«Julen, gaur goizean taberna batera joan gara iced latte bana eskatzera, eta komeriak izan ditugu. Nola esaten da euskaraz?», galdetu dio Rylee Peters estatubatuarrak, ingelesez, Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide barnetegiko irakasle Julen Goiari; ikaskideek buruarekin baietz eginez berretsi dute Petersek esandakoa. «Ba, kafesnea izotzarekin esan behar duzue. With esateko, -rekin deklinatzen dugu». Ulertu dute ikasleek, eta Mika Espinal kanadarrari beste galdera bat otu zaio: «Ez genuke esan behar kafea esnearekin eta izotzarekin?». Zalantza argitu die irakasleak, eta ondo-ondo idatzi dute koadernoan. «Bihar kafesnea izotzarekin eskatuko dugu, beraz! Ez diegu utziko guri ingelesez egiten, e!», esan du, umoretsu baina irmo, Saioa Laverty-Iturriria estatubatuarrak. Baina galdera-erantzunak ez dira bukatu. «Eta kafea kakao hautsarekin nahi badugu?», galdetu dio beste batek. «Kakao hautsarekin?», harritu da irakaslea. «Bai, mocca!». Maisua barrez hasi da: «Lazkaon ez duzue halakorik topatuko!».
Giro ederrean dabiltza euskal diasporako gazteak Goierri aldean. Gaztemunduri Ateak Ireki programaren bidez, AEBetako, Kanadako, Argentinako, Uruguaiko eta Australiako 50 gazte, euskaltzaleak eta euskal jatorrikoak, Goierrin (Gipuzkoa) eta Bustuarialdean (Bizkaia) dabiltza, hango zenbait familiaren etxean, arbasoen lurra, kultura eta hizkuntza ezagutzen. «Atzerrian badago euskal kulturarekin eta euskararekin bizi nahi duen jendea: horretarako esparruak sortzen laguntzen dugu, hemengo gazteekin sareak sortzen. Proiektu honek modua ematen du diasporaren eta Euskal Herriaren arteko zubiak eraikitzeko», nabarmendu du Ander Elordui antolatzaileak.
«Proiektu honek modua ematen du diasporaren eta Euskal Herriaren arteko zubiak eraikitzeko»
ANDER ELORDUIProgramaren antolatzailea
Euskal diasporako gazte horiek joan den asteburuan etorri ziren Euskal Herrira, eta uztailaren 19ra arte egongo dira hemen. Ordura arte, agenda bete-betea izango dute: Bilbora, Donostiara eta Iruñera joango dira, euskal dantzak ikasiko dituzte, gastronomia ezagutuko dute... Eta euskara ere ikasten hasiak dira. «Ez datoz bakarrik euskara ikastera», argitu du Elorduik. «Baina ezin dugu kultura ulertu euskararik gabe. Horregatik, euskara eskola asko ditugu: lehen komunikazioa egiteko adina». Kafesnea izotzarekin eskatzeko lain, alegia.
Datorren astean Ordiziako (Gipuzkoa) azokara joatekoak dira, eta, ordurako, ondo barneratu behar dute janariarekin loturiko hiztegia. Horretan sakondu du Maizpideko irakasleak euskara klasean: marrubiak, laranjak, sagarrak... «Sagardotegia!», esan du ikasle batek; badakite zer esan nahi duen horrek. Izan ere, Euskal Herrian ostatu eman dieten gazteekin jada egina dute plana sagardotegi batera joateko, eta Lesakako sanferminetara ere bai (Nafarroa); horiexek ere badira-eta euskal kultura.
Amonaren poza
Eta Boiseko (AEB) Rylee Petersek gogo handia du Euskal Herriari ahal bezainbeste zuku ateratzeko, lehen aldia baitu hemen. «Amonaren gurasoak Eakoak ziren, eta Boisera migratu zuten. Amona han jaio zen, eta ez du inoiz hona etortzeko aukerarik izan. Negarrez hasi zen jakin zuenean etorriko nintzela!». Hark transmititu dio euskal kultura, eta Boiseko euskal giroa ondo ezagutzen du: «Euskal dantzak egiten ditugu, jaialdietara joaten gara, baina ez da hemengo gauza bera!».
Mika Espinal, berriz, Torontokoa da (Kanada), eta Ultzamakoa zuen aitona (Nafarroa). Hura hil eta gero, euskal identitateari eusteko gogoa handitu zitzaien etxean, eta Espinalen aita Maizpiden bertan izana da euskara ikasten. «Maitemindu egin zen Lazkaoko komunitatearekin. Ipar Amerikan falta ditugu Euskal Herrikoak bezalako komunitate indartsuak!».

Euskara klasea bukatzean, bat egin dute ostatu eman dieten Goierriko gazteekin. Haietako bat Elene Gutierrez lazkaotarra da: «Hirugarren urtez parte hartzen ari gara. Urtero ezberdina da, eta oso gustura gaude. Oso ondo pasatzen ari gara haiei gure kultura erakusten. Gure etxeko estatubatuarrari izugarri gustatzen zaio mendia; lehen egunean bertan Murumendira igo ginen!».
Hara igotzean bezainbeste izerditzen ari dira gazteak, herri kirolak egiten hasi baitira Euskadi enparantzan. Harria hirutan-edo jaso eta lokotxak aise bildu ostean, atseden hartzen ari da Saioa Laverty-Iturriria; Kaliforniakoa (AEB) da, eta amaren gurasoak, Lekarozkoak (Nafarroa). Gogotsu ari da euskara ikasten: «Amaren lehen hizkuntza euskara da, baina ez zidan erakutsi... Nire ahizpa zaharrenari bai, baina, hura eskolan hasi zenean, irakasleak amari esan zion ingelesez egin behar ziola, ez baitzekien. Niri ez zidan erakutsi, eta ez nago ados! Ingelesa ikasiko nuen kalean... Zuek erdara bezala!».