Duela hilabete eskas, Japoniako ipar-mendebaldean itsasikara izugarria gertatu da. Mugimendu sismikoak 9,0 indarra hartu zuen Richter eskalan, eta garai historikoetan gertatu den indartsuenetakoa da jada. Japonia, suzko gerrian dago, Pazifikoren ertzetan irla bolkaniko askok osatzen duten arkuan. Japonian eta inguruan lau plaka nagusi biltzen dira, tektonikoki oso eskualde ezegonkorra bihurtuz. Ipar Amerikako eta Pazifikoko plaka tektonikoek talka egin zuten martxoan; alegia, bigarrena lehenengoaren azpian sartu zen eskualdean gertatu zen itsasikara.
Ezaugarri tektoniko hauek Japonia munduko sismizitate-maila altueneko herrialdeen artean kokatzen dute. Horregatik, betidanik japoniarrek ezagutu dituzte lurrikarak eta jakin dute hauekin bizitzen, eta ahal den neurrian, aurrebabesa hartzen. Hala ere, noizean behin oso lurrikara bortitzek kalte handiak ekarri dizkiote: 1923ko Kantoneko lurrikarak 150.000 hildako eragin zituen Tokion eta hango inguruetan. Betidanik neurriak hartu badituzte ere, azken hamarkadetanbabes-neurriak areagotu dituzte eta, hala, milaka eta milaka bizitza salbatu dira. Joan den martxoan gertatutakoak, nahiz eta ikasgarri indartsua izan, proportzionalki oso kalte gutxi eragin zituen eraikuntza eta azpiegituretan.
Argi dago, beraz, neurri batean japoniarrek jakin izan dutela aurrebabesa ongi prestatzen. Baina indar handiko mugimendu sismikoetarako oso ongi prestatuta egonik ere, argi geratu da tsunamietarako ez daudela horren ongi prestatuta. Oraingoan gertatutako tsunamiak inoiz ezagutu diren handienen artean daude, baina ez gehiago. Hortaz, hori izan da japoniarren aurrebabesaren puntu ahuletako bat eta larrutik ordainduko dute luzaroan.
Baina, zein da egoera Euskal Herrian? Behin eta berriro aipatu izan da Euskal Herriaren sismizitate-maila baxua dela eta hemen ezin direla lurrikara indartsuak gertatu. Baina hortaz ere seguru egon al gaitezke?
Atzo, apirilak 6, bi urte bete ziren Italian 6,3 indarreko lurrikarak ehunka hildako eta kalte material handiak sortu zituela. Japonian bezalaxe, Italian maiz gertatzen dira lurrikarak eta kontuan izan behar dituzte eraikitzeko garaian. Iberiako Penintsula Italiatik gertu dago eta hegoaldea eta Pirinioak dira, hurrenez hurren, sismizitate handikoenak penintsulan. Izan ere, Afrikako eta Eurasiako plaken artean kokatuta dagoen mikroplakan dago Iberiako Penintsula. Bada, oso faila garrantzitsua dago Afrika eta Penintsula artean, Azores-Gibraltar faila. 1755ean 9,0 inguruko itsasikara izanzen han, alegia oraintsu Japonian gertatukoaren maila berekoa, eta penintsula osoan eragin zuen. Orduan ere tsunami indartsuak izan ziren eta, esaterako, Cadiz eta Lisboan triskantza handiak eragin zituen. Gugandik gertuago, Valladolideko katedraleko dorre bat erori zen beste kalte askoren artean. Beraz, Japonian, Txilen, Alaskan edo Kalifornian ez ezik, Euskal Herritik askoz hurbilago ere garai historikoetan gertatu izan dira oso mugimendu sismiko indartsuak. Azken hauei buruz oraindik ezer gutxi dakigu, oso gutxi. Eta azken urteotan hainbat geologok arreta eskatu diote Iberiako Penintsulako geotektonikari. Izan ere, ezagutzen ez diren faila asko egon daitezke eta bertan ere arrisku sismikoa egon.
Japonian gertatu berri den itsasikarak Euskal Herritik gertu jo izan balu, gure artean oso kalte handiak eragingo zituen. XVIII. mendean jo zuen bezala, lurriakarak Azores-Gibraltarreko failan joko balu ere, kalteak handiak izango ziren. Horretaz gain, Euskal Herrian bertan Pirinioak dauzkagu eta non-nahi faila andana, tartean Iberiako Penintsula eta Eurasiako Plakaren muga bera ere. Japoniarrek urteak daramatzate mugimendu sismikoak ikertzen eta neurriak hartzen baina, bistan dago, ez dute zetorrena behar bezala aurreikusi. Izan ere, mugimendu sismikoak aurreikusten orain arte egin diren ikerketek aurrerapen gutxi izan dute, arlo hau oraindik hastapenetan baitago. Lurra bizirik dago eta sismizitatea horren adierazle da. Gizakiok ezin dugu hori inoiz ahaztu. Lurraren ezagutza eta zor diogun begirunea dira biderik hoberenak kalteak saihesteko. Natura ez da errudun, guk geuk dugu ardura.
Ezarian. Zientzia. Argi aldian
Japoniakoa ikusita, salbu al gara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu