Jentilak berriz itzuliko dira Ataunera

Herrian jasotako kondairetan eta ipuin mitologiloetan oinarrituta, 'Torto elurretan larri da' antzeztuko dute Ataunen, biharJentil garaietara itzuliko da herria, 18:30ean San Martin plazan hasiko den ikuskizunean

2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Jentilak Ataungo (Gipuzkoa) herrira itzuliko dira bihar. Urtero legez, Jentilen Etorreraren antzerkia eginen dute. Torto elurretan larri da istorioa antzeztuko dute herritarrek oraingoan. Aurretik, kale ibilaldia izanen da, kristauen eta jentil-sorginen arteko topaketa irudikatuz. Ikuskizuna 18:30ean hasiko da, San Martingo plazan. Udaletxe aurrean bilduko dira herritarrak, baita menditik zuziek argituta jaitsiko diren sorginak nahiz jentilak ere. Kale-argi guztiak itzalita, eta etxeetara banatu dituzten farolen argipean, plazatik Auzoeta kiroldegira joanen dira.

Ekitaldiak bi zati ditu: kale ibilaldia, batetik, eta ikuskizuna bera, bestetik. Kale ibilaldia egunaren argia ezkutatzen hastearekin batera hasten da. Jentilak, larruzko jantziekin eta zuzien argiarekin, menditik jaisten dira. Haiekin batera sorginak datoz. Behin herrian, udaletxearen aurrean, korporazioa izanen dute zain, baina ez benetakoa, egun horretako antzezlanerako prestatutakoa baizik. Alkatea buru dutela, erretorea, medikua, eskribaua eta Sanmartin Txiki izanen dituzte zain, herritarrekin batera. Menditik heldu direnei ongietorria egin ondoren, segizioa, bandoa joz, ikuskizuna egiten den lekura joaten da, Auzeta kiroldegira.

Torto elurretan

Torto begibakarra, Sanmartin Txiki, Basajaun, Marimunduko, Zezengorri, Sugaar, jentilak eta sorginak… Izaki mitologikoak Ataunen elkartuko dira, berriz ere. Aurtengo sortu duten istorioa da Torto elurretan larri da. Beti bezala, Ataunen jasotako kondairetan eta ipuin mitologikoetan oinarrituta osatu dute lana. Herritar batzuek nola engainatzen duten Tartalo —Torto Ataunen—. Apostu baterako desafioa egiten diote, engainatu eta hil egiten dute Tartalo begibakarra.

Nola kale ibilaldian, hala antzerkian, guztira adin guztietako 120 bat herritarrek parte hartuko dute. Bi hilabete lehenago hasten dira prestatzen, eta ez dira gelditzen. Antolaketa lanetan ere aritzen da jendea. «Herriko 200 bat lagunek parte hartzen dugu ikuskizunean eta antolaketan. Parte hartzea oso handia da», dio pozik Santi Etxeberriak, antolatzaileetako batek. Ezin uka, beraz, herria eta mitologia elkar hartuta dabiltzala. Egun ere bizirik jarraitzen dute herritarren memorian tradizioak eta mitologiak. Joxemigel Barandiaran antropologoak eta ikertzaileek jasotako kondairak errealitatearen esparruan bizi dira Ataunen, eta herritarrek urtero prestatzen duten Jentilen Etorrera ikuskizuna da horren lekuko.

Ibilbide luzea

Ataunen urtero egiten den Jentilen Etorrerak ibilaldi luzea du. Duela hogeita hamahiru urte hasi ziren antzezten herritarrak, 1981ean. Harrezkero, urtero, hutsik egin gabe aritzen dira. Biharko antzezlanean, lau belaunalditako ataundarrak elkartuko dira oholtzan. Batzuk erretiroa hartutakoak, besteak 40-60 urte artekoak, bestetzuk 20-40 tartekoak, eta baita eskola umeak ere, lauzpabost urtetik hogeirakoak.

Izan ere, festak jarraipena izateko belaunaldiz belaunaldi herriko ohiturak eta elezaharrak trasmitizeko lanak ez du etenik izan behar. Etxetik hasita jaso dute mundu miragarriaren oihartzuna. «Ataungo umeek euskal mitologiaren pasarte asko ezagutzen dituzte. Baita pertsonaiak ere: Basajaun, Sugaar, Totor... Pentsa zenbat urte pasatu diren antzezpenak egiten», azpimarratu du Etxeberriak. Izan ere, etxean kontatzen zaienaz gain, badira herritarrak Jenilen Etorrera ekitaldia beti ezagutu dutenak. «Hori ezagutuz jaio den herritarrak ditugu. Beraz, oso errotuta dagoen ekitaldia da». Hortaz, herritarren parte hartzea ikuskizunean agerikoa da.

Jentilen Etorrera egitasmoak etorkizuna ziurtatua du. Gazteakgustura prestatzen dira kale ibilaldian parte hartzeko, sorginez edo jentilez jantzita —antolakuntzak saldu edo errentan ematen ditu larru-jantziak—. Antzerkirako, aldiro pertsonaia berriak sartzen dituzte, eta azken urteetan parte hartu nahi duten guztiei tokia ezin ziurtatuz dabiltza. «Herriko umeak ari dira mezua jasotzen; eta, behin hori jasoz gero, transmisioa eginda dago».

Urte osoko lana

Ekitaldiaren antolaketa lan handia izanik, joan den urtean antolaketa lanetan ibiltzen zirenekJentilbaratza elkartea eratu zuten. Elkartea arduratu da antolaketaz eta San Martin festen aurreko ikuskizuna urte osora zabaldu dute.

Publiko aldetik oso arrakastatsuak izan diren Gaueko Ibilaldi Mitologikoak egin dituzte iazko eta aurtengo udan, 700 lagunen aurrean. Barandiaran museoarekin elkarlanean, Lizarrustiko parketxetik ere txango girotua egin dute, irailean. Horrez gain, museoaren eskaintzaren barruan elkartearen lana ikusteko aukera zabaltzen ari dira, taldeentzat edo eskolentzat, formatu txikiko ikuskizunekin.«Ateri egotekin nahikoa da, hotzak ez gaitu izutzen».

Ataunek mitologia baliatu behar zuela argi ikusi dute Jentilbaratza elkartekoek. «Herri bakoitzak du bere gaia. Ataunen kasuan, garbi geneukan. Beti egon dira baserrietako sukaldeetan ipuinak, elezaharrak. Museoa ere hor dugula, Ataun mitologiarekin lotzen da gaur egun hemendik kanpora», dio Etxeberriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.