkanaka areagotuz

Elikagai ekologikoen aldeko apustua egiten duten ikastetxeek, hala ere, ez dute hasieratik ehuneko ehunean egiten. «Pixkanaka hasten dira: lehenengo, barazkiekin; hurrengo urtean, akaso, ogi ekologikoa txertatuz euren dietan; ondoren, haragia, eta, horrela, pixkanaka, elikagai denak ekologikoak izan arte», dio Hernandezek. Behin eredu horren alde eginez gero, apurka areagotuz joatea baita helburua.

Baina egitasmoa ez da jangelan bakarrik lantzen. Etxeetara ere iristeko asmoarekin, gurasoei ere elikadura ekologikoaren inguruko ikastaroak eman dizkiete Ekolapikoko kideek, baita ikasleei ere. «Asmoa da jangelan ondo jatea, baina ondoren ohitura hori etxera ere eramatea». Ikasle eta gurasoekin baserrietara irteerak antolatu izan dituzte, «jaten dutena nondik datorren bertatik bertara ezagutzeko». Era horretan, baserritarrarekin harremana lortzen dute, eta baita ingurunearekin ere. Egitasmoak hamar urte bete baditu ere, elikagai ekologikoak sustatzen oraindik bide luzea daukate egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA