Aurtengo sanferminetako entzierroen artean luzeena izan da: bi minutu eta 35 segundo. Baita arriskutsuena ere. Jose Escolar ganadutegiko zezenak oso bizkor atera dira San Domingoko ukuiluetatik, baina ibilbideko zenbait gunetan pilatutako jendetzak eta zenbait lasterkariren jokabide arduragabeak zaildu egin du lasterketa, eta arrisku handiko uneak izan dira hala Mercaderesen nola zezen plazara sartzeko kalexkan.
Zezen saldoak anaituta egin du lasterketaren lehen zatia. Ziztu bizian igo dute San Domingoko aldapa, joaldunak zituztela aurretik, eta abiada bizi horren ondorioz, oreka galdu eta estropezu egin dute zenbait lasterkarik.
Udaletxe plazara iritsita, baina, beste lasterketa bat hasi da: aurrea hartu du zezen griskara batek, eta Mercaderes karrikako eskuinaldean geldirik zeuden zenbait korrikalariren aurka jo du bete-betean. Tentsio uneak bizi izan dira hor eta baita Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunean ere, batez ere, kantoietan pilatutako jendetza zela-eta. Askok bertatik bertara ikusi nahi zuten entzierroa, eta hesian gelditu dira kieto, inbutu gisako bat sortuz.

Mercaderesko bihurgunean erritmoa mantsotu da une batez, eta zezenek aukera izan dute berriro elkartzeko. Anaituta egin dute Estafeta karrika osoa. Hain zuzen, kale horren bukaeran eta Telefonicako zatian nabaritu da, batez ere, gaurkoa izan dela asteburuko lehen entzierroa eta jendetza dabilela Iruñeko kaleetan barna. Zenbait pilaketa sortu dira inguru horretan eta hor ere izua nagusitu da, korrikalariak bata bestearen gainean erori direnean zezen plazaren sarbidean.
Arriskua areagotu dute zenbait korrikalariren arduragabekeriek ere. Azken egunetan, sare sozialetan eta zenbait hedabidetan bolo-bolo ibili da Joker pertsonaiaz mozorroturiko lasterkari estatubatuar bat. Gaurkoan, sakelako telefonoa eskuetan sartu da lasterketara (hori egitea debekatua egon arren) eta bere burua grabatu nahi izan du zezenen adarren aurrean korrika. Udaltzaingoak isuna jarri dio.

Hamabost zauritu
Larrialdietako Zuzendaritzaordeak emaniko datuen arabera, hamabost zauritu izan dira gaurko entzierroan; horietako bat, aurpegian adarkada jasota. Mercaderes karrikako zatian izan da. Gainerakoak kolpeengatik artatu dituzte: sei lasterkari Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte berehala, eta gainerakoak ibilbidean bertan artatu dituzte.
Pronostiko larria dute zaurituetako bik. Horietako bat ZIU Zaintza Intentsiboko Unitatean dago: Cordobako (Espainia) 65 urteko gizonezko bat da. Zezen plazatik eraman zuten ospitalera kolpe gogor batengatik, eta hain zuzen, kolpe horrek aldebiko pneumotorax bat eragin dio; biriken kolapsoa, alegia.
Larri zauritutako beste lasterkaria 63 urteko gizon bat da, Zizur Nagusikoa (Nafarroa). Ezker aldakako hezurra hautsi du, San Domingo kalean erorita. Nafarroako Unibertsitate Ospitalean daude biak ala biak.