Euskaltzale andana batu zen atzo Herri Urratsen. Aro ederra eta tarteka euri arina lagun, Senpereko (Lapurdi) aintziraren inguruko egitarauaz edozeinek goza zezakeen, publiko ororendako antolatu baitzituzten kontzertuak, ikusgarriak eta animazioak. Oro har, atzokoari balorazio «oso ona» egin dio Herri Urratseko koordinatzaile Koldo Rodriguezek. Haren erranetan, zeruari behatu gabe Senperera joateko hautua egin zuten milaka euskaltzalek. Eguna ederki eta goxoki pasatu zela zehaztu du. «Jendeak aukera izan zuen egitarau osoaz disfrutatzeko, aurrera eraman baikenituen programatutako ekintza guziak».
Atzoko bestak belaunaldi oro bildu zuela erran du Herri Urratseko lehendakariorde eta guraso Mañu Erbitik. Haren hitzetan, haurrek, zaharrek eta gazteek «giro alaian» pasatu zuten eguna. Antolatzaileek ez zuten uste eguzkia agertuko zenik, eta, Erbitiren irudiko, aro onak «anitz» jokatu du besta «ezin hobea» sortzeko laku inguruko zazpi guneetan barna.
Gune horien artean berri bat sortu zuten antolatzaileek: tokiko gunea. Tokiko laborariek beren mozkinak kozinatu zituzten, eta, plater nagusiak ez ezik, tokiko izozkiak ere saldu zituzten arratsaldeko eguzki kolpeez babesteko. Alde horretatik bederen, Rodriguezek ondorioztatu du tokiko gunearen proposamena «ongi» hartua izan dela eta «erantzun ona» ukan duela. Orain gune horren lehen aldia baloratu behar dutela erran du, baina kalitatezko jatekoa ahalik eta prezio duinenean eskaintzeko xedea heldu diren aldietara luzatzea nahi luke. «Gune hori bat dator gure filosofiarekin: kalitatezko mozkinak ahalik eta prezio duinenean proposatzea».
Jende gutiago
Nahiz aro ederra izan, Rodriguezek ohartarazi du «iaz baino jende gutiago» ibili zela atzo Senperen. Haren arabera, aitzineko egunetako eguraldi iragarpen txarrek anitz eragin dute. «Atzo goizean sekulakoak bota zituen leku batzuetan, eta uste dut batzuk etortzeko motibaziorik gabe gelditu zirela».
«Atzo goizean sekulakoak bota zituen leku batzuetan, eta uste dut batzuk etortzeko motibazioarik gabe gelditu zirela»KOLDO RODRIGUEZHerri Urratseko koordinatzailea
Erbiti ez da iritzi berekoa. Nahiz iruditzen zaion jende gutiago izan zela, oraino ez dakite zehazki zenbat ziren. Salduriko janariaren eta txartelen arabera, guti gorabeherako kopuru bat ateratzen dute urte guziz. Hortaz, kontatu duenez, ikuspegi orokorra gazi-gozoa bada ere, salmenta emaitzen beha egonen da ondorio bat atera baino lehen.

Justuki, zenbat jende zen kontatzea zaila dela ohartarazi du Herri Urratseko lehendakariordeak. Gainera, pentzeak ez zituzten zabaldu lohi gehiegi zelako, eta, hortaz, aurten zailagoa izan zaie autoen kopurua neurtzea. Bertzalde, kontent agertu da Erbiti, iaz baino jende anitzez gehiagok hartu zuelako Txik Txak autobus zerbitzua. Heldu den urteari beha dago Herri Urratseko lehendakaria, eta autobus zerbitzuak indartzea nahi luke.
Garbiketa lanak
Atzo Senperera joan zirenek egun eguzkitsuaz gozatu bazuten ere, gaur «erle garbitzaileak» etorri dira aintzira ingurura. Erbitik erran duenez, Herri Urrats biharamuna ere biziki garrantzitsua da, laku ingurua ahalik eta garbiena utzi behar baitute. «Sekulako lana dugu dena desmuntatzeko. Dena garbi-garbi utzi behar dugunez, lan handia izaten da Herri Urrats biharamunean».
«Sekulako lana dugu dena desmuntatzeko. Dena garbi-garbi utzi behar dugunez, lan handia izaten da Herri Urrats biharamunean»MAÑU ERBITIHerri Urratseko lehendakariordea
Izan ere, bi talde egiten dituzte garbiketa lanak egiteko. Rodriguezek aditzera eman du Senpereko lakua gune naturala den heinean aurkitu duten bezala utzi behar dutela, hots, hondakinik gabe. «Nahiz indar handia egiten dugun zabor ahalik eta gutiena erabiltzeko, besta batek beti uzten ditu arrastoak, eta orain horiek garbitu behar dira».
Maiatzaren 23ari begira
Atzo goizean egin ekitaldi instituzionalean, Seaskak baliabide gehiago eta errespetua eskatu dizkio Frantziako Hezkuntza Ministerioari. Aldarrikapena bururaino eramateko, maiatzaren 23an Baionako karrikak betetzeko deia zabaldu du Seaskak.
Izan ere, azken bilkuran, Bordeleko Akademiako errektore berriak erran zuen prest zela euskarazko irakaskuntzari sostengua emateko. Baina, euskalgintzako eta Euskal Herri osoko eragileak bildu zituen ekitaldi batean, Erik Etxart Seaskako lehendakariak salatu zuen oraingoz «deus» ez dela lortu. Horren harira, mintzagai izan zuen Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin duten hitzarmena, 2022tik berritu gabea, eta salatu zuen heldu den iraileko eskola sartzea ezegonkorra izanen dela. «Laster maiatzean izanen gara, eta oraindik ez dakigu irailean zenbat irakasle postu izanen ditugun».

Bertzalde, kezkatua agertu zen formakuntzaren arloan dituzten beharrei erantzuteko zailtasunak dituztelako. Integrazio Batzordeak behin eta berriz salatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dituela ahalak ematen behar bereziak dituzten ikasleendako. 200.000 euro behar lituzke azken urteetako defizitari aurre egiteko eta oinarrizko beharrei erantzuteko.
Herri Urrats ongi finiturik, baina baliabide gehiagoren beharrean eta «ele ederrak» bazter uzteko garaian dela azpimarraturik, iraileko eskola sartzea eta behar orokorrak asetzeko neurriak nahi ditu Seaskak.