Ane Ortiz. Txupinera

«Jendearen maitasunetik eta babesetik biltzen ditut indarrak»

Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2017ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Aurkitu du bere agendan tartetxo bat Ane Ortizek (Bilbo, 1989) beste txupinerekin elkartu eta euren egunaz gozatzeko. Udaletxetik heldu da lasterka, eta ia ez du hamaiketakoa jateko aukerarik izan suziria jaurti aurretik. Hala ere, ez du irribarrea galdu. Jendearen energiari esker eusten diola azaldu du, eta geratzen diren egunetan guztiek festaz disfrutatzen jarrai dezatela eskatu du.

Gelditu gabe zabiltza ekitaldi batetik bestera. Nola daramazu astea?

Ondo, asko disfrutatzen ari naiz, eta uste nuena baino askoz hobeto daramat txupineraren betebeharra. Gogorra da, egunean hainbat ekitalditan egon behar dut, baina momentu hunkigarriak ere bizi ditut. Azkenean, jendeak ematen dizun maitasunetik eta babesetik biltzen ditut egunari aurre egiteko indarrak. Jende asko etortzen zait agurtzera, argazkiak ateratzera edo elkarrizketak egitera. Hamar minututik behin geratu beharra daukat.

Zein izan da aurten bizi izan duzun momenturik bereziena?

Arriagako balkoitik suziria botatzea. Momentu ahaztezina izan zen, baina bestelako momentu berezi asko ere izan dira. Egunez atera eta beste ekintza batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen dizu txupinera izateak. Konpartsetako egitarauko ekintzetan ez ezik, udalak antolatutakoetan ere hartzen dugu parte, eta hiriko beste gune batzuetara ere joaten gara.

Jaia beste era batera bizitzeko aukera al da?

Jaia beste aldetik, alde ofizialetik, bizi dut. Lehiaketa gastronomikoetan, esaterako, askotan parte hartu izan dut, baina konpartsera moduan. Orain txupinera naizenez, pregoilariarekin, batzorde mistoarekin eta politikariekin egon behar dut. Beste era batera bizi ditut jaiak.

Pregoilariarekin pasatzen duzu ordu gehien. Nola konpontzen zarete?

Oso ongi moldatzen gara Nati eta ni. Goizetik gauera arte elkarrekin gaude, bikiak dirudigu. Sekulako suertea izan dut berarekin.

Zure eguna goizean goiz hasten da. Aukerarik baduzu gaueko giroaz gozatzeko?

Tartetxoren bat atera dut gau giroan murgiltzeko, eta saiatuko nahiz ahal den guztietan parrandan irteten, nahiz eta hurrengo egunean nabaritu gauaren ondorioak. Nire konpartsaren txosnan txanda bat egitea ere gustatuko litzaidake, behintzat hogei bat minutu edo, baina oraindik ez didate aukera hori eman eta ez dakit posible izango den.

Txupinera errepikatzen duen lehen konpartsa da Askapeña. Pozik egongo zarete, ala?

Urte berezia izan da konpartsarentzat, hainbat arrazoirengatik. Konpartsako bigarren txupinera aukeratzeaz gain, Askapeñak 30 urte bete ditu. Bestalde, maiatzean konpartsakide batek utzi egin gintuen, eta, alde horretatik ere, berezia izan da aurtengo urtea.

Zer gomendio eman dizute beste txupinerek?

Nekea nola kudeatu da normalean txupinera gehienei arduratzen gaituena. Bederatzi egunez eutsi behar diot, nahiz eta nire eguneroko agenda oso intentsoa izan. Beste txupinerekbehin eta berriz esan didate topera bizitzeko eta une oroz gozatzeko. Azaldu didatenez, jendeak emandako energiari eta gorabehera ibiltzearen ondorioz sortutako adrenalinari esker, gai izango naiz asteari eusteko. Oraingoz ondo eusten diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.