Erlezaina

Julian Urkiola: «Jendea ez da konturatzen zer garrantzi duten erleek»

50 urte inguru daramatza Urkiolak erlezain lanetan. Gipuzkoako Erlezain elkarteko lehendakari ere izan zen, eta liztor asiarrari aurre egiteko lan ugari egin behar izan du. Errelebo falta da haren kezka nagusietako bat.

Julian Urkiola erlezaina, astelehenean, bere erlauntzen ondoan, Ereñotzun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julian Urkiola erlezaina, astelehenean, bere erlauntzen ondoan, Ereñotzun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ane insausti barandiaran
Hernani
2026ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Isil-isilik gerturatu da Julian Urkiola (Usurbil, Gipuzkoa, 1945) erlauntzara, erleak ez aztoratzeko: gainean duen harria albo batean utzi, eta, kontu handiz kendu dio estalkia. Hortxe agertu da hainbeste buruhauste ematen dizkien izakia: «Hara, hemen dago liztor asiarra». Plastiko batek babesten ditu, ordea, erleak harengandik. Erlezaina da Urkiola, eta Gipuzkoako Erlezain elkarteko lehendakaria izandakoa ere bai. Orduantxe iritsi zen liztor asiarra Euskal Herrira, eta lan ugari egin behar izan du, haren arriskuez ohartarazteko. Afizioz egiten du erleekin lan, eta afizioz parte hartu zuen 20.000 especies de abejas filmean ere, aitona Julianen rolean.

Zenbat denbora ematen duzu hemen, erlauntz artean?

Ez naiz egunero etortzen, eta, orain, neguan, gutxiago. Udaberrian eta udan gehiagotan etortzen naiz, astean bi aldiz gutxienez. Beste batzuetan egunero ere bai, segun eta zer lan egin behar dudan.

Zenbat erlauntz dituzu? Hamabost bat bai, ezta?

Bai, eta Iparragirre sagardotegian ere baditut beste zazpi edo zortzi; sagarretarako behar zituzten, polinizatzeko, eta horregatik dauzkat han. Lehen, lau tokitan edukitzen nituen, baina, orain, adinean aurrera noa, eta geroz eta gutxiago. Nik hauekin nire entretenimendurako nahikoa eta gehiegi dauzkat.

Hori da erlezaintza zuretzat? Entretenimendua?

Afizioz ari gara hemen [erlezaintzan] lanean gehienok. Erlezaintzatik ez duzu aberasteko aukerarik. Eta afizio horrekin ari gara lan bat egiten naturarentzat. Erleek ere modu altruistan egiten dute lan. Badakigu eztia biltzen dutela: elikagaiak biltzen ari dira.

Zer garrantzi du naturarako egiten duten lanak?

Einsteinek esaten zuen erleak desagertuko balira gizakia lau urtez bakarrik biziko litzatekeela. Izan ere, jendearentzat erlea beti egon da gozoari lotuta, baina, niretzat, erleak polinizazioari egon behar luke lotuta. Gerora, beste erabilera batzuk ere bilatu zaizkio: apiterapia, propolia, polena, eztia... Baina polinizazioa da garrantzitsuena.

Toki egokia da hau erlezaintzarako?

Gipuzkoa ez da erletoki egokia. Horrek ez du esan nahi guk natura abandonatuta utzi behar dugunik, edo leku hobe batera joan. Baina hezetasun handia dugu hemen, eta gehiegi ere ez da ona erleentzat. Adibidez, Etzegarate pasatu eta gero, erleek lan gutxiago eginda ezti gehiago sortzen dute. Eztiak %18ko hezetasuna baino gutxiago behar du. Bestela, eztia mindu egiten da. Horregatik, hemen lan gehiago egin behar dute erleek, ingurune bakoitzera egokitu behar baitute.

«Einsteinek esaten zuen erleak desagertuko balira gizakia lau urtez bakarrik biziko litzatekeela»

Noiz hasi zinen erleen mundu honetan?

Istorio polita da. Eusko Jaurlaritzak Tolosan nekazaritzaren arloko departamentu bat zuen, eta hara joan nintzen, baimenen bat lortzeko-edo, baserrikoa bainaiz. Eta han esan zidaten pixka bat itxaroteko, aurretik beste bat zegoelako. Informazio paperak egoten dira han, eta horietako bat eskuratu nuen, erlezaintzari buruzkoa. Nire aitak bazituen erlauntz bat edo bi, eta orduan, leitzen hasi nintzen. Garai hartan, lanean, errelebotara ibiltzen nintzen, goiz eta arratsalde, eta pentsatu nuen goizez aritzean ikastaro hori egiteko moduan izango nintzela. Horretantxe hasi nintzen, eta, geroztik, erlezaintzan aritu naiz. 50 bat urte, gutxi gorabehera.

Errelebotara? Zer lanbide zenuen?

Michelinen lan egin nuen nik, mekanikari, mantentze lanetan. 44 urte-edo egin nituen, jubilatu arte. Izan ere, lanbide heziketan mekanika egin nuen. Hor denetik egiten zen: tornulari, prentsatzaile eta doitzaile, hirurak. Eta txukun ibiltzen ginenak joaten ginen praktikak egitera, tailerrera.

Gustuko zenuen lana?

Bai, oso gustukoa. Eskupekoa ematen ziguten tarteka, eta gu gustura! Soldaduskatik etorri, eta Michelinek ematen zizun lana. Soldaduskako baimenean ere bai ordaina. Garai hartan ondo etortzen zitzaigun, soldaduskako dirua behar izaten zelako. Oporrak egitea gustatzen zitzaigun, baina ez da gaurko egunean bezala; orduan oporrak egiten ziren ahal baldin bazen. Ezkondu ginenean bakarrik joan ginen gu oporretan, beste guztian bat ere ez.

Biak bateratzen zenituen, orduan? Lana eta erlezaintza?

Bai, ez dakit argizariaren usainak erakarrita hasi nintzen, edo erleak berak duen xarmagatik. Hasi nintzen erleak pixkanaka-pixkanaka jartzen, erlauntzak jartzen, erle munduan hasten... Orduan ez zegoen hainbeste aukerarik, material aldetik eta.

Gipuzkoako erlezainen elkartea sortzea pauso garrantzitsua izango zen...

Bai, Fraisoron hasi zen, eta ni neroni ere bazkide egin nintzen. Gero joan ginen Itsasondora, eta han egon ginen bizpahiru urtez. Gero jada Zaldibian finkatu zen: han dago gaur egun ere Erlezain elkartearen egoitza.

«Lortu genuen liztor asiarra jar zezatela espezie inbaditzaileen katalogoan. Baina, noski, handik aurrera zer egin?»

Zer lan egin du elkarteak?

Materialak ekartzen zituen, ahal zen modurik onenean, gero hemen erlezain horiei banatzeko eta saltzeko. Ikastaroak ere antolatzen zituen: erreginak nola hazi, erleen zer tratamendu eman eta eztia nola atera behar zen azalduz... Teorikoak eta praktikoak. 

Bertako lehendakari ere izan zinen.

Bai, hiru edo lau urtez. Baina gero utzi egin nuen, pixkanaka adinean aurrera eginda. Usurbilgo Eztiolako zuzendaria ere banaiz. Esaten diet belaunaldi erreleboa behar dugula, ni ez naizela betiko. Baina ondo egiten dudala esaten didate, eta jarraitzeko.

Eta lehendakari sartu orduko hasi ziren liztor asiarrak iristen, ezta?

Bai, juntakide bat konturatu zen Irunera iritsi zela liztorra. Lortu genuen jar zezatela espezie inbaditzaileen katalogoan, espezie exotiko eta inbaditzaile katalogatzeko. Ia bi urte igaro eta Eusko Jaurlaritzak katalogo nazionalean sartu zuen. Baina, noski, gero handik aurrera, zer? 

Nola egin zenioten aurre?

Berasategi jatetxearen ondoan, neguan habia bat azaldu zen, errepide ondoan. Suhiltzaileen burua laguna nuen, eta lortu genuen hura moztu eta jaistea, nolakoa zen ikasteko. Horrekin, Espainia osoan ibili nintzen, deika eta deika hasi baitziren. Joaten nintzen azaltzera liztorra nolakoa zen, nola jaten zuen, zer egiten zuen. 

«Erlezainok beti ari gara zerbait egiteko eskatzen. Laguntza askoz gehiago behar genuke»

Eta hartu diozue neurria?

Udaberrian orain erabiltzen ditugu Foru Aldundiak emandako tranpak, haiek erakartzeko likidoarekin. Selektiboa esaten zaio, baina ez da selektiboa: erleak eta euliak ere sartzen dira tranpan. Zuk gozoa jartzen baldin badiezu erakartzeko, gozoa denentzako izango da. Zuloak egiten dizkiozu, erlea atera dadin, baina, halere, erleren bat gelditzen da beti. Dena den, udaberrirako ona da, erreginak harrapatzen dituzu gehien. 

Beste teknikarik baduzue?

Harpa elektrikoak jartzen ditugu handik aurrera. Eta benetan selektiboena hori da. Hogei milimetro daude alanbre bakoitzetik bestera, eta liztorra ez da hortik pasatzen. Erlea bai, aise pasatzen da hortik. Akaso batek joko du, baina ez dio ezer ere egiten erleari. Baina liztorrari bai, hortxe gelditzen da liztorra.

Nahikoa laguntza ematen dizuete erakundeek?

Ematen dizkigute udaberrian tranpak, baina, gero, zer? Nik urte guztian dauzkat erleak. Beti ari gara zerbait egiteko eskatzen. Gaixotasunak ere badaude, eta erleak berak dauzkan gauzak... Beste liztor asiar bat omen dator hegoaldetik, aurrekoa baino handiagoa. Laguntza askoz gehiago behar genuke. Jendea ez da konturatzen zer garrantzi duten erleek. 

Baserrietan, adibidez, oso garrantzitsuak ziren, ezta?

Baserriak zenbat erlauntz zeuzkan, halako estatusa zuen. Idi parearekin bezalaxe: zenbat idi pare zeuzkan, halako estatusa zuen baserriak. Gainera, erlauntzek ohorezko toki batean egon behar zuten. Satrustegi antropologoak esaten zuen hegoaldera begira egon behar zutela, hori izaten baita tokirik beroena eta goxoena. Noski, baserrietan, argirik ez zegoen garai hartan. Orduan, kandelek egiten zuten argia, eta kandela horiek egiteko erleak ezinbestekoak ziren. 

«Beldurra ez, errespetua izan behar zaie erleei. Beldurra daukana nabarmendu egiten da»

Sinbolikoki ere erritu ugari daude erleei lotuta. Baserrian, nagusia hil zela abisatzera joaten ziren erlauntzara, adibidez.

Familiako bat hiltzen zenean, aita, ama edo amona, baserri hartako burudunak kaxara joaten ziren, eta esaten zuten: «Egin ezazue, erletxoak, egin ezazue argizaria, gure nagusiak argia behar du eta». Eta kaxari hiru kolpe ematen zizkioten. Argia egiteko joan behar zuenari. Badu bere xarma.

Beldurrik eduki behar zaie?

Ez, beldurra ez, errespetua bai. Beldurra daukana nabarmendu egiten da, txakurren beldur dena bezala. Guk ez dugu ikusten, baina haiek nabaritu egiten dute. 

20.000 especies de abejas filmean parte hartu zenuen. Nola sortu zitzaizun horretarako aukera?

Zuzendariak [Esti Urresola] telefonoz deitu zidan, eta ez nuen ezagutzen oraindik. Film bat egin nahi zuela, eta erleak ikusterik izango ote lukeen galdetu zidan. Baietz esan nion, lasai etortzeko eta ikusteko. Hona etorri zen, bikotekidearekin. Mozorrotu egin nituen. Ondo mozorrotu, gainera. Ze aurreneko aldian etortzen direnean, inpresio eta esperientzia ona eraman behar dute. 

Eta bistan da inpresio ona eraman zuela.

Orduan esan zidan film bat egin nahi zuela, eta ea parte hartuko nuen. Nik esan nion ez nekiela ezertxo ere. Baina berdin ziola esan zidan. Hona [erleak dituen tokira] bidean dagoen erreka ondo batean grabatu genuen. Laudiora ere lauzpabost aldiz joan nintzen grabazioak egitera. 

«Animatu nintzen filmean parte hartzera, eta esperientzia polita izan nuen horretan. Erleen mundua ezagutzen nuenez, lasaiago aritu nintzen»

Nola sentitu zinen aktore lanetan?

Ikusten duzu filmean gauza bat, baina grabatzean hogei aldiz errepikatzen da, e! «Isiltasuna! Grabatzen!», esaten dute, eta han ez da txoririk ere entzuten! Animatu nintzen, eta esperientzia polita izan nuen horretan.

Erleen mundua erakusteko beste modu bat izan da?

Bai, eta, nik erleen mundua ezagutzen nuenez, lasaiago aritu nintzen.

Nola antolatu zineten?

Mordoxka bat erlauntz badauzkat nik etxean, eta hutsak zeudenak eraman zituzten. Betetakoren bat edo beste ere eraman zuten, eta esplikatu nien etxeetan nola edukitzen zituzten, antzina nola jotzen zuten kaxka-kaxka. Filmean, horregatik joaten da umea makilarekin, protagonista, eta kaxka-kaxka jo. Irudikatzen du trantsizio hori, hari Lucia deitzen hasten diren arte.

Ziztatu zuten inor? 

Erlauntza zuhaitzetako zulotik ateratzerakoan, eskularruak jantzita-eta ibili behar da. Niri ziztada bat edo beste eginez gero, ez dit minik ematen, baina nirekin aritu zirenei bai. Ane Gabarainek, adibidez, ziztadaren bat izan zuen eskuan. Baina ez zen ezer ere pasatu, segituan artatu genuen, eta listo.

«Belaunaldien arteko erreleboa geroz eta zailago dago. Zaharrak joaten ari gara, eta geroz eta gazte gutxiago datoz»

Gaur egun, osasuntsu dago erlezaintza?

Geroz eta okerragoa da egoera. Ez dakit klima aldaketagatik edo zergatik, baina, lehen, erle kopuru jakin batekin laurehun kilo ezti ateratzen zenituen, eta, orain, aldiz, berrogei edo 50 kilo ateratzen dituzu. Ez da berdina: aldatu egin da kontua.

Jendea naturarekiko lotura galtzen ari dela iruditzen zaizu?

Bai, belaunaldien arteko erreleboa geroz eta zailago dago. Ni erlezainen elkartean zuzendaritzan egon nintzenean, hor baziren 540 bazkide edo. Orain geroz eta gutxiago gara. Zaharrak joaten ari gara, eta geroz eta gazte gutxiago datoz.

Kopurua murriztuta bada ere, erleekin jarraitzeko asmoa duzu?

Nik ahal dudan bitartean jarraituko dut. Ezin dudanean, bukatuko da. Oxala bakarren bat etorriko balitz erreleboa hartzera. Bai, etor dadila; hemen dauzka erleak, eta has dadila lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA