Jendez eta zubiz betetako errioa

Milaka lagunek parte hartu dute Errenteriako Kilometroak jaian. Udazken beteko uda giroa lagun, urte osoko jarduna borobildu dute Orereta ikastolakoek. Euskara eta euskal kultura sustatu nahi dituzte lortutakoarekin: «Herria, nazio ikuspegia, komunitatea eta beste ikastolekiko elkartasuna».

6. Kontzertuak. Beste behin, musikak erakarrita joan zen jende asko Kilometroak jaira. MAIALEN ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Marea bizi bat» izan zela diote antolatzaileek. Eta ez da ausaz aukeratutakoa izan marea hitza Kilometroak jaiaren joana definitzeko. Kostaldeko herria izan gabe, mareak eragiten baitu Errenteriako (Gipuzkoa) errioan. Eta haren gainean eraikitzen diren zubien inguruan asmatu baitute aurtengorako leloa: Erriola. Alegia, Oiartzun errioaren magaleko faktoria. Uraren gazi-gozoak, gorabeherek eta zubiek josten duten komunitatea.

Eta komunitate horrek guztiak egin zuen bat herenegunErrenterian. Udazken beteko uda giroa lagun, milaka izan ziren Orereta ikastolak antolatutako Kilometroak jaira bertaratu zirenak. Gustu eta aldarte guztietarako eskaintza izan zuten: musika, ikuskizunak, haur jolasak eta eskaintza gastronomiko oparoa. Errioaren bi ertzetan jarri zituzten guneak, elkarrengandik gertu, eta izen bereziak jarrita, Errenteriako historia industrialari erreferentzia eginez: Galletera, Lino, Esmalteria, Zamalbide... Jai giro ederra nagusitu zen guztietan.

Orereta ikastolako lehendakari Itziar Navarrok aitortu du «bestondo emozional handiarekin» abiatu duela astelehena: «Oso pozik gaude. Egia da urte osoan oso momentu bereziak bizi izan ditugula, baina badirudi azkeneko hori gogoratzen dela gehien: bertsotan bezala, azken puntua. Oso polita izan zen».

Gustura dago Navarro; nabarmendu du «ilusioa» ikusi zuela herritarrengan: «Kanpotik etorri zirenengan eta egun osoan zehar lanean ibili zirenengan. Zeren 1.200 lagun ibili baitziren guztira lanean, eta kopuru handia da hori. Denak prest laguntzeko, irribarre batekin, ilusioz... Oso pozik gaude herria horrela ikusita, bai egunean bertan eta bai aurreko egunetan. Pozik eta hunkituta sumatu nuen jendea».

Antolatzaileek zubigintzan eta elkarlanean egin dute azpimarra urte osoan zehar: ikastola denona dela. «Ikastola herriko familia batzuek sortu zuten. Erdigunetik mugitu ginenean, lur haiek erosteko dirua ere herritarrek eta familiek jarri zuten. Urteek aurrera egin ahala, badirudi hori ahaztu egiten zaigula, baina guk hasieratik erakutsi nahi izan dugu hori: ikastola denona dela, eta denontzat. Urtean zehar eta baita egunean bertan ere, herriko hainbat eragilek parte hartzea eta herriko taldeentzat ere erakusleiho bat izatea oso aberasgarria izan da, eta hori ere lortu nahi genuen».

Dantzari herria eta herri dantzaria ere bada Errenteria. Eguneko irudi askotan agertzen da jendea dantzan, eta hasierako ekitaldian ere egin zuten keinu berezi bat. Han izan ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza, herriko alkate Aizpea Otaegi eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artola. «Hasierako ekitaldia apur bat aldatu genuen: ez zen horren estatikoa izan. Ongietorriaren ondoren, ekitaldia sokadantza batekin hasi genuen. Helburua zen denok elkarri eskutik helduta hastea, horrela gehiago egin dezakegula irudikatuz. Ikasleak, familiak, erakundeetako ordezkariak... sartu genituen elkarrekin, eta metafora hori ere oso polita izan zen», nabarmendu du Orereta ikastolako lehendakariak.

Elkarlanaren eredu

Izan ere, Hezkuntza Legearen onarpena puri-purian dagoen honetan, Errenteriako Kilometroak jaia «elkarlanaren eredu» gisa jarri zuten agintariek. Navarro lehendakariak ere nabarmendu du hori: «Hezkuntza herri baten oinarrietako bat da, eta ez du zentzurik horretan ika-mikan hasteak».

Ikastolen jaiak eredu berria dauka joan den urtetik: ekitaldien eskaintza Kilometroen egunean pilatu beharrean, urte guztian banatzea; jai eredu desberdina osatzea, parte hartzaileagoa; ibilbiderik gabeko Kilometroak eguna; eta herri bakoitzak bere nortasunari eta neurriari egokitutako jaia. Navarrok dio eredu berria eredu «malgua» dela: «Eta aukera ematen dio ikastola bakoitzari bere modura antolatzeko. Errenteria oso herri bizia da, eta urte osoan zehar egitasmo asko egin ditugu. Euskal Herri osoari begira batzuk —Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari eta BERRIAren sorrerari buruzkoa, esaterako—, eta herriari eta komunitateari begira beste asko. Indar asko egin dugu horretan. Malgua da eredua, eta ez zaio beldurrik izan behar malgutasun horri. Guk apustu hori egin dugu: urte osoan plaza bat izatea, eta atzokoa izatea ibilbide horren amaiera».

Eta amaitu da ibilbidearen zati bat. Bestea gelditzen da: nora eta nola bideratu lortutako dirua. «Hasieratik jarri genituen hiru helburu, eta horietara bideratuko dugu», azaldu du Navarrok. Bata: «Argi geneukan Kilometroak festa ezin zela izan bakarrik ikastolarentzat, herrian ere zerbait utzi behar zuela, eta ikastolak herriari egiten dion ekarpenik handiena euskarari eta euskal kulturari lotuta dago. Hasieratik erabaki genuen herriko eragileekin, hizkuntza eragileekin, euskalgintzakoekin, proiektu bat definituko genuela euskararen erabilera bultzatzeko. Elkarrekin definituko dugu, eta horretara bideratuko ditugu baliabideak.

Bestea: «Orereta ikastolak badu hitzarmen bat Ipar Euskal Herriko ikastolekin: Zubiak Eraikiz. Hendaia, Biriatu, Ziburu eta Urruñarekin hasi ginen duela urte batzuk, baita Nafarroako Lesaka eta Berarekin ere. Estutu ditugu harremanak, eta proiektu horrek ere behar ditu baliabideak. Oinarrian zera dago, ikasleek elkar ezagutzea, komunitateek elkar ezagutzea, eta hori ere elikatu nahi dugu».

Hirugarrena, eta azkena: «Orereta ikastolak badu baserri bat Añabitarte inguruan, urte hauetan guztietan komunitatearen bihotza izan dena, ikasle izandakoek bereziki estimatzen dutena, eta inguru hori birmoldatu eta berriro ere komunitatearen topagune bihurtzea da helburua».

Kontuak ateratzeko eta kopuruei buruz hitz egiteko goiz da oraindik. Bestelakoa da balorazioa: «Guk jendea ikusi genuen kalean. Eta pozik gaude horrekin. Aurpegiak eta jendearen ilusioa, nola gozatu zuten, horrekin geldituko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.