Euskal Herrian rockaren aitzindari izandakoa da Leok'k taldea, eta Gotzon Lizaso (Zestoa, Gipuzkoa, 1950) taldeko teklatu jotzailea da. 1968. urtetik aurrera, The Beatles, The Doors, The Rolling Stones eta bestelako talde batzuen musikaren euskarazko bertsioak moldatzen zituzten eta plazaz plaza jotzen. Taldea berriz elkartu da egunotan, Mendebaldeko Saharako emakumeen aldeko kontzertuak emateko. Horrez gain, Unebat diskoa argitaratu dute, beraiek sorturiko kantekin. Gaur Azpeitian joko dute, 19:00etan, San Agustin aretoan.
Garai bateko eta ondorengo beste talde asko bezala, soldaduskaren biktima izan zen Leok'k.
Hala da. Sortu eta hurrengo urtean Benito Lertxundirekin jo genuen, Zestoan, aurkezpen kontzertuan. 1972an, berriz, soldaduskara joateko deitzen hasi zitzaizkigun. Denok urte beraren inguruan jaioak gara eta batzuk ikasteko luzapenekin ari ziren. Hor geratu zen taldea.
Noraino helduko zineten jarraitu ahal izanez gero?
Rockaren mundukoak ginen. Bi errepertorio genituen: alde batetik, rock abestiena, euskaratuta, eta, bestalde, dantzarako kantena, herriz herri festetara joaten ginenerako. Emanaldietan dena egiten genuen, baina hasierako ordu erdia edo hiru laurdenak jendeak entzuteko emanaldia egiten genuen, eta, ondoren, dantzaldia. Harrituta egoten zen jendea hasierakoarekin, txundituta, ordurako gauza berezia zelako. Ez dakit noraino hel gintezkeen, baina sasoiko geunden eta gustura genbiltzan.
Zuen semeetako batzuk rockaren munduan dabiltza gaur. Esaterako, zure seme Oihanek Ezinean taldean jotzen du. Zertan bereizten dira orduko kontzertuak eta gaurkoak?
Gaurko kontzertu-ikuskizun ideia horrekin jotzen genuen guk hasierako saioa. Kantak amaitzen genituenean, txalo jotzen zuen jendeak. Gaur saltoak eta itzulipurdiak eta mila gauza egiten dira.
Bitxia badirudi ere, frankismoko zentsurarekin baino gehiago, SGAErekin izan zenuten zuek arazoa?
Mendebaldeko Saharako emakumeei laguntzeko, Saemel diskoa grabatu genuen 2006. urtean. Gure garaiko hamalau kanta ezagunak, The Rolling Stonesenak, The Doorsenak... euskaraz. Baina diskoetxe multinazional batzuek galarazi ziguten lana banatzea. Ez zuten aintzat hartu bertsioak euskaraz egotea, eta epailearen aginduz suntsitu behar izan genituen diskoak. Halere, hori gaindituta daukagu, eta ez dugu atzera begiratu nahi, baizik eta aurrera.
Izan ere, suntsituriko disko horien hautsetatik sortu zen Une bat lana.
Urte erdi nora ezean ibili ginen. Baina, azkenean, geure kantuekin beste disko bat grabatzea erabaki genuen. Lau urteotan, 11 kantu sortu ditugu, eta Saemel diskoa zena Saemel kanta bihurtu da. Saharako emakumeen egoeraz ari gara kanta horretan.
Zerk lotzen zaituzte Sahararekin?
Mitxel Orbegozo taldekideak Saharako haur bat hartzen du udaro etxean, azken zortzi urteotan. Horrez gain, herrian bada talde bat horren inguruan lan egiten duena. Horien eraginez erabaki genuen Saharako Emakumeen Batasun Nazionala erakundeari ematea disko eta kontzertuen diru guztia. Gu musu truk ari gara. Otsailaren 27an, Saharako Errepublika Demokratikoa sortu zuten, duela 35 urte. Egun seinalatu horretan [gaur] kontzertua emango dugu Azpeitian.
Biltzen zaretenean zuetako norbaitek esaten du: «Pena banandu ginela»?
2006an gertatu zitzaigunak indarra eman digu lau urteotan jarraitzeko. Eta oso ondo gabiltza.
Gotzon Lizaso. Leok'k taldeko kidea
«Jendeak txundituta entzuten zuen lehen euskarazko rocka»
Soldaduskak errotik moztu zuen euskal rockaren aitzindarion ekimena, duela 40 urte. Taldeari bigarren bizialdia ematen saiatu zirenean, SGAEren atzaparkada jaso zuten. Hirugarrenean lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu