Maratila

Japoniarantz begira

Ane Muñoz.
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Aurreko hilabetean lagun batzuk Japonian izan ziren, eta, itzulitakoan, hamaika istorio kontatu zidaten hain ederki antolatuta dauden inurri azkar haien bizimodu ordenatu eta orekatuaz. Beste bitxikeria batzuen artean, liluratuta utzi ninduten hango komunen funtzionamenduarekin. Ikaragarria iruditu zitzaidan. Ze marabilla! Handik inoiz pasatu zaretenek jakingo duzue etxeetako komun guzti-guztiek tazaren alboan mando magiko bat daukatela. Botoi ezberdinak sakatuz gero, zera, batetik musika eta soinu atseginenak entzun ditzaketen bitartean—hots natural ezerosoak estali eta aldi berean inspirazioa ekartzen omen dute—beste bi botoi magikok ipurdiaren aurreko parteak eta atzeraxeagokoak ere garbitzeko ur jario zuzen-zuzenak askatzen dituzte. Beraz, beste hainbat kulturatan bezala, ez dute paperik erabiltzen.

Ba egunotan, zoritxarrez, japoniarrentzat ez da luxuzko aparaturik, ez komunik, ez deus. Hilotzak ugari, desagertuak milaka, hotza, janari eskasia, mina, atsekabea, nahastea, noraeza... eta tsunamiak kaltetutako guneetan komunik tente geratu bada, argindarrik gabe, zera, akabo aurrerakuntzarik modernoenak.

Txikitan maremoto baten inguruko film bat ikusi nuenetik betirako obsesio bilakatu zen, ezbehar beldurgarriena ez dela filmetan soilik gertatzen jabetzeko aukera izan dut, zoritxarrez. Tsunamien indarra. Jope, sarraskirik handiena eragiteko ez dute ez ordu askorik behar, hori da aurrean duten guztia gupidarik gabe irensteko modua! Eta hura gutxi bazen, erradiazio txuteak hastear omen dira zutik irautea lortu duten biztanle atsekabetuentzat. Gizajoak. Haiekin nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.