Artista

Arantxa Orbegozo 'Txitxi': «Jendeari ahaztu egin zaio amets egitea zer den»

Kirolaria, bidaiaria eta margolaria. Aitzindaria, jakin (eta nahi) gabe. Bere buruaren eta denboraren jabe. Ama eta amona. Entrenatzaile pertsonala orain. Sailkatzeko zaila da Arantxa Orbegozo 'Txitxi': «Bidean egiten noan hori naiz».

Arantxa Orbegozo 'Txitxi', Tolosako bere etxebizitzako tailerrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Arantxa Orbegozo 'Txitxi', Tolosako bere etxebizitzako tailerrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Tolosa
2026ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txakur txiki eta iletsu horrek Sisu du izena. Harrera egitera azaldu da ezkaratzera, jostalari. Arantxa Orbegozo Txitxi-rena (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) da tailerra eta (etxe)bizitza: koadroak korridorean, pintatzeko gela bat, kirola egiteko beste bat. Kafe bero bat zain egongelan. Finlandierazko hitza omen da Sisu, itzulpen nekeza duena, baina erabakitasuna, ausardia, adorea eta erresilientzia adierazteko erabiltzen dena. Elkarrizketa amaitu denean ulertu du kazetariak gertatu dena: Sisu esaten da Finlandian, baina Txitxi esan behar da Euskal Herrian.

Zergatik Txitxi?

Ahizpak urtebete baino ez zeukan ni jaio nintzenean, eta ez zekien Arantxa esaten. Arantxi esaten zidan, eta ordutik dator Txitxi ezizena. Behin, Txantxillo zenari buruz egindako koadroa dela eta, Odon Elorza Donostiako alkatearekin egon nintzen. Nire webgunearen izena eskatu zidan, eta esan nion: «txitxi.com». Eta erantzun zidan: «Zer da? Orrialde porno bat?». Sekula horretan pentsatu gabe nengoen, eta aldatu egin nuen. Baina niri oso gutxik deitu izan didate Arantxa. Telebistako Arimaren margolariak saioan hasi nintzenean bakarrik. Eta webgunea ere aldatu dut: orbegozoart.com.

Kirolaria, bidaiaria, artista...

Hori guztia naizela esango nuke. Ni bidean eginez noan hori naiz. Kuriositatea daukan emakume bat, eta pertsona adoretsua. Ni ausartu egiten naiz. Beti ausartu izan naiz. «Zergatik hainbeste?», galdetu izan didate. Eta badakizu zergatik ausartzen naizen?

Zergatik? 

Urteen poderioz jakin dut hori. Nik gauza pare bati buruz asko dakit, eta gauza asko samarri buruz pixka bat. Erreminta kutxa bat daukat, eta badakit nagoen tokitik atera egingo naizela. Horrek ziurtasuna ematen dit beti baietz esateko. Badakidalako irteten ere asmatuko dudala. Ahizpak txikitan Joan Beldurgabea deitzen zidan. Eta ez zen beldurrik ez neukalako, txoriburu hutsa nintzelako eta arriskurik ikusten ez nuelako baizik.

Ez zinen ume erraza izango... 

Mugitua nintzen. Orduan ere ez zitzaidan inork agintzea gustatzen. Eta kontuz esatera noan honekin, baina izan den amarik agintzaileena izan dut [barrez]. Baina ni ez naiz sekula esanekoa izan. Nik dibertitu egin nahi nuen orduan, eta dibertitu egin nahi izan dut bizitza osoan. Nik egunero egin behar dut zerbait ongi pasatzeko. Eta umetan esaten zidaten ikasle txarra nintzela. Baina ni ez naiz sekula ikasle txarra izan, ez naizelako sekula ikaslea izan. Nik ez nuen ikasi nahi sorgin haiek erakutsitako ezertxo ere.

Nortzuk ziren sorginak? 

Tolosako moja haiek. Eta bai, mugitua nintzen, zeren amak medikuarengana eraman ninduen, esanez: «Zer egin dezakegu ume hau lasaitzeko?». Eta medikuak esan zion: «Apuntatu ezazu kirolen batean». Eta atletismoan hasi nintzen.

Eskaut gisa ere ibili zinen aurretik... 

Bizitzan egin dudan gauzarik ederrenetakoa izan zen hori. Gozatu egiten nuen. Nik badut barruan indiar ijito bat. Eta gehien atsegin dudan gauzetako bat hori da: egurats zabalean bizitzea, batere ziurtasunik gabe. Zoratu egiten nau horrek. Eta eskautek asko erakutsi ziguten horretan. Oso neska libreak ginen. Naturari buruz irakatsi ziguten, baina mimo gutxirekin: hotza pasatzen genuen, gosea pasatzen genuen... Ahizpa guztiak pasatu ginen handik. Gure etxean okinak ziren, txandak egin behar ziren, eta nik ez nuen beste oporrik izan.

Orbegozo, berak margotutako erretratu baten aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Orbegozo, berak margotutako erretratu baten aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zure bidaien hasiera? 

Bidaiatzeak eta ezagutzeak: horrek asko markatu nau. AEBetara egindako bidaia batek asko markatu ninduen. Buruak 360 graduko buelta eman zidala esan izan dut. Izeba bat genuen han. 30 urte zituen joan zenean, eta 90 baino gehiago dauzka orain. Beti esaten zuen: «Oso garrantzitsua da gazteek ingelesa jakitea, eta nire ilobak ekarriko ditut hona ikas dezaten». Nire ahizpa 9 urte zituela joan zen. Baina niri ez zitzaidan tokatu 16 urte nituen arte.

Atletismoan ere aritu zinen. 

Baina ni ez naiz sekula lehia zalea izan. Atletismoan hasi nintzen, belauna izorratu nuen, eta pisu eta xabalina jaurtiketan aritu nintzen. Espainiako txapeldun izandakoa naiz, besteak beste. Baina niretzat kirolak izan duen gauzarik onena zera izan da, bidaiatzeko aukera eman didala. Duela pare bat egun ikusi dut Madrilgo txapelketa haietako argazki bat. Podiumean agertzen naiz, burua makurtuta. Niretzat lorpena ez zen domina, niretzat lorpena txapelketara joatea zen, bidaia bera. Akordatzen naiz nola esan nion antolatzaileari: «Aizu! Inporta zaizu podiumera igo aurretik ematea domina? Izan ere, Gipuzkoara doan autobusa abiatzera doa».

Ez zizun eman? 

Ez, esan zidan: «Autobusak itxarongo dizu». Baina orduan neure buruari egiten nion galdera zen: «Zenbat metroko jaurtiketa egin behar dut beti bidaiatu ahal izateko?». Espainiako errekorra egiten nuen, eta beti joaten nintzen.

Utzi egin zenuen. 

AEBetatik bueltan, uztea erabaki nuen. Goi mailan segitzeko asko entrenatu beharra zegoen, eta ni ez nintzen batere diziplinatua. Antzerkian eta halakoetan hasi nintzen. Soin Hezkuntzako ikasketako egitera aukera izan nuen, baina Madrilera joan behar zen horretarako, eta ni ez naiz kapaz bost urtez hiri batean bizitzeko. Unibertsoa ongi portatu zen, eta AEBetako ikastetxeko paperak ez ziren garaiz iritsi.

«Nik indiar ijito bat dut barruan. Zoratzen nau egurats zabalean eta ziurtasunik gabe bizitze horrek»

Txirrindularitzan hasi zinen.

Patxi Panaderori eta Orbeakoei okurritu zitzaien: «Zergatik ez dugu emakumezkoen txirrindulari talde bat sortzen?». Nik 22 urte neuzkan, Dinak [Bilbao] 24 eta Josunek [Gorostidi] 17. Okurritu izan balitzaie arraunlari talde bat egitea, gu arraunlariak izango ginen. Sasoia geneukan, baina niri lehiaketa ez zitzaidan gustatzen. Bizi ibili nintzen, eta bizikletan genbiltzan garai horretan, ikastaro bat egin nuen masajista izateko. Lau urtez aritu nintzen Orbean, masaje emaile gisa, eta Espainiako selekzioan ere bai. Ni lehiaketa guztietara joaten nintzen, kobratu egiten nuen, eta haiek lekua irabazi beharra zeukaten, sekulako lanak eta entrenamenduak eginda. Horrek ere bidaiatzen jarraitzeko aukera eman zidan.

Euskaldun berria zara. Lazkaora bizikletaz joaten omen zinen.

Txori bat kaiolan hartuta.

Txori bat?

Maite ditut txoriak. Mordo bat hazi ditut: usoak, usatortolak, ninfak, agaporniak... Hemen, etxean, libre izan ditut asko. Arriben bizi izan ginenean ere bai. Batzuk joan egiten ziren, besteak itzuli. AEBtatik bueltatu nintzenean, unibertsitatera joaterik izan ez nuen tarte horretan, euskara ikastera joaten nintzen. Ez nekien ezer. Zakutoak neramatzan bizikletan, eta txoria kaiola txiki batean. Aste osoan izaten nuen nirekin; ez nion nire amari utziko! Joan eta etorrian nirekin ibiltzen zen.

Zein ate ireki zizkizun euskarak?

Lagun kuadrilla bat eman zidan: Josu Iztueta, Dina Bilbao... Nairobitarrako lagunak. Horrek aukera asko zabaldu zizkion lagun talde guztiari. Josu Iztuetak eta Angel Ortizek izan zuten ideia ero hura: autobus bat izatea, mundu osoan zehar bidaiatzeko, piraguak sartuta, bizikletak sartuta, eskiak sartuta... Haien etxea kuadrillakoen biltokia zen. Ostegunero juntatzen ginen, asteburuko plana egiteko. Eta Josuk beti zeukan burua bor-borka. Sekulako planak asmatzen zituen. Diru gutxirekin bidaiatzeko beti, gure baliabideekin beti. Natura, bidaia eta kirola. Hori izan da beti gure harrikada.

Zuk esandakoa da: «Orain konturatu naiz bide bat zabaldu genuela».

Ez genuen inoiz pentsatu inor guri begira zegoenik, eta inorentzat erreferentziazkoak ginenik. Arraro begiratzen ziguten: «Hauek zeintzuk dira? Hauek zer uste dute?». Dinak beti euskaraz hitz egiten zuen, baina jendeak beti galdetzen zion, gazteleraz: «Ez duzue seme-alabarik izan behar?». Eta berak beti erantzuten zien, gazteleraz: «37 urte betetakoan». Eta 36 urterekin hil zen. Guk txantxetan esaten genuen: «Konpromiso asko hartu zituelako!». Ez zen ohiko bizimodua. Galdetzen ziguten: «Ez duzue lan bat hartuko? Ez duzue etxeko bat erosiko?». Guk erantzuten genuen: «Ez dugu halakorik nahi. Oraina nahi dugu disfrutatu». Eta zer egin genuen? Lanbideak asmatu. Horietako asko, kirolari lotutakoak.

Zuk esandakoa da: «Nahi genuena zen gu izatea gure denboraren jabe».

Eta inork ez agintzea zer egin behar genuen. Elkarren segidan doaz biak.

«Diru gutxirekin bidaiatu izan dugu beti, gure baliabideekin beti. Natura, bidaia eta kirola. Hori izan da beti gure harrikada»

Jarrera feminista?

Baina guk ez genuen egiten feminismoagatik. Tolosako lehen emakumezko kale garbitzailea izan nintzen. Ibili ginen bizikletan, piraguan... Baina ez genuen emakumezkoen izenean egiten. Nahi genuelako egiten genuen. Guk ez genekien emakumezko asko guri begira zeudela. Leire Olaberria munduko txapeldunak esan izan dit guri esker hasi zela bera bizikletan. Baina guk pentsatze genuena zen begiratzen zigutela, baina seinalatzeko. Zergatik egin genuen?

Zergatik?

Pentsatzen genuelako ez ginelako beste inor baino gutxiago. Laponiara berrogei graduz azpitik bizikletan joaten ginen bi neska eta zenbait mutil. Eta neskei galdetzen ziguten: «Nola aguantatu duzue?». Eta guk erantzuten genuen: «Bada, beste hauek bezala!». Nik uste dut gurea ekintza izan zela eta gerora sortu direla diskurtsoak. Badakit ez dela polita hau entzutea, baina emakumezko askok geure burua gutxitu dugu gizonezkoen aurrean.

Ama izatea erabaki zenuen. Zer izan zen, eten bat?

Mundu horretatik jaistea erabaki nuen, eta erabaki erabat kontzientea izan zen. Amatxo eta etxekoandrea izan naiz hogei urtez baino gehiagoz. Oso gustura. Garaian garaikoa bizitzen dakidalako izan da. Semea eta alaba izan nituen: Txomin eta Izar. Arriben bizi izan ginen, 160 biztanleko herri txiki batean. Eta mantso bizi izan ginen. Etxe handi batean, eta lagunez inguratuta. Denborarekin. Ez estres eta ez presa. Naturarekin harremanetan. Eta denbora nuenean, margotu egiten nuen.

Nola agertu zen artea zure bizitzan?

Kasualitatez. Betelun gimnastika klaseak ematen ari nintzela, aretoko giltzak ahaztu zitzaizkidan behin. Gorriti izeneko baten etxera joateko esan zidaten, giltzen bila. Eta Juan Gorriti ezagutu nuen, gerora urte luzez nire bizilagun izan zena. Erakutsi zizkidan egurrez egindako bere eskulturak, eta bere lehen pinturak. Sekulako pasioarekin hitz egin zidan, eta konbentzitu egin ninduen. Biharamunean, pintura kaxa bat erosi nuen, eta margotzen hasi nintzen. Ez nekien margotzen nekienik. Nire bigarren koadroa erretratu bat da, eta oraindik ere harrituta gelditzen naiz hari begira. 

«Badakit ez dela polita hau entzutea, baina emakumezko askok geure burua gutxitu dugu gizonezkoen aurrean»

Eta beste fase batean sartu zara orain. Zuk diozu «tortillari buelta» eman diozula. 

Harraskaren azpian zegoen poto bat jasotzeko makurtu nintzen behin. Garrasi egin nuen: «Ai ama!». Ezin nintzen altxatu. Eta pentsatu nuen: «Baina zertan ari naiz gorputz honen barruan, nire helburua ehun urte betetzea bada?». 52 urte betetzera nindoan orduan. Pentsatu nuen: «Baita zera ere!». Eta tortillari buelta eman nion. Hogei urte neramatzan kirolik egin gabe. Agenda hau asmatu nuen [eskuetan hartu du], nik neure buruarekin izandako elkarrizketak dira. 110 egun gelditzen ziren nire urtebetetze egunerako, eta neure buruari esan nion: «111 egun horietatik ehun egunetan gauzak ongi egin behar ditut. Horixe izango da neure buruari egingo diodan oparirik onena». Eta horren erraz lortu nuenez egoerari buelta ematea, pentsatu nuen: «Zer itsusia den hau guztia niretzat gordetzea. Jendeari erakutsi egin behar diot». Eta zortziehun bat pertsona pasatu dira geroztik nire eskuetatik. Y si yo decido (Eta nik erabakiko banu) proiektua jarri dut martxan. Klaseak ematen ditut online, entrenatzaile pertsonal gisa. Erabakitzea baita dena. Gaixotasunak harrapa zaitzake, eta osasunari buruz ezin da erabaki. Baina norberaren egoera fisikoari buruz norberak erabaki dezake.

Eta bide horretan guztian zerk harritu zaitu gehien?

Jendeari ahaztu egin zaiola amets egitea zer den. Motxilekin eta maletekin egiten dute amets, baina hori ez da amets egitea, hori planak egitea da. Amets egin behar da haurrek bezala: flipatuz. Haur abenturazale batek bezala egin behar da amets. Egin zerrenda bat, eta hasi gauzak motxilan sartzen. Zer behar dut nire ametsa gauzatzeko? Sartu balio dizuten erremintak, kendu balio ez dizutenak, eta horrekin gauza asko lortuko dituzu. Zeren berriro diot: ahaztu egin zaigu amestea zer den. Nik flipatu egiten dut, ameslari hutsa naiz, baina ez naiz burugabea. Nire azken herenaren hasieran nago. Beraz, diseinatu dezadan ongi. Sasoia daukat, eta ilusioa daukat. Eta esna nagoela amets egiteko gaitasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.