Jolasen bidez festak birziklatzen

Birjolastu guneak eta Zentzumenen Aterpeak aukera eskaintzen dute beste modu batean jolasteko eta erlaxatzeko.

Birjolastu gunea, gaur, Taconera parkean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Birjolastu gunea, gaur, Taconera parkean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñea
2025eko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Haurrek Renatarekin topo egin dute Taconerara iritsi berritan. Birjolastu guneko pertsonaia bat da Renata, eta haurrak birziklatzearen munduan murgiltzen ditu sormenaren eta jolasaren bitartez. Hamaika gune daude, askotarikoak. Bertan, irudimena erabilita, objektu birziklatuak jolaserako baliatzen dira, eta beste bizialdi bat ematen zaie hala. Renatak erronka jo die haurrei: Brif, Braf, Bruf jolasa. Gune bakoitzean dauden postontzietako informazioa lortu behar dute, jolastuz eskuratu daitezkeen kodeekin. Haurrak, geldiezin eta ilusioa aurpegian. Zain dira, Renatak jolasari hasiera noiz emango: «Bat, bi eta… hiru!».

Birjolasturen helburua da haurrek objektuak berrerabiliz jolas egitea eta ikastea, hau da, sormena erabiliz esanahia eta erabilera aldatzea objektuei, eta jasangarritasunari lotutako kontzeptuak aisialdiaren esparrura eramatea.

Elenek 8 urte ditu, eta aitarekin batera postontzi bat ireki berri du, Klarion-du gunean. Arbel bihurtutako auto bat dago, zeinean goitik behera marraztu daitekeen, klarionekin. Urtero etortzen dira birjolastera, baina aurten ez dituzte aurreko urteetan bezainbeste gune bisitatu: «Gaur nahiko berandu etorri gara, eta atzo hankapaloetan eman genuen egun osoa». Zirko-mirko gunean pospolo erraldoiak diruditen hankapaloak eta gorriz margotutako poteekin egindako trikimakoak daude, besteak beste.

Renataren furgoneta, informazio gunea izateaz gain, galdutako haurrentzako eta objektuentzako tokia ere bada. Gurasoekin elkartu aurretiko denboran, haurrek aukera dute Mintxo dragoi erraldoia apaintzeko, diskoak eta xanpu pote hutsak erabiliz. Ama kezkatu bat hurbildu da Renatarengana: «Barkatu, ez zenuten maskuri txiki bat aurkituko, ezta?». Ahotsean antzematen zaio maskuri horrek garrantzia duela haurrarentzat. Renatak karabanan begiratu du, eta... hara! Amaren atzean ezkutatuta dagoen haur ilehoriaren aurpegia piztu da etxean egindako maskuria ateratzen ikusi duenean.

Renataren benetako izena Olatz Pagaldai da, eta Pai antzerki taldeko aktorea da: «Parkera haurrak etortzen dira gehienbat, baina gazteak eta helduak ere bai». Haur asko urtero etortzen dira, eta badituzte gune kutunak. «Sanferminetako ekintza gogokoena du hau», dio Janeken amak. 10 urteko mutikoak orduak ematen ditu Ontziralekuan bere lagun Brunorekin (13 urte). Gune horretan txalupa txikiak egiten dituzte, kortxozko taulak eta bestelako materialak erabilita. Gero, parkeko iturri borobilean jartzen dituzte nabigatzen, haurrek makilekin arrantzatu ditzaten.

«Harrigarria da, baina gazte asko etortzen dira, eta ez gaupasan: soilik jolastera eta dibertitzera. Monitore diren batzuk kanpaldietarako ideiak hartzera ere etortzen dira», azaldu Pagaldaik. Helduei ere gustatzen zaie bertaratzea, seme-alabekin edo ilobekin, eta bakarrik ere joaten dira batzuk. Birjolastu gunea uztailaren 14ra arte egongo da zabalik, goizez eta arratsaldez.

Zentzumenen Aterpea

Sanferminetako iskanbilatik ihes egiteko modua ematen duten tokietako beste bat da Zentzumenen Aterpea, Kondestablearen jauregian. Bost zentzumenetan zentratutako jarduerak daude han, eta helburutzat dauka gune lasai bat eskaintzea, festaren erdian. Irati Gil da arduradunetako bat: «Helburua ez da jende asko etortzea, baizik eta honelako toki baten beharra duen jendea etortzea». Haur txikiak eta ezgaitasunen bat duten helduak biltzen ditu, gehienbat. Florencia Baliña bertako langileak azaldu du gunea nola antolatuta dagoen: «Goiko solairuan, ukimena, usaimena eta dastamena daude: lotura estuagoa dago eskulanekin eta jolasekin; beraz, gehienbat haurrak egoten dira hemen. Beheko solairua, berriz, ikusmenari eta entzumenari dagokie. Ilunagoak eta lasaiagoak dira, erlaxaziorako prestatuak. Helduek nahiago dituzte horiek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.