ATZEKOZ AURRERA. Victor de Diego. Saxofoi jotzailea

«Jazz musika ez dago zertan ulertu beharrik; sentituta nahikoa da»

'Victor de Diego on Trane, the music of John Coltrane' da musikari bilbotarraren azken proiektua. Coltrane handiari egindako omenaldia: «Gorputz osoa astintzen dit; sekulako inpaktua eragin zidan ariman».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Saxofoi jotzaile bat saxofoirik gabe argazkian. «Beti agertzen naiz saxofoi batekin; oraingoan, nahiago dut saxofoirik gabe agertu», eskatu du Victor de Diegok (Bilbo, 1964). Victor de Diego on Trane, the music of John Coltrane bere azken proiektua da aitzakia eta doinua, jazzari notak jartzeko. Eskarmentu eta inprobisazio jam session eder bat.

Zergatik Coltrane?

Gustatzen zaizkidan gauza guztiak biltzen ditu: tradizioa, soinua... Klasiko gehiagok ere badute hori guztia, eta gaur egungo askok ere bai, baina Coltrane txundigarria da, jeinutasun puntu bat dauka. Musikak hunkitu dezake bihotza, burua... Coltranek gorputz osoa astintzen dit. Konpletoena da, ez jotzeko moduarengatik, baizik eta nire ariman izan zuen inpaktuarengatik.

Diskoak 150 pezetan erosten zenituen garaikoa da.

Aspaldiko kontuak dira [barrez]. Miles Davisek astindu gintuen modu bortitzean, eta Miles Davis Quintet hartan John Coltranek jotzen zuen. Orduan ezagutu nuen, eta orduan murgildu nintzen jazzean.

Jende gazteak, ordea, ez ditu jada izen horiek ezagutzen. Egin da jazzaren transmisiorik?

Galdera potoloa da. Irakaslea ere banaiz, eta goi mailako musika eskolak ematen ditut Bartzelonako Liceu kontserbatorioan. Termometroa badaukat, eta esan dezaket badaudela musikari gazteak horiek entzunez hasi direnak, ni bezala. Ez direla gehiengoa? Ez. Baina lehen ere ez ginen gehiengoa.

Izan ere, jazza elitista da.

Ez, ez da. Jazza da musikariak jotzen duena. Musikariak modu elitistan jotzen badu, handiputz bat bada, haren musika elitista izango da, eta jendea ez da giro horretan sartuko, ez da haren kontzertu batera sekula bueltatuko. Litekeena da nik ere lehen hori egin izana: «Nik joko dut nire musika, eta kito». Gaur garbi daukat helburua dela jendeari musika gustatzea, eta joko dudala sentitzen dudan musika, baina jendeari ere hori sentiarazteko. Jazz musika ez dago zertan ulertu beharrik, sentituta nahikoa da.

Baina garestia da jazza.

Ez, ez dut uste.

Norah Jones Jazzaldian entzuteko 95 euro ordaindu behar da.

Hori bai dela garestia.

Jazzaldiak puzten ari dira?

Programatzaileek jende famatua behar dute, bermatzeko antzokiak bete egiten direla. Dirua jartzen duenak hori exijitzen du.

Zeuk esana: «Batzuetan, jazzaren falta sumatzen dut jazzaldietan».

Ulertu behar da Donostiako Jazzaldian goi mailako musikariak egon daitezen, egon behar dutela beste artista batzuk Zurriolako hondartza lehertuko dutenak. Agintariek-eta ikus dezaten jazzaldiak funtzionatu egiten duela, eta hurrengo urtean ere diruz laguntzea merezi duela.

Zer-nola dago jazz zirkuitua Euskal Herrian?

Jende gaztea badator, Musikenen-eta sekulako lana egiten ari dira. Baina jende gazte horrek gero ez du toki egokirik jo ahal izateko. Publikoak ez daki existitzen direla.

Eta zer-nola Victor de Diego?

Askoz argiago daukat nor naizen eta zer jotzen dudan. Askoz seguruago joaten naiz nahi dudan hori jotzera.

Jende berria sortzen ari da?

Coltrane, Parker eta enparauak sortu ziren. Ez dugu Coltrane eta Parker berririk behar. Keith Jarret entzutea ederra da, baina taberna zulo batean sartu eta jende berria deskubritzea ere bai. Bilboko Jazzon aretoa, adibidez, leku zoragarria da. Ia egunero goi mailako musikariak programatzen dituzte. Han jo du, adibidez, Mark Turnerrek. Gaur egungo saxofoi jotzaile interesgarrienetako bat da. Ez dago joan beharrik ez dakit nongo jaialdi batera Brad Mehldau entzutera, 100 euroren truke. Eta zoragarria da Mehldau, munduko onenetakoa, baina entzun dezakezu musika berdintsua toki alternatiboetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.