Komunikazioa. Pablo Mancini. Kazetaria eta idazlea

«Jarraitzaileek gure informazioa partekatzeak du benetako balioa»

'Kazetaritza eta hedabideak berriz asmatzen' zikloko bigarren hitzaldian, erabiltzaileen balio erantsia nabarmendu du kazetariak.

Donostia
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
«Milaka jarraitzaile izatetik harago, jarraitzaile horiek gure informazioarekin zer egiten duten, horrek du benetako balioa; hau da, jarraitzaileek gure edukiak partekatzen dituzten edo ez». Balioaren kontzeptua hackeatu beharraz mintzatu zen Pablo Mancini Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean, BERRIA Fundazioak eta Innobasquek antolatutako hitzaldi sortaren harira.

Egundaino informazioa prezioaren balioan ulertu izan dugula azpimarratu zuen Mancinik: merkantziaren balioan, eta ez erabileraren balioan. «Informazioa ohiko gauza bilakatu da; ugari dago, nonahi eta edonoren eskuetan. Orduan, zergatik joko dute guregana? Ohikoa berezi bilakatu behar dute hedabideek», dio kazetariak. Manciniren ustez, komunikabideek ardura handia dute, edonork duelako aukera informazioa argitaratzeko, baina ez dira ohartzen argitaratu baino askoz gehiago zabaltzen dutela, eta hor dago gakoa.

Zeintzuk dira erabiltzaileak edukiak partekatzeko arrazoiak?

Alde batetik, kalitatea. Partekatzen errazagoak dira edukirikosatuenak, erakargarrienak, ulergarrienak eta abar, gustagarriagoak diren heinean. Horretan, kazetaritza klasikora itzuli behar dugu. Bestetik, aitorpena. Erabiltzaileek atsegin dute edukiak partekatzen dituztenean eskerrak jasotzea, haien balioa aitortzea.

Esaten da kinka larrietan sortzen direla aukera gehienak. Non aurkitu behar dute kazetari hasiberriek motibazioa?

Lana egin behar dugu, baina pentsatu gabe lanerako hartuko gaituzten edo ez. Egunero argitaratu behar dugu zerbait. Idazteko norbaitek ordaintzeko zain baldin bazaude, ez zara benetako kazetaria. Hitzaren taxilaria zara, hitz bakoitzari tarifa bat ezartzen ari zara egunero aurrera ematen dituzun pausoei so egin ordez. Jakina zaila dela, baina idazten jarraitu beharra dago, nork bere buruari sinetsarazi balio duela. Lana lortzeko modua ez da gauzak noiz konponduko zain egotea; lan ona egin behar da. Bakoitzak bere balioak aurkitu behar ditu, eta zukua atera.

Ordainketa sistemek ba al dute lekurik eredu berrietan?

Ordainketa sistementzat badago lekua, baina, nik neuk, hedabide orokorretan ez nuke erabiliko.El Mundo oker dabilela uste dut, eta El País-ek ere hanka sartu zuen. Baina hori normala da egoera honetan; ez du esan nahi galduta dabiltzanik. Garrantzitsua da ohartzea ez dagoela gauza ziurrik, eta probatu, arriskatu eta hanka sartu beharra dago. Ereduak kopiatzea huts galanta da; bakoitzak berea bilatu behar du.

Hedabideek euren burua zuritzen ote dute herritarren kazetaritzaren aurka eginez?

Bai, hala da guztiz. Baina hori halabeharrezkoa da. Hedabideek beti esango dute herritarrek idatzitakoa kontrastatu gabe dagoela, balio gutxi duela eta abar; baina, nire ustez, herritarrek sortzen dutena baliotsua da; bilatzen jakin behar da. Erredakzio baten barruan egoteak ez zaitu gaitzen.

Hedabide asko euren webguneetan kateatuta gelditzen dira.

Hedabide gutxik partekatzen dituzte erabiltzaileen eta lehiakideen edukiak. Nire iritziz, beldur kultural bat da. Lehen, egunkari bakarra erosten zenuen, hedabide bakarretik edan, eta, orain, kontsumo eredua aldatu egin da, hedabide ugari kontsumitzen ditugu. Beraz, estrategia horrek ez du zentzurik. Editoreak lasai egoteko modu bat dela uste dut, benerako eraginik gabekoa. Beti leku berera garamatzaten loturek balioa galtzen dute. Gainera, ezer ez da berez hain perfektua, non beste ezertarako loturarik behar ez duen. Interneten zirrara hori da: lotuta egotea.

Eraldaketaren aroan, zein abantaila izan ditzake euskarazko komunikazioak?

Batetik, noski, nortasuna. Bigarrenik, igoera, gorantz doan hizkuntza bat delako. Estrategia komertzialari dagokionez ere, onura ugari ditu: enpresa askok tokiko izaera horretan dute interesa. Eta, azkenik, sentimendu globala: euskal komunitatea Euskal Herritiko mugetatik haratago doa, eta euskal hedabideak aukera paregabea dira euskara zabaltzeko. Abantaila handiak dituzte kultur arloan eta argiltalpen eremuan. Hain zuzen, hor aukera ugari daude kazetaritzan hasi berri direnentzat eta langabeentzat. Lan asko dago egiteko. Eta, egun, lan bat lortzea ez da curriculum bat izatea; argitaratzen duguna da gure curriculuma. Edukirik sortzen ez duena, berdin du non, ez da kazetaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.