Maratila

Kalabaza

Xabier Etxaniz Rojo.
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ETAren agiriak kalean harrapatu ninduen, hogeita hamar kilo inguruko kalabaza bat sorbaldan neramala. Sekulako kalabaza, aizue! Metro bat luze eta metro erdi zabal, behetik jota! Eta nik, horrelako gauzei garrantzi handia ematen baitiet, nire buruari galdetu nion ea patuaren keinu hark zerbait esan nahi ote zuen. Zergatik une hartantxe? Ba ote zegoen parekatzerik agiria eta kalabaza? Agiria nire kalabaza bezain luzea izango ote zen? Ala kalabaza bezain pisutsua? Izango ote zuen zerikusirik eskolan jasotzen nituen haiekin? Galdera gehiegi eta erantzunik ez.

Etxerantz jarraitu nuen.

Etxean jende andana topatu nuen. Zain zeudela esan zidaten, denbora luzea zeramatela han, eta auzoan kalabazaz besterik ez zela hitz egiten. Kalabaza sukaldeko mahaiaren gainean utzi nuen eta lasaitu ederra hartu nuen, zinez baitzen pisutsua.

Hortik aurrera, baina, komeriak. Alabak kexu azaldu ziren, amaiezina izango zelakoan. Emazteak, berriz, izozkailuan ez zela sartuko eta galduko zitzaigula. Nire lagun Felixek, zeinak kalabaza guztien ama espero baitzuen, ez zela hainbesterako. Eta goiko bizilagunak, bitan pentsatu gabe, ez-nahikotzat jo zuen.

Eta eztabaidatzen zuten bitartean, arestian aipatu galderek nire buruan bueltaka zirauten. Ez nuen inolako loturarik ikusten. Eta, hala ere, pozik nengoen. Hain pozik non botila bat cava zabaldu bainuen.

Zergatik? Ez dakit. Ziurrenik kalabazaren zama gainetik kendu izanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.