Bihar, BERRIAn

Jangeletako saltsa

Euskal Herriko ikastetxe askotan jaten da Arrasateko Ausolan catering enpresak prestatzen duen janaria. Egunero, ia 100.000 bazkari banatzen ditu, Euskal Herriko 500dik gora ikastetxetan.

Arrasateko Ausolan enpresako sukaldean, sukaldari bat lanean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Nagore Etxeberria.
2017ko urriaren 13a
19:11
Entzun

Eskola askotan ez dago sukalderik, eta, beraz, janari zerbitzua eskaintzen duten enpresetatik ekarri behar izaten dute eguneko otordua, halabeharrez. Beste catering enpresa gutxi batzuekin batera, Ausolan da ikastetxeak bazkariz hornitzen dituen enpresa. Egunero, ia 100.000 bazkari banatzen ditu Euskal Herri osoko 500dik gora ikastetxetan. Bihar, Ausolan enpresaren funtzionamendua eta lan egiteko moduari buruzko erreportajea argitaratuko da BERRIAko Bizigiro gehigarrian.

Catering enpresaren aukera, baina, ez dela jangelak kudeatzeko aukera bakarra aldarrikatzen du gizartearen sektore handi batek eta Gure platera gure aukera plataformak; gurasoek, ekoizleek, sindikatuek eta gizarte eragileek osatzen dute Gure platera gure aukera plataforma. Eskola bakoitzak bere jantoki eredua aukeratzeko aukera izatea aldarrikatzen du plataformak, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio egun indarrean dagoen araudia alda dezala. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren baimenarekin jantoki eredua aldatzeko aukera izan du Gernikako Allende Salazar ikastetxeak, baita Urduñako herri ikastetxeak ere (Bizkaia). Haien iritzia eta esperientziak ere jasotzen dira erreportajean.

Jangela kontuez gain, telesailek ere euren tartea izango dute Bizigiro gehigarrian. Bihartik hasita, telesailei eskainiriko atal berria argitaratuko da larunbatetan, hamabostean behin. Mr. Robot telesailari buruz hitz egingo du Ander Perezek lehen erreportajean. Eta zinema atalean, berriz, Handia filma izango du mintzagai Gontzal Agotek. Datorren ostiralean estreinatuko dute Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendarien filma, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.

Zinemara joan ordez, bestelako ekintzaren bat egin nahi duten irakurleek asteburuko proposamenetan izango dituzte hainbat aukera. Besteak beste, Euskal jaia ospatzekoak dira bihar Galdamesen (Bizkaia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.