Baliabideak eta errespetua. Horixe eskatzen ari da Seaska; eta are ozenago entzun dadin maiatzaren 23an Baionan mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Herri Urratsen hasierako ekitaldian egin du deia ikastolen elkarteak, eta jaiaren aurkezpenean egin zuen moduan, Frantziako Hezkuntza Ministerioari adierazi dio «ele ederrak» ez direla aski.
Azken bileran, Bordeleko Akademiako errektore berria «prest» agertu zen euskarazko irakaskuntzari buruzko hobekuntza batzuk lantzeko, baina Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak adierazi zuen ez zutela «deus zehatzik lortu». 2022tik iraungia da Seaska eta Frantziako Hezkuntza Ministerioa lotzen dituen hitzarmena, eta horri buruz ezer esan ez izana gaitzetsi zuen Etxartek: «Laster maiatzean izanen gara, eta oraindik ez dakigu irailean zenbat irakasle postu izanen ditugun».
«Kezka» agertu zuen formazio eta inklusio arloetan dituzten beharrei buruz ere. Integrazio Batzordeak behin baino gehiagotan salatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dituela baliabide nahikoa ematen behar bereziak dituzten haurren inklusiorako. Gaur egun 200.000 euroren beharra dute.

Ikastolak ekonomikoki sostengatu eta zinezko hizkuntza politika bat martxan jar dezaten eskatzeko, Herri Urratsera deitu zituzten herritarrak, eta horretan behintzat zorteko izan direla dirudi: iragarpenak ez ziren onak, baina gaur Senperen (Lapurdi) elkartu diren milaka euskaltzalek lagun izan dute eguzkia. Oparoa izan da Senpereko lakuaren bueltan antolatutako egitaraua.
Jende gehien Nafarroa-Badok guneko kontzertuetan elkartu da. Hango oholtzan eman du kontzertua Duplak, aurtengo abestiaren egileak, eta haiekin batera heldu da eguneko ezuste nagusia: Pantxoa eta Peiok abesti batzuk abestu dituzte, eta gogotik gozatu du han elkartutako publikoak. Eremu berean aritu dira Kode, Mirabe, Karena, Maskak, P.I.L.T. eta Marte Lasarte. Karena izan da Herri Urratseko II. Musika Maketa Lehiaketako garailea.

Goizean goiz hasi da mugimendua gainontzeko zazpi guneetan ere. Lapurdi eta Bizkaia guneetan haurrentzako eskaintza izan da; pailazoak eta ikastolen arteko erronka, esaterako. Araba-BERRIA eremuan ere musika izan da nagusi, baina beste ikuskizun batzuk ere baziren egitarauan. Hango oholtzara igo dira Sune, Olatz Salvador, Ezpalak eta Frigo.
Bertsolariek ere izan dute beren lekua, Gipuzkoa gunea. Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Patxi Iriart eta Aitor Servier aritu dira kantuan, Ortzi Idoatek gaiak jarrita. Jarraian, Baionan Kantuz taldearen ikuskizuna izan da, besteak beste.
Azkenik, Xiberoa gunean, dantza izan da protagonista nagusia. Han aritu dira Estitxu Robles eta Dantzaz konpainia, Ligiko dantzariak eta Kukai. Arratsaldean, Elepunto DJ-ak girotu du ingurua. Gune horrek berezitasun bat izan du aurten, lehen aldiz: Tokiko gunea. Jatekoa eta edatekoa tokikoa eta kalitate onekoa izan da, inguruko etxaldeei zuzenean erosia.
Ikusi gehiago
Zazpi gune horietaz gain, Kattalin Elizalde Ikastegia izeneko gunea ere jarri dute: jatekoa izan da, edatekoa, eta txartelak hartzeko aukera, baita herri kirolak eta umeen pilota partidak ere, espresuki antolatuak. Edozein gunetatik abiatuta, aintzirari bira osoa emateko aukera eduki dute bisitariek. Bidean, gainera, ikuskizun ugari izan dira: joaldunak, gaiteroak, Punttu Kakotx, Dizkobolo, Hots kolektiboa...
Ikusi gehiago