Mundu osotik etorritako artistak aurki daitezke Bilboko kaleetan. Antzezlanak, musika emanaldiak edota malabarismo ikuskizunak eskaintzen dituzte han eta hemen, eta horrek, hiritar askoren esanetan, izugarrizko bizitasuna ematen dio hiriari. Kalean aritzen diren artista gehienek euren ikuskizunak modu profesionalean eskaintzen dituzte ondotik igarotzen diren ibiltarien gozamenerako. Hala ere, kaleko emanaldiak arautzeko zenbait ordenantza egin ditu udalak azken urteetan. Aurten aurkeztu duten araudiak zehazten du, esaterako, artistek gutxienez 10 abesti interpretatzen jakin beharko dutela.
Kalean euren musika eskaintzen duten taldeetako bat da Bluemor Blaze. Hura osatzen duen bikoteak, Esther Schoenmahers (Herbehereak) eta Steffan Rundquisz-ek (Suedia) ez daukate ordenantza horren aldaketaren berririk. Hala ere, aldaketek ez diete arazo handirik ekarriko, abesti propio ugari eta beste taldeen bertsioak interpretatzen baitituzte euren emanaldietan.
Iaz etorri ziren gurera, eta garai horretan jasotako arauen arabera jokatzen dute gaur egun ere. «Kale bakoitzean 45 minutuz aritu gaitezke», azaldu du Steffanek, udalak agintzen duen moduan. Denbora muga hori gaindituta, kalez aldatzen dira, eta horrela arratsaldeko hirurak arte. Ordenantzaren arabera, 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 22:00etara aritu daitezke musikariak. Hala ere, arratsaldeko seiak baino lehen kalera berriro bueltatzea ez duela merezi aitortu dute Bluemor Blaze taldeko kideek, ordu horretara arte ez dagoelako jende askorik.
Horrekin batera, arauen arabera, kaleko musikariek ezin dituzte 70 dezibelioak gainditu. Hori dela eta, Bluemor Blaze taldekoek azaldu dute inguruko jendeak hitz egiten duen bolumenari arreta jarri eta horren arabera aritzen direla «nahiz eta hori zaila izan».
Iruzurtiak saihesteko arauak
Manuel Ricardez gitarra jotzen duen musikari argentinarra da, eta dagoeneko bi urte daramatza Bilboko kaleetan bere sorkuntzak ibiltariei eskaintzen. Oso ondo ezagutzen ditu kalean aritzeko arauak, eta, haren ustetan, normala da ordenantzak arautzen duena: «Jende asko dago playback egiten duena, eta hori lapurreta bat iruditzen zait. Iruzurti horiek horren berri ematen duen kartel bat eramango balute, orduan bakoitzak jakingo luke playback-a ordaindu edo ez. Baina hori ez dute egiten», dio.
Denbora jakin batean tokiz aldatzearen alde ere agertu da Ricardez. Izan ere, haren esanetan, «ezberdina da kaletik igarotzen diren ibiltariek eta inguruko auzokideek pairatu ditzaketen eragozpenak».
Bilboko kaleko musikariak gustura ibiltzen dira tokiko inguruetan euren doinuak eskaintzen. Oro har, arraroa da horrelako ekintzak arautzea hiri batean, eta argentinarrak uste du eskertzekoa dela hori baimentzea eta arautzea.
Horretaz gain, Poliziarekin arazoak oso gutxitan izan dituztela aitortu dute Bluemor Blaze taldeko kideek eta Ricardezek berak; «arauak betetzen baldin badira, noski, ez dago arazorik», dio argentinarrak. «Ez dira arau asko, eta erraza da horiek guztiak betetzea», gaineratu du.
Bilboko Espazio Publikoaren Ordenantza berriak aurreko arau guztiak biltzen ditu. Haren arabera, musikariek ezin izango dute melodia berbera bi aldiz jarraian interpretatu.
Kaleko musika, araututa
Espazio publikoa erabiltzeko Bilboko Udalaren azken ordenantzaren arabera, jarduna mugatua dute kaleko musikariek: gutxienez 10 kanta jakin behar dituzte, eta 45 minututik behin lekualdatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu