Jazz eta blues erritmoko uzta

Jazz eta blues musikak urtean hilabeterik badu, hori uztaila da. Getxon, Donostian, Gasteizen eta Hondarribian, estilo horiek biltzen dituzten jaialdiak egingo dira uztailean.

Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Rock, pop, indie edo elektronikatik aparte, musika eskaintza ez da jaialdi handietara bakarrik mugatuko. Jazz eta blues jaialdiak ere ohikoak izaten dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan, eta horiek ere euren jarraitzaile fidelak izaten dituzte. Bi estilo horietako jaialdi denak, gainera, uztailean egingo dira. Bluesaren eta jazzaren hilabetea hori dela esan daiteke, beraz. Uztailean, besteak bestea, honako jaialdi hauek egingo dira: Getxo Jazz, Donostiako Heineken Jazzaldia, Gasteizko Jazz jaialdia, Getxo Blues eta Hondarribia Blues Festival.

Getxo Jazz jaialdia izango da lehena. Uztailaren 1etik 5era bitartean, jazz erritmoak nagusituko dira Algortako (Getxo, Bizkaia) Biotz Alai plazan. Lehen eguna luxuzko gonbidatu batekin hasiko dute, gainera: Jorge Pardo flauta eta saxofoi jotzailea lauko formatuan arituko da. Uztailaren 2an, Uri Caine jazz eszenaren berritzaile handienetariko bat egongo da Getxon, eta, hurrengo egunean, Hermeto Pascoal brasildarra. Jaialdiko azken bi egunetan, bestalde, jazzaren esparruko bi emakume ahots garrantzitsu igoko dira taulara: uztailaren 4an, Dee Dee Bridgewater, eta, hurrengo egunean, Esperanza Spalding.

Jazzak Gasteizen izango du jarraipena. Uztailaren 12tik 16ra bitartean, Principal antzokian eta Mendizorrotzako kiroldegian jazz doinuez gozatu ahal izango da. Horien artean egongo dira Bryant Jones, Ruthie Foster, Taj Mahal Trio eta Tom Harrel Trip. Hala ere, jaialdiko izarretako bat Pat Metheny izango da. Ron Carterrekin batera igoko da taula gainera, uztailaren 16an.

Donostiak ere, urtero legez, luxuzko kartela osatu du Jazzaldiak iraungo duen egunetarako; uztailaren 20tik 25era izango da. Urtero legez, doako kontzertu ugari eskainiko dituzte Zurriolako hondartzan eta hiriko beste agertokietan. Ordaindu beharko direnen artean, Diana Krall abeslariaren kontzertua dago. Donostiara itzuliko da berriro, eta hura izango da aldi honetako izen azpimarragarrienetako bat. Jazzaldiko azken egunean egongo da, Trinitate plazan. John Scofieldek, Brad Mehldauk eta Mark Guilianak eskainiko duten kontzertua ere nabarmendu daiteke, baina artista gehiago ere egongo dira: Gloria Gaygnor, Jan Garbarek Group, Ellis Marsalis Quartet, Charles Bradley & His Extraordinaries, Steve Coleman & Five Elements eta Snarky Puppy.

Hori, jazzari dagokionez. Hondarribia (Gipuzkoa) eta Getxo izango dira bluesaren hiriburuak aurten, biak ere antzeko egunetan. Getxoko jaialdia jazzekoa egin eta astebetera izango da, plaza berean. Popa Chubby gitarra jotzailearena izango da kontzertu nagusia. Horrez gain, Iker Piris & Blas Picon, The JB's Original James Brown Band Featuring Marta High eta Sugaray Rayford izango dira Biotz Alai plazan.

Hondarribiko Blues jaialdia uztailaren 14tik 17ra egingo da. Henry Gray piano jotzailea izango da hango izarretako bat. 90 urte ditu, eta bluesaren «azken izar bizietako bat» izendatu izan dute. Horregatik, hari emango diote Hondarribia Blues jaialdiaren 2016ko saria. Uztailaren 16an joko du Grayk, Benta agertokian, baina beste bitan ere igoko da taula gainera. Horietako batean, Bob Corritore harmonika jotzailearekin batera joko du. Amaiera ekitaldian ere ariko da. Bestalde, Etta James abeslariari omenaldia egingo diote larunbatean, The Etta James Experience taldearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.