Iñaki Irusta. EAEko Gurutze Gorriko presidentea

«Kalea izan nuen unibertsitate, eta ezagututako jende miragarria irakasle»

Hamasei urte zituela hasi zen lanean Irusta; orduz geroztik egiteko ugari izan ditu: besteak beste, Cegasa enpresan aritu zen 38 urtez; hamazortzi eman zituen Bilboko Erakusketa Azokako zuzendari, eta EAEko Gurutze Gorrian ari da orain.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Autonomia Erkidegoko Gurutze Gorriko presidente aukeratu dute aurten, bosgarrenez, Iñaki Irusta (Bilbo, 1931). Hamasei urte daramatza erakundearen zuzendaritzan, eta pozik dihardu zeregin horretan. 84 urte ditu, eta, azaldu duenez, 88rekin hartuko du erretiroa, «familiarekin denbora gehiago pasatzeko». Hamasei urte zituela hasi zen beharrean Bilboko Artabe egur biltegiko bulegoetan, eta, orduz geroztik, zeregin ugaritan aritu da. Besteak beste, 38 urte eman zituen Cegasa pila ekoizpen etxean, eta hamazortzi urtez izan zen Bilboko Erakustazokako zuzendaria.

Zer balorazio egiten duzu Gurutze Gorriaren zuzendaritzan egindako urteez?

Oso balorazio ona egiten dut. Urte hauetan guztietan gizartearen beharrei eta eskaerei erantzuten jardun dugu. Gizartea eraldatuz joan den neurri berean, erakundea ere eraldatu da, eta beste zeregin batzuk hartu ditu bere kontu. Esaterako, geure garai bateko ospitaleak, orain, ospitale soziosanitarioak dira; Euskadi mailan lehenak izan ginen horrelako ospitaleak ezartzen, eta, gerora, besteentzako adibide izan gara. Besteak beste, tragediarik gertatzen denean hor gaude; horretarako prestatutako langileak dauzkagu. Bestetik, gizarte bazterketa pairatzen dutenak eta hori pairatzeko arriskua dutenak ere artatzen ditugu.

Krisiak eraginik izan al du ematen duzuen artan eta laguntza bila datorren jende motan?

Bai, krisia gure gain hartu behar izan dugu, eta elikagaiak banatu, langabeei lana bilatu, eta familiei bestelako modu batzuetan lagundu. Krisia dela eta, inoiz imajinatuko ez genukeen jendeak etorri behar izan du gurera laguntza bila. Ematen zaizkien gauzen paketeak eta guzti aldatu behar izan ditugu. Beste garai batean, egoera onean zeuden haietako asko, eta ez zuten laguntzaren beharrik. Egun, ordea, pertsona heldu askok bueltatu behar izan dute gurasoen etxera, eta familia asko haien nagusien pentsioekin bizi dira. Horrelako sendi ugariri laguntza eman behar izaten diegu, eta ez elikadurari dagokionez bakarrik. Ekonomikoki lagundu behar izan ditugu batzuk, uraren, argiaren eta bestelako erreziboak ordaindu ahal izan ditzaten. Nik gogoratzen dudala, horrelako egoerarik ez da aurretik izan hemen; ez dut honelako krisirik gogoratzen. 1980ko hamarkadakoa latza izan zen; ez nuen Gurutze Gorriarekin dudan harreman bera garai hartan, baina ez dut uste oraingoa bezalakoa izan zenik.

Zertan dira desberdinak egungo krisia eta beste garai batzuetan ikusi dituzunak?

Garai batean, krisiak enpresek pairatzen zituzten, batez ere; herritarrek ez zituzten hain modu gordinean pairatzen.

Zer dela-eta gertatzen da hori, zeure ustez?

Ezin dizut zehatz erantzun horri; ekonomistek ezin badute, are eta gutxiago nik, nire unibertsitatea kalea izan da eta. Baina esan diezazuket horrelako egoera batean sortzen direla bestelako arazo batzuk, izan politikoak, izan ekonomikoak… Hainbeste dira horrelako egoera baten eragileak... Gizarteak eman duen erantzunaz hitz egin diezazuket, ordea: Gurutze Gorrira etorri den jendea gero eta gehiago da. Beharrizanak hain handiak diren momentu honetan, herritarrek laguntza handia eman digute, bai bazkide egin direlako, bai boluntario egin direlako. Zenbait enpresak ere, nahiz eta ez egon oso egoera ekonomiko onean, diru laguntzak eman dizkigute, eta gurera gerturatu dira.

Eta zeu nola heldu zinen Gurutze Gorrira?

Egia esan behar badizut, ez dakit. Juan Manuel Suarez del Torok deitu zidan, garai hartan Espainiako Gurutze Gorriko presidentea zenak, eta Madrilen batzartzeko eskatu zidan. Han proposatu zidan EAEko Gurutze Gorriko presidentetza hartzea. Orduan, Bilboko Erakustazokako presidentea nintzen; hamazortzi urte eman nituen erakustazokako presidente. Esan nion pentsatu behar nuela eta kontsultatu behar nuela. Diru arazoa zen galdetu zidan, eta esan nion ezetz, beste konpromiso batzuk nituela eta azokakoekin hitz egin behar nuela.

Postu biei heldu zenien?

Bai, eta Bilboko Merkataritza Ganberan nuenari ere bai. Baina Gurutze Gorriko presidentetza hartu nuenean, ez nintzen hona hainbeste etortzen, ez zegoen-eta horren beharrik. Erakustazoka utzi nuenetik —Barakaldoko eraikinaren obrak amaitu zirenean eta Bizkaiko ahaldun nagusiak presidentetza hartu zuenean—, dedikazio osoz aritu naiz Gurutze Gorrian, edo ia osoz. Bilboko Merkataritza Ganberarekin uztartzen dut; 40 urte inguru daramatzat han. Azken urteetan ez naiz langile gisa ari berton, ordea, bokal gisa baizik. Uste dut han urterik gehien daramana neu naizela.

Omenaldia egin dizute aurten Ganberan. Nola hartu duzu?

Ganberak egiten duen errekonozimendurik handiena egin didate, hiru alditan baino egin ez dena, eta horrek asko pozten nau.

Sevillako Expo92ko Euskadi pabiloiaren zuzendaria ere izan zinen. Zein garrantzi dute erakusketa unibertsalek?

Erakusketa unibertsal bat antolatzerakoan, lekuaren egoera ekonomikoari erreparatu behar zaio, eta baita munduko ekonomiari ere. Dena den, erakusketek horietarako sortutako azpiegiturak uzten dituzte luzera, eta hori interesgarria izan daiteke hiri batentzat. Herrialdearentzat erakusketaren beraren aktibitatea interesgarria ere bada, eta azokara bildutakoek berton parte hartzen duten herrialdeen inguruan ikasiko dutena. Baina ezin ditugu horiek produktu azoka izatera bideratu. Egun, krisia hain handia denez, erakusketek ez dute arrakasta handirik izaten. Dena den, garrantzitsuak dira oraindik ere, nire ustez.

Bilboko erakusketa azokara bueltatuz, BEC Bilbao Exhibition Centerra eraikitzea erabaki zenutenean, espero al zen azokako gune gehienek hutsik egongo zirela urteko garai gehienetan?

Bai, espero zen hala izango zela, eta azokaren zuzendariek bestelako aktibitate osagarri batzuk bilatu beharko zituztela. Zergatik zen beharrezkoa, ordea? Makina erremintaren bienala izaten genuen, eta horrek egungo BEC osoa hartzen du. Lehen ez genuen ahalmen hori, eta azokaren bezero askok ezin zituzten aurkeztu beren produktuak. Horren ondorioz, Madrilgo eta Bartzelonako erakustazokak adi genituen, erakusketa eurenera eramateko. Garrantziari dagokionez, munduko zazpigarren azoka zen garai hartan gure azoka hori. Burdingintzari zegokion beste bat genuen, eta arlo horretan munduko bigarrena zen. Imajina dezakezu zer azoka garrantzitsuak izaten genituen. Bagenituen beste batzuk erakustazoka osorik okupatzen ez zutenak, baina beste jarduera batzuekin konpentsatzen zen hori. Gaur egun, krisiarekin, zailagoa da. Garaiak ere aldatu dira; enpresarien beharra desberdinak dira, eta produktuak ezagutzeko beste era batzuk ere badaude. Transformazio handia egon da, eta munduko azoka guztiek dituzte arazoak gaur egun.

Azokaren zuzendaritza hartu aurretik, ibilbide oparoa egin zenuen enpresen munduan.

Aita oso gazte galdu genuen, eta, hura hiltzean, Artaben eman zidaten lanpostu bat. Aita luzez aritua zen han. Egur almazen garrantzitsua zen Artabe, eta aita konfiantzazkoa zuten berton. Gizon egin aurretik eraman ninduten hara; horregatik esaten dut nire unibertsitatea kalea izan dela. Ez nintzen sekula joan unibertsitatera, eta ez naiz lotsatzen horregatik. Kalea izan nuen unibertsitate, eta bidean ezagututako jende miragarria irakasle.

Zertan aritzen zinen Artaben?

Hango bulegoan hasi nintzen lanean, 16 urte nituela. Kalera irteten nintzen batez ere, egurraren salerosketaren negozioa ezagutzeko. Arotzak, eraikitzaileak, arkitektoak-eta bisitatzen nituen. Egurra oso garrantzitsua zen eraikuntzaren sektorean garai hartan. Salerosketan aritzen nintzen. Urte askotan egin nuen lan berton. Gerora beste enpresa batzuetan ere aritu nintzen; esaterako, Comevasa garabi enpresan; Superser etxe tresnen enpresan ere ibili nintzen, eta Cegasa pila ekoizlean: Zelaia eta Galdos zen hori garai hartan. Berton 38 urtez egin nuen lan.

Hartzekodunen konkurtsora deitu zuen iaz Cegasak.

Ez dut ulertzen hori nola gertatu den. Juan Zelaia ezagutzen dut, eta enpresa hori oso ondo ezagutzen dut. Ez dut ulertzen. Lanpostu sortzaile gisa, asko miretsi dut Juan Zelaia beti; beti baloratu ditu gehiago jendearen lanpostuak, beste gauza batzuk baino.

Euskal Herriko industria gehiena desagertuz joan da. Ez al da errentagarria?

Eraldaketa prozesu bat egon da. Garai bateko industriako enpresak oso ondo ezagutu nituen, izan Labe Garaiak, Babcock Wilcox eta beste asko. Nire bezeroak izan ziren horietako asko, eta Merkataritza Ganberan partaide ere baziren. Enpresa bat gaizki dabilela ikusten dudanean, edo itxi egin behar dela ikusten dudanean, asko sufritzen dut. Jendea ezagutzen dut, eta badakit euskal enpresariek sakrifizio handiak egin dituztela beren enpresak eraikitzeko eta lanpostuak sortzeko, horiek handituz joan zitezen. Jende horrek bere enpresak galtzea tamalgarria da.

Enpresa batzuek ateak itxi egin dituzte, baina beste batzuek enpresa beste norabait eraman eta produkzioa kanpora eraman dute. Ez al da errentagarria Euskal Herrian ekoiztea? Zer irizten diozu horri?

Globalizazioak eragin handia izan du horretan. Kanpoan ekoiztea merkeagoa da, eta batzuek beste herrialdeetara eramaten dute ekoizpena, abantaila ekonomikoak dituztelako. Baina hemen ekoiztea errentagarria ere bada; beti izan da, baina arazo ekonomiko gehiago daude.Ez dut beste herrialderen izenik aipatuko, politikaz ari naizela esango didatelako; baina ez da gauza bera lan egitea zergarik ordaintzen ez den edo oso zerga gutxi ordaintzen diren herrialde batean, langileak egoera ankerrean dituena, atseden ordurik ez dutenak... Horiek guztiek, ekoizte prezioa txikitzeaz gain, erabat debaluatzen dute produktuaren kalitatea.

Zer iruditzen zaizu azken hamarkadetan Bilbok izan duen eraldaketa?

Oso garrantzitsua iruditzen zait. Garai batean Ardanza lehendakariak horren inguruan hitz egiten zidanean, ez nuen erabat argi ikusten. Hura izan zen horren inguruan hitz egin zidan lehena: Bilbo zerbitzuetara bideratutako hiri bat izan behar zuela uste zuen Ardanzak. Egia esan, Labe Garaiak eta Ezkerraldeko industria guztiak galdu behar zirela pentsatzeak penatu egiten ninduen. Baina, begira, gaur zerbitzu hiri garrantzitsua gara, eta atseginez ikusten dut Bilbok izan duen eraldaketa.

Ez al duzu Bilbo gris haren nostalgiarik?

Enpresengatik baino, pertsonengatik. Enpresak makinak bezala baloratu izan ditut beti, baina pertsonak bai, sumatzen ditudala faltan. Urte hauetan guztietan jende asko ezagutu dut; haietako batzuek bizirik diraute, eta txera handia diet. Adibidez, Emilio Ibarrarekin topatzen naizen bakoitzean, oso pozik hartzen nau, eta nik hura. Bidean topatu ditudanguztiek txera handiz tratatzen naute. Pentsa ezazu nola daitekeen hainbeste urte Merkataritza Ganberan eman izana enpresarik izan gabe. Hasierako urteetan Cegasaren ordezkari gisa nengoen berton; gerora, gure familiaren aktibitatea bideratu dit han egoteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.