Antzezlanak oholtza behar duela jakintzat ematen da. Uda honetan, ordea, kalea bihurtuko da agertoki Bastidan (Araba), eta kalean dabilen jendea ikusle izan daiteke bat-batean. Bastidako kale antzerkiaren jaialdiko egitarauak hormak apurtu ditu aurten, eta eskaintza zabala aurkeztu, kalea kulturgune bihurturik. Gaur hasi, eta irailaren 5ean emango zaio amaiera egitasmoari. Antzezlan guztiak asteko egun eta ordu berean izango dira: larunbatean, 20:30ean, Bastidako plazan. Euria eginez gero, baliteke tokia aldatzea.
Bastidako Udalak, Bastidako turismo bulegoak eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dute aurtengo jaialdia, Bastida Kultura eta Eidabe eragileekin batera: antzerkia, zirkua, dantza, musika eta performancea biltzen dira egitarauan. Egitarau horren bidez, arte eszenikoak herritar guztien esku egotea lortu nahi dute. Beste urte batez, sarbide oztopoei aurre egin eta toki publikoa elkarbizitzarako, sormenerako eta parte hartzerako gune bihurtzea da egitasmo horren helburua. Adin guztietako publikoari zuzendutakoa da programazioa.
Ritmos animalescos antzezlanarekin hasiko da gaur jaialdia: zuzeneko kontzertua, antzerkia eta jolasak nahastuko dituzte Fabrica de Paraules konpainiako kideek. Barre egiteko, dantzatzeko eta gozatzeko aukera emango dute, hamaika txotxongilorekin batera. Hurrengo larunbatean, uztailaren 11n, Paki Paya taldeak zirkua eta umorea elkartuko ditu Coraje antzezlanean. Uztailaren 18an, Bizkaiko Eidabe taldeak jaialdiko euskarazko lehen ikuskizuna ekarriko du; maiatzean estreinatu zuten Sardina freskue. Berriro Euskal Herrian. Gainera, parte hartzailea izango da, haur eta gazteei zuzendua. Hilaren 25ean, lau emakumek osatutako talde batek, Galiziako Rojo Telon zirku elkarteak, zirkua, dantza, umorea eta antzerkia uztartuko ditu Xelebreixon obran.
Abuztuan, hiru emanaldi izango dira. Hilaren lehenean, Gipuzkoako Kresala dantza taldeak Aztarnak ikuskizuna egingo du. Dantzariak Jone Murua, Josu Sagardia, Maddi Llorente, Harkaitz Ardanaz, Maria Perez, Markos Murua, Naia Lertxundi eta Manex Lizartza izango dira. Jarraian, abuztuaren 22an, Yarleku taldeak Denboraren lapurrak pieza antzeztuko du. Hurrengo larunbatean, abuztuko azkenean, Hortzimuga konpainiaren Alonso, ezinezko mandatuen mezularia kale ikuskizuna ekarriko dute plazara.
Irailaren 5ean, egitasmoak agur esango dio aurtengo aldiari, Jokai taldearen Mugarri uzta musikatuaren bidez. Pieza horretan, instrumentu tradizionalak, beste musika tresna batzuk eta ahotsak nahasten dituzte, txalaparta erdigune izanik.
«Kultur eta gizarte motor»
Antolatzaileek prentsa ohar batean adierazi dutenez, Euskal Herriko hainbat hiritan egiten diren kale artearen jaialdiek frogatu dute «eragin ekonomiko eta turistiko handia» dutela eta udako «kultur eta gizarte motor» bihurtzen direla. Tokiko ekonomiari «bultzada garrantzitsua» ematen dio jaialdi horrek; izan ere, ostalaritza eta merkataritza indartzeaz gain, bisitari gehiago etortzen dira, nabarmendu dutenez.
Prentsa oharrean diotenaren arabera, irisgarritasuna da proiektuaren ardatz nagusietako bat: «Publikoak ez du antzoki batera sartu beharrik hunkitzeko, harritzeko edo hausnartzeko. Ikuskizun bakoitzak toki bizi bihurtzen du hirigunea, udalerriaren balio soziala eta ondare kulturala indartuz». Udan, Arabako Errioxako «kultur proposamen erakargarrienetako bat» izaten da urtero. Hain zuzen ere, herritarrak kultur jardueretan parte hartzera bultzatzen ditu: «Udalerriak arte eszenikoetarako sarbide unibertsalarekin duen konpromisoa sendotzen du».