Eli Zunzunegi

«Jende askok esaten dit kataluniar doinua daukadala»

Orain dela hogei urte iritsi zen Eli Zunzunegi Bartzelonara. Geroztik, Katalunian gertatzen denaren berri ematen du EITB taldeko irrati eta telebista kateetan. Gertutik aztertuko ditu gaur Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak.

Iñaki Lasa Etura.
2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Normalean baino lan gehiago izaten ari da Eli Zunzunegi EITBk Bartzelonan duen berriemailea (Legorreta, Gipuzkoa, 1966). Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskundeen berri ematen dabil jo eta su. Eta hala jarraituko du hurrengo egunetan ere, ondorena eta erreakzioak jaso behar baititu.

Lan eta lan zabiltza azkenaldian. Hauteskundeak amaitzeko desiratzen?

Alde batetik bai, hauteskunde kanpainak oso gogorrak izaten direlako; baita igandean [gaur] zer gertatuko den jakiteko ere. Jakin-mina piztu dit. Ondorena ere ikusi nahi dut, zer gertatuko den, nola bideratuko den hau guztia.

Jarraipen handia eduki du kanpainak. Independentzia mahai gainean jarri da. Nola bizi dute hori guztia katalanek?

Ikusmina piztu du, Katalunian eta Kataluniatik kanpo. Joan den igandean telebista autonomikoak hautagai guztiak bildu zituen, eta halako eztabaida batek inoiz izan duen audientzia handienetakoa eduki zuen. Horrek interesa adierazten du. Jendeak jakin nahi du zer gertatuko den, nola jarraituko duen. Batzuek igandekoan jarri dute itxaropena, nahiz eta ziur asko ez den gauza handirik konponduko momentuan. Izatekotan, luzera izango da.

Gaurko kinielarik bai?

Zaila da. Uste dut oraingoan inkestekez dutela balio handirik, oraindik ere [ostegunean egin zen elkarrizketa] jende asko dagoelako botoa nori eman jakin gabe. Beste gauza bat, hemengo independentistek ez dute sekula pentsatu CiUk bideratuko zuenik subiranotasunaren prozesua. Batzuek susmo txarrez ikusten dute CiU izatea hau egiten ari dena. Baina, bestalde, independentziaren alde dauden asko harritu egin ditu Masek Diadaren ostean egin duen apustuak. Horietako askok botoa emango diotela uste dut, baina aitortu gabe. CiUk gehiengo osoa lortzen ez badu ere, gorakada izango du. Autodeterminazioa defendatzen duten taldeek, ERCk, CUPek, gorakada handia izango dute.

Kataluniatik datozen albisteen berri izateko katebegia zara euskaldunentzat. Euskal kazetari batek nolako begiekin ikusten du gertatzen den guztia?

Hogei urte daramatzat hemen. Etorri nintzenean, oso garbi nuen zein zen Euskal Herriko interesa. Saiatzen nintzen euskaldunentzako interes horren barruan pentsatzen. Hogei urte pasa dira, eta asko murgildu naiz hemengo gizartean, eta batzuetan katalan gisa ikusten ditut gauzak. Halere, iruditzen zait euskaldunentzat hemen gertatzen ari dena oso garrantzitsua dela. Kataluniatik garai batean miresmenez begiratzen zen euskal gizartea. Orain, agian, alderantziz gertatzen ari da, batez ere Diadaren manifestazioaren ondoren. Kataluniakoa gizarte mugimendua da, eta erakargarria da.

Hogei urte Bartzelonan. Kataluniar petoa egina egongo zara dagoeneko.

Bai, neure burua erdi kataluniar ikusten dut. Noizean behin begiratzen dut Legorreta aldera, Euskal Herrira. Oso ondo egokitu naiz hemen; ezingo nuke euripean hilabete asko eman orain, eguzkiaren beharra daukat. Bestalde, janaria-eta ekarriko nuke. Joan den asteburuan Tolosan izan nintzen, eta babarrunak eta odolkiak erosi nituen; bapo bazkaldu nuen igandean.

Hemendik gutxira kataluniar doinuarekin entzungo zaitugu irratian orduan.

Euskaraz ez da hainbeste nabaritzen, baina gazteleraz hitz egiten dudanean jende askok esaten dit hori.

Telebistako eta irratiko lanagatik zara ezagun, baina prentsan ere ibili izan zara.

Kataluniara etorri ginenean egin genuen De bat a bat aldizkaria, kataluniar eta euskaldun batzuen artean. Garai hartan iristen zen informazioak Euskal Herriko gatazkarekin zuen lotura beti, eta horrek amorrua ematen zidan. Euskal kultura oso aberatsa zela erakutsi nahi genuen, nahiz eta jendea topikoetan gelditu. Oso esperientzia polita izan zen. Egitasmo horretatik Euskal Herria Sona musika jaialdia sortu genuen. Guk hasi genuen, eta oraindik mantentzen da; gero eta indar handiagoarekin, gainera. Harro nago horrekin.

Bueltatuko al zara Euskal Herrira?

Oraintxe bertan ez daukat itzultzeko asmorik. Etorkizunean ez dago esaterik. Une honetan nire bizitza nahiko egina daukat, hemen daukat familia, nire senarra eta umeak hemen daude. Euskal Herrira sarri joaten naiz, oso gustura. Ez nuke hori utzi nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.