Japonia, musikaz, haurrentzat

'Ekialdeko musika' ipuin eta soinu ikuskizuna taularatuko dute Donostian, gaztetxoentzat

Itzal antzerkia, narrazioa, irudiak, flauta eta harpa erabiliko dituzte ikuskizunean. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Japoniako musika, kondairak eta antzerkia biltzen dituen ikuskizun bat taularatuko dute gaur, Kursaalean, Donostian. Emanaldia haur eta gaztetxoentzat dago pentsatuta, eta Asiako herrialdearen kultura erakusteko asmoa du, entretenitzekoaz gain.

Arrantzale batek dortoka bat salbatzen du haur batzuengandik. Umeak makilakadaka ari ziren animaliaren kontra. Urashima Taro kondaira da, Japoniako tradizioko ezagunenetakoa, hango haur gehienek noizbait entzundakoa. Esker oneko animalia itzuli egingo da, handik urte batzuetara, arrantzalea saritzeko. Dortokaren, arrantzalearen eta haurren artean gertatzen dena kontatuko dute ahots, flauta eta harparen bidez. Izan ere, musika kondairaren parte da, eta arrantzalea salbatuko du.

Baina ez da soilik soinua izango: istorioa eta musika ilustratzeko, Asiako antzerki teknikak erabiliko dituzte, hala nola itzal antzerkia, haizegailu dantza, Japoniako marrazkiak, tradizionalak zein garaikideak.

Ana Hernandezek egin du ikuskizunaren diseinua eta gidoia, eta hark antzeztuko du. Roberto Casado flautaz arduratuko da, eta Marionne Leclerrek harpa joko du. Oono, Hirota, Yamada eta beste musikari japoniar batzuen lanak joko dituzte.

'EKIALDEKO MUSIKA'

Noiz. Gaur, 18:00etan.

Non. Kursaaleko Ganbara aretoan, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.