Antzerkiak areto itxietako oholtzetan taularatu ohi dira, baina edozein espazio izan daiteke egokia arte horretaz gozatzeko. Egokiak izan daitezke Bilboko Casilda Iturrizar parkea, Plaza Barria, Arriaga plaza, Areatza... Izan daitezke, eta badira. Herenegundik larunbatera arte antzerkiz beteta daude eta egongo dira Bilboko kaleak: 26.ez ari dira Bilboko Kalealdia egiten. Antzerkia ez ezik, musika eta dantza ere plazaratzen ari dira, eta baita herritarrek parte hartzea bultzatzeko jarduerak ere.
Euskal Herriko eta munduko beste leku askotako antzerki konpainia ugari Bilbon daude, beraz. Euskal Herriko antzerki eta dantza konpainien artean, aurtengo Kalealdian Mama Crea —Desiderata ikuskizunarekin jaialdia inauguratu zuen herenegun—, Komorebi Produkzioak, Nimu, Markeliñe, La Pez, ATX Teatroa, Arriera, Manttalingo Alaba, Harrobi Dantza Bertikala, Hika Teatroa, Kukai Dantza, Zanguango Teatro, Trotamundos, Barsanti eta Quabalum konpainiak ari dira nabarmentzen.
Frantziak ere izango ditu ordezkariak; Soul Project, Super Super, Claire Ducreux, Pikz Palace eta Facile D’exces konpainiak, esaterako, Bilboko kaleak hartzen ari dira. Herrialde Katalanetako Llum de Fideu, Belgikako Compagnie Des eta Portugalgo Concorda ere nazioarteko ordezkaritzaren parte dira.
Haien guztien arte emanaldiez gozatzeko ez da ordaindu beharrik izango, salbuespen honekin: Kataluniako Escarlata konpainiaren Devoris causa ikusteko, hiru euro ordaindu beharko da www.bilbokalealdia.eus webgunearen bidez. Atari horretan xehe-xehe azaltzen da egitarau zabala —59 emanaldi izango dira guztira—. Gaur, esaterako, Super Super konpainiak Plouf et replouf emanaldia eskainiko du, 17:30ean eta 20:00etan, Casilda Iturrizar parkean.
Hain zuzen ere, Kalealdiaren oholtza esanguratsuenetako bat da Bilbo erdialdeko parke hori. Toño Valdivielso artistak jaialdirako beren-beregi dekoratu du parkea, eta larunbatera arte instalazio bat egongo da ikusgai urmaelaren inguruan; egunero, 17:00etan. Plaza Barria, Arriaga plaza eta Areatza dira jaialdiaren beste espazio batzuk.
Leku haietan taularatuko dituzten obretako batzuk estreinatu egingo dituzte jaialdian; adibidez, Super Super konpainiaren Plouf et replouf lana, Claire Ducreux artistaren Fleurir les abimes ikuskizuna —gaur 18:30ean eta 20:30ean egingo dute, Casilda Iturrizarren— eta Pikz Palacen Boucherie Bacul; bihar eta etzi emango dute, parke berean.
Antzerkia baino gehiago
Kalealdia antzerki jaialdi bat da, baina denetariko diziplinak ikusgai egiten ditu. Maria Arrieraren Libre txotxongilo ikuskizuna da horren adibide bat; etzi izango dira bi emanaldiak, Casilda Iturrizar parkean, 17:30ean eta 21:00etan. Egun eta leku berean, 19:30ean, Manttalingo alaba errezital musikatua egingo dute Mikel Etxaburuk, Nerea Zuloagak, Irina Alvarezek eta Jon Gardokik.
Aurtengo berritasun nagusia zera izango da, herritarren parte hartzea bultzatzeko jarduerak egingo dituztela. Izan ere, kaleko artisten arteko topaketa sustatzea da Kalealdiaren xedeetako bat, eta, hori bideratzeko asmoz, jarduera parte hartzaile batzuk egingo dituzte, Open Kalek (Kale Jaialdien Sareak) eta Artekalek (Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkarteak) antolatuta. Solasaldi bana egingo dute Manttalingo alaba errezitalaren ostean eta Harrobia Dantza Bertikalaren ikuskizunaren ondoren —etzi, 22:30ean, EHUren Bizkaia aretoan—.
Hori ez ezik, Llum de Fideu taldearen Sfumato ikuskizuneko figurante izateko aukera izan zuten hogei herritarrek herenegun eta atzo, konpainiak berak zuzendutako tailer baten ostean.
Denek parte hartu ahal izateko, mugikortasun murriztua dutenentzat prest daude lekuak.