MARIJANA BILBOKO ASTE. NAGUSIAN

Jatetxe bat gurpil gainean

Gaupaseroen gosea asetzeko prest dago aurten ere Hambroneta, Aste Nagusian. Patatak edo hanburgerrak izan, parrandaren ostean indarberritzeko behar den guzti-guztia dauka.

Bilboko Aste Nagusian Arriagako zubian jarriko dute Hambroneta, hirugarren urtez jarraian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Nerea Ibarzabal
Bilbo
2014ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Goizaldean, lehoi gosetiak bezala gerturatzen dira haragiaren usainera parrandazaleak. Tripazorriak txosnetako musika baino ozenago entzuten diren une latzetan, badira zenbait ibilgailu denen gosea asetzeko modukoak, nahi beste hanburger, saltxitxa eta hirugiharrekin. Hambroneta da horietako bat, eta hirugarren urtez egongo da Bilboko Aste Nagusian Arriagako zubian, gaueroko piztia saldo guztiak janarekin otzantzeko prest. Hozkailua beteta ekarri dute.

«Jendea dantzan, kantuan nahiz txisteak kontatzen hurreratzen da, baina, batez ere, jateko gogo eta presa handiz», kontatu du Leire Perezek, Hambroneta-ren sustatzaileak. AEBetan hain ezaguna den foodtruck txertatu nahi izan zuen Perezek Euskal Herrian —gurpil gaineko jatetxearen kontzeptua—, eta oraingoz arrakasta izan du bere egitasmoarekin, jairik jai baitabiltza uda osoan, etenik gabe. «Bizkaian mugitzen gara batik bat, baina pixkanaka gainerako lurraldeetara iristeko asmoa ere badaukagu».

Bada ogitarteko bat, zalantzarik gabe, izarra dena furgonetako eskaintzen artean. Bokapapa esaten diote, eta, gaztelerazko izenak adierazten duen bezala, ogitartekoaren eta pataten nahasketa bat da. «Bakoitzak nahi duen oinarria jar diezaioke: hanburgerra, saltxitxa edo hirugiharra. Gero, nahi adina gehigarri aukeratzen ditu ogi berotu berrian sartzeko, eta, ondoren, patata frijituak gehitzen zaizkio ogitartekoari», azaldu du Perezek. bokapapa-k 900 gramo pisatu dezake, eta inoiz ikusi ez duenarentzat zaila suertatzen da haragizko munstro hori ahoratzea, ordu txikietan batez ere: «Jende askok ez daki aurrena patatak jan behar direla, eta gero gainerakoa apurka-apurka. Batzuk dena ahoan aldi berean sartzen saiatzen dira… Oso barregarria izaten da egoera horiek ikustea», azaldu du, irriz.

Hambronetako hiru langileek gauez bizi dute uda: 20:00etatik txosnak ixten dituzten arte aritzen dira furgonetan lanean, eta, batzuetan gogor samarra egiten zaien arren, negozioa sortzean argi zeukaten hori izango zela baldintzetako bat. «Ohituta gaude. Azken finean, gure bezeroak 15-35 urte bitarteko gazteak izaten dira, eta haien ordutegi bera daukagu: egunez egiten dute lo haiek ere», dio Perezek. Dena den, badute modu bat lan orduetako giroa ahalik eta gehien goxatzeko: oso positiboak dira denak. «Hiztegia asko zaintzen dugu. Ez dugu ez, arazo eta halako hitz negatiborik erabiltzen; arazoei erronka edo aukera deitzen diegu, esaterako. Bai, friki batzuk gara, baina bezeroek nabaritzen dute, eta guk ere bai», kontatu du, ohi bezain irribarretsu, Perezek.

Bokapapa-z gain, entsaladak, gailetak eta bestelako ogitarteko motak ere ematen dituzte gurpil gaineko jatetxe berezi honetan, baina denek ez dute arrakasta bera izaten: «Aste Nagusi osoan, agian, bost entsalada baino ez ditugu saltzen. Bilbon saltxitxa ogitartekoak, patata frijituak eta hirugiharra eta gazta bezalako ogitarteko tipikoak eskatzen ditu jendeak, batez ere».

Hala ere, berezitasun bat dute furgoneta horretako jaki guztiek: bertako ekoizleei erositakoak direla. Hala dela ziurtatzeko, ekoizleen beren argazkiak dituzte Hambronetan, denen ikusgai: han ageri dira esaterako, Santi, Urdulizko okina, eta Iñaki, Basauriko Elexalde auzoko harakina. «Hemengo ekonomia indartzen dugu, eta horrek harrotasuna ematen digu guri, eta konfiantza bezeroari».

Jende asko eta denetarikoa ezagutzen du Perezek lanean. Gertaera xelebre asko ikusten dituzte gauetan furgonetako leihatilatik: «Santurtzin badugu bezero bat patata frijituak beti Nutellarekin eskatzen dituena, eta batzuek ogitartekoan pasta eta arroza jartzea nahi izaten dute. Edanda daudenean, gehigarri guzti-guztiak jartzeko eskatzen dute askok!». Diru guztia parrandan xahututa iristen direnak ere badaude, eta azken xentimoraino tratuan aritzen omen dira. Baina hori gaueko giroaren eta ondorioekin lotzen ditu batez ere Perezek, eta halakoak ez ditu modu txarrean hartzen. Alderantziz. «Gaua joan eta gaua etorri, azkenean haietako asko lagun egiten ditugu, eta hori oso atsegina izaten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.