Asteburuko proposamenak

Jentilak eta sorginak plazara

'Jentillen etorrera' mitologiarekin lotutako antzezlana egingo dute larunbatean Ataunen. Bi saio egingo dituzte, bata 20:00etan eta bestea 22:00etan.

2023ko Jentilen Etorrerako irudi bat. JENTILBARATZA KULTUR ELKARTEA
2023ko Jentilen Etorrerako irudi bat. JENTILBARATZA KULTUR ELKARTEA
ane insausti barandiaran
2025eko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larruzko jantziekin eta zuzien argiekin jaisten dira jentilak menditik, sorginekin batera, eguna iluntzen denean. Herritarrek ongietorria egiten diete Ataunen (Gipuzkoa), eta, desfile bat egin ondoren, Auzoeta kiroldegira joaten dira, Jentilen etorrera antzezlana egiten den lekura. Mitologiarekin lotutako antzezlana da, ondare horren transmisioa helburu duena, eta egutegiko egun garrantzitsu bihurtu da herrian. Larunbatean egingo dute aurtengoa: bi saio egingo dituzte, bata 20:00etan eta bestea 22:00etan, eta, ikur bihurtu den erakusgarri, bietarako sarrera guztiak salduta daude.

1981. urtean egin zuten antzezlana lehenbizikoz. Herriko festak udan ospatzen zituzten, eta gazte kuadrilla bati bururatu zitzaion antzezlan bat egitea, festei hasiera emateko. «Herri afari bat egiten zen, eta, horren ondoren, jendea mozorrotu egiten zen. Jentilak eta sorginak menditik jaisten ziren, eta herrian itxaroten zieten herritarrek. Ongietorritxo bat egin, bertso pare bat bota, eta horixe; hasierako hartan, gehiago zen desfile bat, antzezlan bat baino», azaldu du Eneko Amundarain Jentilbaratza kultur elkarteko kideak.

Urtez urte, ordea, gero eta jende gehiago joaten zen hura ikustera, eta orduan erabaki zuten antzezlana sortzea. Gaur egun, 750 pertsonarentzako bi emanaldi egiten dituzte, eta txiki geratzen dira biak ala biak. Bi minutuan bukatu ziren lehen saioko sarrerak, eta, bi egunen buruan bigarrenekoak. «Gehiago jarriko bagenitu, jendea etorriko litzateke, baina ez digu gehiagorako ematen», esan du Amundarainek.

Aldiro aldatzen dute gidoia, eta herritarrak dira antzezlaneko protagonistak. Arropak ere herritarrek sortzen dituzte, gidoia herritarrek idazten dute, eta, egunean bertan ere, 250 eta hirurehun herritar inguru aritzen dira boluntario lanetan, trafikoarekin laguntzen, esate baterako. Ez da erronka makala, 1.700 biztanleko herri batentzat: «Kristoren laguntza daukagu: eskola, dantza taldea, abesbatza... Ataungo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari oso eskertuta gaude, eta gainerako babesleei ere bai. Baina, batez ere, gure herriko boluntarioei, haiek gabe ezingo baikenituzke gure ekintzak aurrera atera».

Ataun, mitoen sehaska

Ez da kasualitatea Ataunek halako plaza ematea mitologiari, bertako semea baitzen Jose Migel Barandiaran apaiz eta antropologoa. «Zortea izan genuen Jose Migel Barandiaran Ataunen jaio zelako, eta bere bizitzako lanik handiena mitoei buruz egin zuelako, Ataungo baserrietan eta nekazaritza guneetan oinarrituta. Informazio asko dago jasota Ataunen». Hain zuzen ere, ikuskizunak sortzeko, Barandiaranen eta Juan Arinen testuetan oinarritzen dira Jentilbaratza kultur elkarteko kideak gidoia sortzeko.

Amundarainek goraldi orokor bat sumatzen du mitologiaren bueltan, eta uste du Euskal Herrian handitu egin dela gaiaren inguruko interesa. Paul Urkijoren filmak eta Aitzol Saratxagaren Ehiza film laburra jarri ditu horren adibide gisa: «Leku askotan hasi dira mitologia lantzen eta antzerkitxoak egiten. Diman, adibidez, antzeko zerbait egiten dute, eta elkarlanean aritu izan gara haiekin. Hori da gure helburua: euskal mitologia zabaltzea ahalik eta jende gehienak ezagutu dezan».

Ataunen, gainera, egun bakarreko egitaraua zena Mitoaldia zikloa da orain. Hala, irailean hasita, ipuin kontaketa, dokumental eta film laburren emanaldiak, irteera bat eta hitzaldi bat ere antolatu dituzte. «Ikusi genuen beharrezkoa zela zerbait gehiago egin eta adin ezberdinetarako gauzak antolatzea».

Jentilen etorrerarekin itxiko dute Mitoaldiko egitaraua, eta bide onetik doaz azken prestaketa lanak, antolatzailearen hitzetan: «Ezin esan zer, baina beti egoten dira sorpresak, eta aurten ere egongo dira: egia da gidoia oso polita dela, erakargarria, eta nik uste dut denetarik izango dela: jendeak barre egingo du, jendeak beldurra pasatuko du... denetarik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.