Jolastea beti dago modan

Gazteei aurreko belaunaldiak nola jolasten ziren erakusteko asmoarekin, erakusketa bat ireki du Vital kutxak Gasteizen; bestelako tailerrak eta ekintzak ere antolatu dituzte.

Heraclio Fournier lantegian egindako kartak dira erakusketako izar nagusietako bat. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2013ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Aro digital betean, joko klasikoen aldarrikapena egiten duen erakusketa antolatu du Vital Kutxa fundazioak Gasteizko Posta kalean duen aretoan. Teknologia berriek gazteak liluratzen dituzten garaiotan, joko tradizionalak ere modan jarraitzen duela erakutsi nahi du fundazioak, Berriz ere nire txanda izeneko egitasmoarekin. Jokoak ikusgai egoteaz gainera, horien historian sakontzen duten ikus-entzunezkoak ere badaude, besteak beste; tailerrak ere eskainiko dira. Nostalgia ariketa izateaz gainera, egungo haurrei haien gurasoak eta aiton-amonak nola eta zerekin jolasten ziren erakutsi nahi diete. Otsailaren 10era arte egongo da zabalik erakusketa.

Miranda alabarekin hurbildu da erakusketara Arturo. «Nire haurtzaroko jolasak nolakoak ziren erakusteko etorri gara», esan du aitak; alabak, erakusketa gustukoa izan duen arren, nahiago ditu bideo jokoak. «Niri ere gustatzen zaizkit; oso lagungarriak iruditzen zaizkit, gainera; garai bakoitzean dagoenera egokitu behar dute umeek», dio Arturok, zein jolas den hobea eztabaida amaitzeko asmoarekin. Erakusketa lau ataletan dago banaturik; bisitariak garai ezberdinetako mahai jokoak ezagutzeko aukera izango du, eta motaren arabera sailkaturik daude: ausazkoak, gaitasunezkoak, estrategiazkoak eta ezagutzazkoak. Txikienak erakusmahaietan gustura sumatzen diren arren, oro har nahiago dituzte joko eta jolas garaikideak.

'Gasteizen egina' etiketa

Belaunaldi askoren haurtzaroaren sinbolo bilakatu dira jostailu horiek. Beharbada, askorentzako ezezaguna izango da horietako batzuk Arabako hiriburuan bertan eginak direla; hori dela eta, erakusketako atal berezi bat eskaini zaie Gasteizko Heraclio Fournier, Inovac Rima eta Eduardo Sanchiz Bueno enpresek eginiko jokoei. Hain zuzen ere, gaztaroko abenturez mintzo da karta sorta hartu eta mus jokoan hastear den agure kuadrilla. «Gogoratzen...» batekin hasten dira elkarrizketak mahai askotan.

Fournier kartak erakusketako izar nagusietako bat dira; haien jatorria azaltzen duten ikus-entzunezkoez gainera, musean eta tutean jokatzeko tailerrak ere eskainiko dira; mus txapelketa urtarrilaren 5era arte jokatuko da. Bi horiek ez dira tailer bakarrak, ordea: asteburuetan, magia tailerrak eta erakustaldiak egongo dira, 19:00etatik aurrera; trikimailurik onenak ikasteko aukera izango dute, beraz, 7-14 urte bitarteko gazteek 30-40 minutuko ikastaroetan.

Xake jokoa beste protagonistetako bat da; xakean hasteko ikastaroak eta erakustaldiak egongo dira, besteak beste. Gaur, adibidez, itsuen arteko xake partida bat egongo da ikusgai; urtarrilaren 4an, berriz, erakustaldia eskainiko dute maila handiko jokalariek. Ekintza horiek ez ezik, Xakeak pentsatzen erakasten du... eta oso dibertigarria da hitzaldia eman zuten.

Hurbiltzen direnentzako denbora-pasa atsegina izateaz gainera, aitorpen bat ere bada Vital kutxak antolaturiko erakusketa; hain zuzen ere, Geyper, Meccano eta gisako jokoek hainbat belaunaldi markatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.